Berriak Lehendakaritza
qrcode

Urkullu Lehendakariak eta Sánchez Presidenteak egiteko dauden transferentziak aztertu eta negoziatzeko lantalde bat eratzea erabaki dute

2018-06-25
  • Lehendakariak eta Sánchez presidenteak egindako bilerak bi gobernuen arteko “erakunde-harreman normalizatu” baterako ateak ireki ditu
  • Suspertze ekonomikoa eta kalitateko enplegua, autogobernua, bizikidetza eta Europaren etorkizuna izan dira Lehendakariak planteatutako gaiak

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sánchezek erakunde-bilera bat egin dute gaur eguerdian, Moncloako Jauregian. Bilera baliagarria izan da, lehendakariaren ustez, bi gobernuen arteko “erakunde-harreman normalizatu bat” ezartzeko eta “lan-dinamika egonkor eta konstruktibo bat” bermatzeko. Lehendakariak suspertze ekonomikoari, kalitateko enpleguaren sorkuntzari, bizikidetzari, Europaren etorkizunari eta autogobernuari lotutako gaiak planteatu ditu. Azken puntu horri dagokionez, egiteko dauden transferentzien azterketan eta negoziazioan aurrera egiteko alde biko lantalde iraunkor bat eratzea erabaki dute. Halaber, uztailean Transferentzien Batzorde Mistoa biltzeko deialdia egitea erabaki dute.

Bi erakunde-ordezkarien arteko bilera amaitu ondoren, Urkullu lehendakaria komunikabideen aurrean agertu da Moncloako Jauregian. Lehendakariak bileran aztertutako gaiak azaldu ditu, eta bilera “adiskidetsua eta positiboa” izan dela adierazi du. “Gai zehatz eta praktiko batzuetan aurrera egin dugu, eta harreman-lotura iraunkor bat ezartzeko konpromisoa hartu dugu”, gaineratu du.

EGOERA EKONOMIKOA ETA ENPLEGUA

Lehendakariak aurreratu duenez, bi gobernuek ekonomiari eta enpleguari lotutako hiru lan-eremu ezarri dituzte, eta “politika publikoak bermatzeko funtsezko oinarriak” direla adierazi du: (1) industria-lehiakortasunaren hobekuntza eta energia-estrategia jasangarri eta efiziente baten garapena; (2) enplegu-politika aktiboak bultzatzea, gazteen eta iraupen luzeko langabeen kasuan bereziki; eta (3) ikerketaren aldeko apustua, garapen ekonomikoaren egungo eredua eraldatzeko eragile gisa.

AUTOGOBERNUA

Lehendakariak iragarri duenez, alde biko lantalde iraunkor bat sortuko da joan den urteko irailean Eusko Legebiltzarrean egiteko dauden transferentziei buruz onartu zen txostenean jasotako 37 transferentzien azterketan eta negoziazioan aurrera egiteko. Halaber, datorren uztailean Transferentzien Batzorde Mistoa biltzeko deialdia egitea eta Konstituzio Auzitegiko errekurtsoak aztertzea erabaki da.

Aurreratuta dauden hiru arloren azterketa lehenetsiko da (A-68 autobidea eta A-1 autobidearen zati bat, Pasaiako Portua eta espetxeak); epe laburrean, trenbideen eskualdaketak landuko dira (Konstituzio Auzitegiaren epai bat betez), eta epe ertainean, berriz, Autogobernu Ponentziak egindako lanak aztertuko dira, eguneratzeko eta sakontzeko helburuarekin.

Lehendakariak egungo estatu-ereduari buruzko gogoeta egiteko premia helarazi du, Estatuko errealitate plurinazionala eta tratamendu propio eta berezia behar duten berezitasunak kontuan hartuta. Ildo horretan, “konbentzio konstituzional” baten bidea ikertzeko aukera proposatu du.

BIZIKIDETZA ETA GIZA ESKUBIDEAK

Bizikidetzaren eta giza eskubideen eremuan, Eusko Jaurlaritza memoriaren eta biktimen errekonozimendu eta erreparazioaren arloan garatzen ari den ekimenak aipatu ditu lehendakariak. Halaber, “ETA behin betiko desegin ondoren ireki den garai berri honetan espetxe-politikarako ikuspegi berri” bat behar dela adierazi du. Lehendakaria “salbuespen-neurriak gaindituko dituen politika berri baten” alde agertu da. Ildo horretan, Urkulluk Hitzeman eta Zuzenbidean dokumentuak eta espetxe-politikaren eta presoen hurbilketaren lege-berrorientazio baterako proposamena aurkeztu ditu.

EUROPAREN ETORKIZUNA

Lehendakariak “Europaren etorkizunari buruzko ikuspegia” dokumentua eman dio Sánchez presidenteari. Bi erakunde-ordezkariak bat etorri dira migratzaileen, errefuxiatuen eta asilo-eskatzaileen premiei erantzungo dien Europako politika komun baten premia agertzean. Bat etorri dira, halaber, ekonomia- eta diru-batasunaren bigarren zutabea izango den Europako zerga-politika komun bat lortzeko bidean aurrera egiteko aukera dagoela aipatzean. Azkenik, lehendakariak EBren balio fundazionalak berreskuratu behar direla eta bere aniztasunean batuta egongo den Europa politiko sendoago bat lortzeko bidean aurrera egin behar dela adierazi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)
Beste gonbidatu batzuk
  • Pedro Sanchez