Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Datozen lau urteetarako Birgaitze Plana martxan da

2011.eko otsailak 02

Etxebizitza Sailak onetsitako diru-laguntzen bolumen osoa 20,6 milioi eurora igo zen 2010ean, birgaitze-jarduerak sustatzeari zegokionez. Zenbateko hori aurreko laurtekoko bataz besteko kopurua (13,07 milioi euro) baino nabarmen handiagoa da

Etxebizitza Sailak eraikinak birgaitzeko eta hiria berritzeko plana egin du. Horri esker, hiriguneak berritu ahala, etxebizitzen eskaintza areagotuko da, parke eraikia eraberrituz. Eraikinak birgaitu eta hiria (auzoak eta hiriak) berritzeko politika honen helburua etengabe kontserbatu eta uneoro hobetzea da eta arreta berezia jartzen du gizartean.

Aurreko aldiko salbuespen bakarra 2009. urtea izan zen. Izan ere, urte horretan Birgaitzea Laguntzeko Aparteko Plana onetsi zen eta urteko aurrekontua 12 milioitik 22,44 milioi eurora igo zen.

Diru-laguntzak jaso zituzten birgaitze-inbertsioen aurrekontu babesgarria 380 milioikoa izan zen 2009an eta 277 milioi euro baino gehiagokoa 2010ean. Horrek bultzada ekonomiko handia eman die eraikuntzaren sektoreko enpresa txikiei eta autonomoei.

Birgatzeko aurrekontuaren igoera indartsu horri esker, onura zuzenak jaso dituzte 19.497 etxebizitzak 2010ean eta 20.534 etxebizitzak 2009an. Aitzitik, 2006-2008 aldian urteko bataz bestekoa 16.918koa izan zen eta 2002-2005eko planean 12.340koa.

Horrez gain, Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren 2010-2013 Plan Zuzentzailean zehaztu zenez, 18.200 etxebizitza birgaitzeko diru-laguntzak emango ziren 2010ean. Helburu hori % 107 bete da.

Era berean, 2010ean, +Euskadi 09 Laguntzen barruan, Hiriber programa onetsi zen. Udalei zuzendutako programa horren helburua auzo eta hiriguneen hobekuntza sustatzea da, hiria ez dadin hondatu eta, aldi berean, espazio publiko horien garapen ekonomikoa eta soziala bultza dadin. Programa horren esparruan, 44 udalerriko 45 proiekturi eman zitzaien diru-laguntza; guztira, 15 milioi euro.

Birgaitze-lanetarako emandako diru-laguntzen bataz besteko zenbatekoa 1.059 eurokoa izan da etxebizitzako. Birgaitze isolaturako lanek 982 euro inguru jaso dituzte bataz beste eta, birgaitze integratutako eragiketen esparruan, aldiz, 1.847 euro jaso ditu birgaitutako etxebizitza bakoitzak.

Birgaitutako etxebizitza guztietatik % 91 (17.736 etxebizitza) birgaitze isolatutako jarduerak izan dira eta % 9a (1.761 etxebizitza) birgaitze integratuko eragiketak.

2010eko diru-laguntzen % 94 (19,5 milioi) erkidegoko obrak egiteko izan da, bataz ere fatxadak, teilatuak eta igogailuak. Azken urteetan gorantz egin duen joera da.

Eraikinen egitura eta eraikuntza egokitzeko obra guztietatik, laguntzen gehiengoa (9,4 milioi, % 64) partikularrei eman zaie erkidegoko elementuak birgaitzeko eta % 32 (4,7 milioi) jabe-erkidegoentzako zuzeneko laguntzak izan dira. Hori horrela, banakako birgaitze-lanak era honetako obren % 4a baino ez dute osatu (0,6 milioi euro).

Balioespenen arabera, diru-laguntzako euro bakoitzeko 16,3 euro sortu dira ekoizpen-jarduerari dagokionez.

Baina jarduera ekonomiko orok zeharkako eragina ere badu, sektoreak beste ekoizpen-sektore batzuei egiten dizkien eskarien ondorioz. Horrez gain, diru-sarrerak handitu dituzten agente ekonomikoen gastua handitzeak ere eragin induzitua du. Cerdà institutuak egindako azterlan batek zuzeneko eraginaren eragin biderkatzailea ikertu du eta, azaldu duenez, zuzeneko eragineko euro batek 1,33 euro sortzen ditu zeharkako eraginean eta 0,78 euro eragin induzituan. Euskal Autonomia Erkidegoan sortutako eragina ekoizpen osoaren % 79 dela kalkulatu da.

Gauzak horrela, biderkatzaile horiek aplikatzen baditugu zuzeneko eraginean (277 milioi euro), eragin ekonomikoa guztira 880,7 milioi eurokoa izango dela balioetsi da (695,7 milioi Euskal Autonomia Erkidegoan sortuak).

Eraikinak Birgaitzeko eta Hiria Berritzeko 2010-2013 Plana

Etxebizitza Sailak eraikinak birgaitzeko eta hiria berritzeko plana egin du. Horri esker, hiriguneak berritu ahala, etxebizitzen eskaintza areagotuko da, parke eraikia eraberrituz.

Eraikinak birgaitu eta hiria (auzoak eta hiriak) berritzeko politika honen helburua etengabe kontserbatu eta uneoro hobetzea da eta arreta berezia jartzen du gizartean.

Etxebizitzen parke eraikiaren zati handi batek, bi heren inguruk, zaharkitze-maila eta modernizazio-behar handiak ditu honako alderdietan: irisgarritasuna, instalazio teknikoak, inguratzailearen eraginkortasun energetikoa, bizigarritasun-baldintzak edo/eta segurtasun-baldintzak. 326.000 etxebizitza baino gehiago barne hartzen dituzten 80.000 eraikin inguruk 50 urtetik gorako antzinatasuna dute.

Sailaren ustez beharrezkoa da hiria berritzeko politikari orientazio berria ematea. Horretarako, esku-hartze sistematiko koherentea eta jarraitua planteatu du eta hiria berritzeko ekintzetan benetako esperientziak garatu nahi ditu. Nahitaezkoa da tramitazio konplikatu eta luzea eragiten duten administrazio-prozedurak berrikustea; laguntza desberdinen arteko deskoordinazioa eta leihatilen sakabanatzea saihestea; lurraldearen estaldura ez-parekidea konpontzea; zerga-tresnen eragin urriari buruz eztabaidatu eta adostasunak lortzea; diru-laguntzen politika berrikustea, orokorregia delako, eta legezko esparrua berrikustea, kudeaketa-tresnak eskasak direlako edo falta direlako.

Bestalde, birgaitzeko politikak Birgaitze Sozietateak bezalako balioak eta 25 urteko esperientzia ditu; ingurumen-kontzientzia geroz eta handiagoa du edo birgaitzeko beharra aitortzen du, Sail honek planteatutako premiazko behar honekin bat datozen sektore inplikatu guztiek bezala.

  • Izan ere, egungo eraikuntzaren konfort- eta egokitasun-maila eraikuntza berriei eskatzen zaien betekizunetara iristen bada, eraikuntza berriko etxebizitzen eskaria jaisteaz gain, egungo parkerantz bideratuko da.
  • Ildo horretatik, irisgarritasuna eta inguratzaile termikoa hobetzeko neurrietan esku hartzeak, besteak beste, nahikoa murrizten ditu osasun eta gizarteko arreta-beharrak eta mendetasuna, eta, era berean, eraikin horietan bizi diren pertsona nagusiei autonomia handiagoa ematen die.
  • Halaber, egungo eraikuntzan (1980tik aurreragokoa) esku hartzea xede ukaezina da, CO2 isuriak %20 murrizteko, energiaren kontsumoa %20 jaisteko eta energia berriztagarrien erabilera %20 igotzeko 2020rako.
  • Baina, horretarako, diru-laguntzak eta bestelako laguntzak ez dira nahikoa, beharrezkoa da administrazioaren jarduera subsidiariorako aukera ematen duen legezko markoa izatea eta egoera ondo ezagutzea. Horregatik, hain zuzen ere, sartu dira esku hartzeko mekanismo berriak etxebizitzari buruzko legearen aurreproiektuan.
  • Hori horrela, eraikin, eraikin-multzo edo hirigunearen "birgaitze-beharra" aitortu da, jabeen eta jabe-erkidegoen kontserbazio-, hobekuntza-, eta birgaitze-beharra ezarri da, jabari publikoaren okupazioa baimendu da irisgarritasuna, eraginkortasun energetikoa, bizigarritasuna, funtzionaltasuna edo segurtasuna bermatze aldera, hirigintzako parametroen ondoriozko mugak aplikatu beharrik gabe, eraikinen Ikuskapen Teknikoa arautu da, ondare eraikiaren funtzio soziala ezarri da eta berau betetzeak administrazioaren esku-hartzea ahalduntzen du, eta abar.

Planaren aurreikuspenen arabera, honako emaitza hauek bete behar dira 2010 eta 2013 urteen arteko laurtekoan.

  • 2011. urtean, 17.400 etxebizitza birgaituko dira, eta, laurtekoan, guztira, 70.500 etxebizitza. Horietatik 2.400 etxebizitzak elementu komunen birgaitze integrala jasango dute, inguratzaile energetikoaren hobekuntzari nahiz irisgarritasun-baldintzei eraginez.
  • Berriztatzearen bidez, 8.730 etxebizitzatan murriztu nahi da etxebizitza berrien beharra.

Etxebizitza hutsa

Jaurlaritzaren asmoa neurri horien bidez herritarrek etxebizitza duina izatea eta beren bizi-baldintzak hobetzea da, baina, aldi berean, etxebizitza hutsa mobilizatu nahi du.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko Estatistika Organoak 2009ko Etxebizitza Hutsari buruz egindako Estatistikako azken datuen arabera, 2009an 74.289 etxebizitza huts zeuden Euskal Autonomia Erkidegoan.

Hau da, 29.511 etxebizitza dira bigarren egoitzakoak edo aldi baterakoak. Horrenbestez, Euskadin bizilagunik gabe dauden etxebizitzak 45.000tik behera dira guztira, hots, erroldatutako parkearen % 4,6.

Etxebizitza huts guztien % 17 eskaintzan dago, bai alokatzeko, bai saltzeko. Hori dela eta, kudeatu daitezkeen etxebizitzen kopurua, edo, bestela esanda, bizilagunik izan ez baina saltzen edo alokatzen ez diren etxebizitzen kopurua, 31.000 ingurukoa da.

Eremuen araberako erabilerei dagokienez, etxebizitza hutsen % 21 (hau da, 15.623 etxebizitza) 2.500 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan daude eta % 12, aldiz, 2.501 eta 10.000 biztanle arteko udalerrietan.

Ondorioz, udalerri handietan, eta, bereziki, hiru hiriburuetan dagoen etxebizitza hutsen kopuru baxua oso esanguratsua da. Izan ere, etxebizitza hutsen % 8,5 (13.730 etxebizitza) soilik daude hiriburuetan.  Vitoria-Gasteizen etxebizitza guztien % 4,63 (4.674) osatzen dute, Donostian % 4,3 (3.578) eta Bilbon proportzioa % 3,6koa da (5.519).

Baina azpimarratzekoa da, batez ere, etxebizitza hutsen % 82 1985 baino lehenagokoak direla eta horietatik % 50 1965 baino lehenagokoak eta % 25 1959 baino lehenagokoak.

Ondorioz, etxebizitza zaharrak dira eta, askotan, ez dira egungo beharretara eta familia-ereduetara egokitzen. Orokorrean, etxebizitza ertain edo txikiak dira, baina gela asko dituzte. Etxebizitzen ia erdiak bost gela edo gehiago ditu, eta, beraz, prezioak eta gelak ez dira eskarira egokitzen.

Horrenbestez, datu horiek berretsi egiten dute Etxebizitza Saila jorratzen ari den politika, etxebizitzen birgaitzea sustatzeko. Hiria berritzeko eta irisgarritasuna hobetzeko laguntza eta programen bidez, egungo higiezinei balioa eman nahi zaie, etxebizitzak erakargarri bihurtzeko eta alokairu eta erosketen merkatura ateratzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)