Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Euskadiko epailetza digitalizatu da

2011.eko otsailak 02

Organo judizialek eta jabetza eta merkataritza erregistroek dokumentazio elektronikoa elkar trukatuko dute

Hitzarmen bati esker "Gobernu Kudeaketarako Sistema" aplikazio informatikoa ezarriko da EAE-ko Justizia Auzitegi Nagusian. Gobernu-salen kudeaketarako aplikazioak espedienteen izapide digitala egiteko aukera ere aurreikusten du, paperik erabili gabe.

Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan daukaten organo judizialek eta jabetza-eta merkataritza-erregistroek dokumentazioa elkar trukatzea ahalbidetuko duen lankidetza-hitzarmen teknologikoa sinatu du gaur Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak. Bide telematikoaren bidez erregistroetan aurkeztu beharreko dokumentu judizial elektronikoak aurkezteko modua arautzeko pentsatuta dago hitzarmena eta, aipatutako erakundeek sinatzeaz gain, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko (BJKN), Erregistratzaileen Dekanotzako eta Prokuradoreen Elkargoen Kontseiluko ordezkariek ere sinatu dute dokumentua.

Iraupen mugagabea daukan akordio berri honi esker, erregistro-komunikazioko eta komunikazio judizialeko plataformen arteko komunikazioa lortzeko behar diren jarduerak bere sare judizialean egiteko konpromisoa hartu du gobernuak. Horrela, segurtasuna eman zaien komunikazio elektronikoen plataformarako sarbidea erraztu eta sustatuko zaie organo judizialei (Erregistratzaileen Elkargoak egin du plataforma hori) eta, alde biko komunikazioa lortu ahal izango da jabetza- eta merkataritza-erregistroen eta bulego judizialen artean. Hortaz, erraztu egingo dira bi erakundeen arteko komunikazio-egintzak eta dokumentazio-trukeak. Jaurlaritzak, hirugarrenei plataforman sartzen ez uzteko eta proiektu honi lotutako dokumentazio teknikorik ez emateko konpromisoa ere hartu du.

Bestalde, Erregistratzaileen Dekanotza Autonomikoak bere erregistro-komunikazioko plataforma Puntu Neutro Judizialean sartzeko ahalegina egingo du. BJKNren sare horrek autonomia-erkidegoetako hainbat sare judizialen eta organo judizialei informazio erabilgarria eman diezaioketen gainontzeko erakunde edo entitate publiko edo pribatuen artean dokumentazioa elektronikoki elkar trukatzea ahalbidetzen du.

Horrela, sinadura elektroniko baimenduen sisteman oinarrituz dokumentazio elektronikoaren elkartrukea eginez, prozedura judizialak arintzea, izapide seguruagoak egitea (enkriptaketa-tekniken bidez) eta justiziaren aurrean herritarren interesen babes handiagoa lortuko da.

Akordioan aurreikusitako jarduerak sustatzeko eta jarduera horiek erabat gauzatzea bermatzeko, jarraipen-batzorde eta batzorde tekniko bana eratuko dira.

Hitzarmen hau Eusko Jaurlaritzak Justizia Administrazioaren zerbitzu publikoan teknologia berriak sartzeko daraman ildoko beste ekimen bat da. Orain arte, tresna teknologiko, informatiko eta telematikoak arlo horretan indar handiagoarekin garatu eta ezartzeko hainbat lankidetza-hitzarmen egin ditu hainbat erakunderekin.

Iruzkin bat
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)