Berriak Lehendakaritza
Eu

Aquarius ontzian iritsitako pertsonen lekualdaketak datozen bi asteen ondoren egingo direla aurreikusi du Eusko Jaurlaritzak

2018.eko ekainak 21

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkari Nagusi Jonan Fernándezek adierazi duenez, Espainiako Gobernuarekin harremanetan jarri zen atzo Aquarius ontzian iritsitako pertsonen harreraz eta integrazioaz jarduteko. Fernándezek azaldu du Euskadik prestatua duela harrera-dispositibo bat, eta zehaztu du bi asteren ondoren egingo direla lekualdaketak. Horri dagokionez, Espainiako Gobernuak planteatutakoaren zain eta prest dago Eusko Jaurlaritza.

Lehendakaritzan hedabideek egindako galderei erantzunez, Jonan Fernándezek adierazi duenez, bi autobus iritsiko dira Donostiara eta Bilbora immigranteekin. Fernándezek bere kezka adierazi du prozedura horren aurrean, “eztabaidagarritzat” hartu baitu, are gehiago adingabekoak tartean egonez gero. Egoera hori argitzeko, instituzio eskumendunekin eta gizarte-erakundeekin informazioa lortzen jardungo du Eusko Jaurlaritzak.

ESPETXE-POLITIKA

Espetxe-politikaren eta presoak hurbiltzearen inguruan Barne Arazoetako Ministro Fernando Grande Marlascak egindako azken deklarazioei buruz galdetuta, pauso “logikoak” direla adierazi du Jonan Fernándezek. Eusko Jaurlaritzak “adeitsua" izan nahi du eta horregatik hartzen ditu adierazpen horiek "zuhurtziaz". Fernándezek adierazi duenez, legearen esparruan posible da aldaketa bat espetxe-politikan. Gaineratu du Eusko Jaurlaritza prest dagoela lankidetzan aritzeko eta adostasun zabalak bilatzeko premia azpimarratu du, arlo horretan aurrerapausoak ematen jarraitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak