Eu

Euskadiko kalitateko eta jatorriko produktuak, goi sukaldaritzako topaketako protagonistak Milanen

2018.eko ekainak 20
  • Eusko Jaurlaritza Italian egiten ari den bidaia komertzialaren baitan, gaur iluntzean Matías Pedromok gidatutako sukaldaritza ekimena egingo da. Pedromo Italian 2018 urteko sukaldaria da.
  • Andoni Luis Aduriz euskal sukaldariak lagunduko du topaketa
  • Helburua da Euskadiko kalitateko produktuak ezagutaraztea Milango goi sukaldaritzako profesional talde handi bati.

Euskadiko nekazaritzako elikagaiak, kalitatekoak eta jatorrikoak, protagonistak izango dira Milango Contraste jatetxean egingo den topaketa gastronomikoan. Zonaldeko sukaldaritzaren ordezkari diren hamabost sukaldari elkartuko ditu, besteak beste, ekimenak eta Euskadiko kalitateko eta jatorriko produktuak ezagutzeko eta dastatzeko aukera izango dute, tartean marka ofizialaren babespean daudenak, hala nola Eusko Label, Euskal Baserri, Kalitateko Kontserbak eta Idiazabal Jatorri Izendapena markek babestutakoak. Hori dena bustitzeko, Euskadiko Sagardo Naturala-Euskal Sagardoa, JIko Txakolina eta Arabako Errioxako ardoak dastatuko dira.

Afaria, non berrogeita hamar bat pertsona egongo diren, Arantxa Tapia sailburua buru dela egingo da eta Euskadiko gastronomiaren ordezkari gisa Luis Andoni Adurizek parte hartuko du. Lonbardiako ordezkari instituzionalak eta gastronomiaren alorrean preskriptore interesgarriak diren pertsonak ere egongo dira bertan. Euskadik aspaldi du harremana Lonbardiarekin elikaduraren alorrean, eta ondorioz topaketak euskal produktuen erabilera goi sukaldaritzan izango du ardatz.

Matías Perdomo, Contraste

Matias Perdomo sukaldari uruguaiarra da eta 2018an Italiako urteko sukaldaria izendatu du Identità Golosek. Jakin-min handiko sukaldaria da eta 20 urte baino gehiago dira Milanen lanean ari dela. Bere Contraste jatetxeak Michelin izar bat dauka, eta Milango mediku baten lehengo bizilekuan dago kokatuta.  Aurretik Pont de Fer jatetxean egin zuen lan, sukaldeburu, eta bera han lanean zegoela jatetxeak Michelin izar bat eskuratu zuen.

Milango sukaldaritzaren goi mailaren barruan nabarmentzen da bere sukaldaritza.  Plater ausartak eskaintzen ditu, jendea harritzeko eta jendearen gustukoak izateko asmoarekin.  Italiako ohiko errezeten interpretazio berriak, modernitate txinparta ukaezinarekin. “Aberatsa eta Pobrea” izeneko bere platera Lonbardiako eltze berrasmatua da, eta urteko platera izendatu dute Italiako sukaldaritza kritikariek.

Andoni Luis Aduriz, Mugaritz

Andoni Luis Aduriz, sukaldaria eta Gipuzkoako Errenteria herrian dagoen  Mugaritz jatetxearen jabea, azken garaietako gastronomiaren errebelazioetako bat dela jotzen da, eta bere jatetxea, diotenez, munduko jatetxerik hoberenetako bat da.

2006az geroztik “Restaurant Magazine” aldizkari britainiarrak nazioarteko 10 jatetxe hoberenetakoen artean sartzen du, eta azken hamar urteetan top 10rren artean mantentzen den jatetxe bakarra da. Gaur egun, Mugaritz bederatzigarren posizioan dago 50 hoberenen artean.

Bi Michelin izar ditu eta hiru Repsol eguzki, munduko kritikarien aitortzaz gain. Oso inplikatuta dago kalitateko eta jatorriko produktuen errespetuarekin, eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean ari da hainbat ekimenetan produktu horiek balioesten.

Gastronomiaren eta Elikaduraren Plan Estrategikoa (GEPE)

Contrasten (Milan) egingo den esperientzia gastronomikoaren helburua da Euskadiko kalitateko produktuak balioestea goi sukaldaritza internazionalaren esparruan, Gastronomiaren eta Elikaduraren Plan Estrategikoaren ildoetako bat betez (GEPE), non Eusko Jaurlaritzak eremu horretan jarduteko datozen urteetarako finkatu dituen ildoak definitzen baitira.

Plan honek markatzen du Euskadik, herrialde moduan, gastronomiaren eta elikaduraren ikuspuntutik duen estrategia, eta bere helburua da euskal elikadura eta gastronomia seguruagoa, osasungarriagoa, bereziagoa eta iraunkorragoa izan daitezen aurrera egitea (sozialki, kulturalki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspuntutik) eta Euskadi erreferentziako lurralde bihurtzea nazioartean, elikadurari eta gastronomiari dagokienez. Izan ere, GEPEk markatzen dituen lan ildo nagusien artean nabarmentzen da Euskadik nazioartean duen posizionamendu eta eragina sendotzea erreferentziazko lurralde izan dadin eta hainbat eremutako abangoardiarekin (ekonomikoa, politikoa, soziala edo gastronomikoa) harremanak eratu edo mantentzea

Euskadi eta Lonbardia, REGALen

Euskadik, Lonbardiarekin batera, REGAL Elikaduraren eta Ongizatearen alorretako Lurralde Garapenerako Eskualde Europar Berritzaile eta Ekintzaileen Sarea gidatzen du, izan ere, gobernu biak bat datoz nekazaritzaren eta arrantzaren sektoreari aurrera egiten lagundu behar zaiola lehiakortasunaren aldetik, ekoizteko gaitasuna bultzatuta nekazaritzako elikagaien katean eta merkaturatzeko estrategia berrietara bideratutako eraldaketari helduta.

REGAL 2015ean sortu zen, prestakuntza, ikerketa eta ekintzailetzaren alorretan beren ahaleginak batzen dituzten Europako eskualde batzuk lotzeko helburuarekin, eta gaur egun sareko kide dira, baita ere, Nafarroa, Liguria eta Gales. Laster, gainera, beste eskualde batzuk ere batuko dira sarera, hala nola Kreta, Goi Adige/Hego Tirol, Aostako Harana, Flandria edo Baden-Würtemberg.

Hauek dira orain arte landu diren eremuak:

  • Bertako nekazaritzako produktuen kalitatea eta jatorria, merkataritzako zirkuitu laburrak sustatuz.
  • Ezagutzen eta berrikuntzen trukea
  • Baserri, nekazaritza eta nekazaritzako elikagaigintza eremuetako berrikuntzetan liderrak diren eskualdeen talde bat sortzea Europako eremuan
  • Praktika onen trukea eta ohitura gastronomikoak sustatzea helburua duten elikadura heziketarako proiektuak
  • Praktika onen trukea eta zirkuitu laburrak sustatzeko proiektuena: “Farmer markets”, zuzeneko salmenta, etab.

Menuaren oinarri izango diren kalitateko eta jatorriko euskal produktuak

  • Idiazabal JIko gazta: Ardi latxaren edota ardi karrantzarraren esnez soilik egindakoa, batere nahasketarik gabe eta pasteurizatu gabe Gazta naturala eta benetakoa, bitxi gastronomiko bat, ingurune naturalera ezin hobeto egokitu den ardi arraza autoktono batek, ardi latxak, eta gure euskal artzainen mendeetako trebetasunak emandakoa.Kalitate aparta du, hainbat alditan hala aitortu zaio eta. Besteak beste, eta une garrantzitsu gisa, Europako Sukaldaritza Ondarearen aitortza eskuratu zuen unea aipatu daiteke.
  • Bakailaoa: Euskal kostaldeko baliabide naturalen ezaugarrietako bat da bertan betidanik arrantzatu diren produktuen kalitate berezia, esaterako gatzunetan jarritako bakailaoarena, euskal sukaldaritzaren plater internazionaletako batzuen oinarri baita.
  • Hegaluze kontserbak: Hegaluzea kalitate handiko arrain aparta da, eta baimendutako arrantza tresna tradizionalekin banan-banan harrapatzen da, beraz, arrantza tokien iraunkortasuna eta itsasoko baliabideak mantentzea bermatuta dago. Hegaluzearen kontserbak bere kalitate bikainagatik nabarmentzen dira, eta horregatik jotzen dira gama handiko produktu ostalaritzan eta gourmet denda espezializatuetan. Egiteko modu artisautzakoa, tradizio errotua eta teknologia aurreratuen erabilera, ezaugarri horiek guztiek egiten dute kalitate goreneko elikagai osasungarria izatea eta merkaturik garrantzitsuenetan saltzea.
  • Antxoa kontserbak: Antxoa oso preziatua da bere zapore biziagatik, bere testuragatik eta bere haragi arrosakaragatik, bai freskoan jateko bai gatzunetan jartzeko eta oliotan kontserbatzeko. Oso ondo digeritzen da, bere proteinen aminoazidoak kalitatekoak dira, bitamina eta gatz mineral ugari ditu, eta bere koipe saturatuak balio handikoak dira, eta horregatik guztiagatik euskal antxoak elikagai osasungarri bikaina dira.
  • Behi okela: Samurra, osasungarria, gozoa eta kalitatekoa, Euskadiko behi okela, Adierazpen Geografiko Babestua eta kalitateko Eusko Label zigilua dituena, soilik Euskal Herriko larreetan jaio eta hazitako animalietatik dator.
  • Arkumea: Sasoiko jaki gozoa. Eusko Label zigilua duen esneko arkumea sasoiko produktua da, eta kalitate handikoa, jarraipen eta kontrol zorrotzak egiten baitzaizkio. Latxa eta karrantza arraza autoktonoena da.
  • Gernikako piperrak: Txikiak dira, mokadu batean jateko modukoak, eta beren zaporeak, beren haragiaren fintasunak eta bere gustu atseginak izar produktu bihurtzen dute sukaldaritzan. Eusko Label kalitate zigiluaz gain, Gernikako piperrak Adierazpen Geografiko Babestuaren bereizgarri europarra dauka.
  • Foie: Gourmet eta delicatesen produktuen segmentura zuzendutako produktua da eta kalitate handia dauka, Euskadin ekoizten diren haragi produktu guztien eta beren deribatuen antzera.
  • Eztia Eusko Labelarekin: Eusko Labela duen eztia Europan dagoen araudi teknikorik zorrotzenetako baten menpe dago, bere kalitatea bermatzeko. Ezti freskoak eta gordinak dira, eta ez dira pasteurizatzen. Horrek ziurtatzen du, beraz, ezti horiek beren propietate biologiko guztiak oso-osorik mantentzea.
  • Eusko Labela duen Arabako Patata: Klima, zorua, belaunaldi askoren tradizioa eta etengabeko hobekuntzaren aldeko apustu teknologikoa dira patata honen kalitate bikaina ulertzeko gakoak, Arabako lurrek azpian gordeta duten altxorra baita.
  • Babarrunak: Produktu tradizionala eta goi sukaldaritzak mimatutakoa ere bai; Euskadiko babarrunak ospetsuak dira nazioartean. Eusko Label zigiluarekin merkaturatzen dira.

Menua lagunduko duten ardoak

  • JIko Euskal Sagardoa
  • JIko Getariako Txakolina
  • Arabar Errioxako JIko ardoa

Basque Culinary World Price

Euskadik eta Italiak dagoeneko sendotuta duten elikaduraren esparruko harremana areagotu egingo da hilabete barru. Uztailaren 25ean Italiako Modena hiria izango da Basque Culinary World Price sariaren hirugarren edizioko garailearen izena ezagutzeko gunea. Nazioartean erreferente den Massimo Bottura sukaldaria izango da egingo den bilera eta ondorengo iragarpenaren anfitrioia. Basque Culinary World Price sariak munduan zehar gaitasun transformatzailea duten proiektu gastronomikoak saritzen ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak