Eu

San José sailburuak hasiera eman dio Prospektiba teknologikoa eta Laneko Arriskuen Prebentzioa” uda ikastaroari

2018.eko ekainak 21

SAN JOSÉ SAILBURUAK HASIERA EMAN DIO OSALANEK PRESTATUTAKO UDA IKASTAROARI

Prospektiba teknologikoa eta Laneko Arriskuen Prebentzioa

Mª JESÚS SAN JOSÉ-REN AGERRALDIA

Egunon denoi. Niretzat  Osalanek antolatutako uda ikastaroetara berriro etortzea, plazer handi bat da.

Gaur emango diogu hasiera OSALANek antolatutako zortzigarren uda-ikastaroari.

Ikastaro honetan, berriro ere, laneko arriskuen prebentzioaren eremuan, etorkizuneko erronkak planteatuko ditu Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak.

Ikastaroaren programaren aurkezpenean jasota geratu den bezala, 1997an gertatu zen Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko 1995eko Legearen ernetze araugilea.

Eta izan duen garapenak fruituak eman ditu eta prebentzioaren inguruko gero eta alderdi gehiagori erantzutea ahalbidetu du.

21 urte igaro dira eta bai gizarteak eta baita lan-jarduerak ere aldaketa handiak izan dituzte.

Labur esanda, orain, hiru dira lan-mundua definitzen duten joera nagusiak:

  • produkzioaren globalizazioa.
  • lanaren automatizazioa.
  • eta lan- eta zerbitzu-plataformen sorrera.

Eta hiru joera horiekin batera, aldaketa nabarmen bat izan da gainera lan egiteko moduetan: industria konektatua, BIG DATA, telelana, nanopartikulak, bioteknologia, robotizazioa…

Esparru horren aurrean, teknologiak barneratutako aldaketak kudeatzean datza erronka handia.

Orain dela gutxira arte pentsatzen genuen makinek lan fisikoan bakarrik ordeztuko zituztela pertsonak; adimen artifizialean eman diren aurrerapausoekin, ordea, hasiak dira dagoeneko eremu kognitiboan pertsonak ordezten.

Diagnostiko medikoak egiten dituzten makinak ditugu, ibilgailu autonomoak, eta baita robotak ere, langileak hautatzen dituztenak.

Eta, zalantzarik gabe, halako prozesuek arriskuak dakartzate.

Horregatik, azterlanak eta ikerlanak egiten ditu OSALANek sektore eta eremu jakin zehatz batzuei buruz, hain zuzen ere ezagutza sorrarazteko, kalteak prebenitzeko eta langileen osasunaren hobekuntza sustatzeko.

Adibidez, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak, sortu zenetik, 136 ikerketa-proiektu handi sustatu eta finantzatu ditu; izan ere, 4 milioi euro baino gehiago zuzendu ditu proiektu horiek gauzatzeko.

Askotariko eremuei heldu dieten proiektuak dira, besteren artean: nanoteknologiak, robotizazioa, eremu elektromagnetikoak, eragile biologikoak, material adimendunak edo arriskuen prebentzio-agertokien diseinua ingurune birtualetan...

Zehazki, Ikastaro honetan, produkzio-prozesuetan izandako aldaketak aztertzen jarraituko dugu, laneko arriskuen prebentzioa berregokitu ahal izateko.

Eta horretarako, bio-nano-teknologiei, nano-materialei, haize-sorgailuei eta industria 4.0-ri buruzko hitzaldiak emango ditugu.

Beste alderdi batzuei ere heldu nahi izan diegu, testuinguru honetan hain agerikoak ez direnei beharbada.

Itsasontzietako segurtasuna eta arrisku berriak basogintzako sektorean edo suteak itzaltzeko jardueretan.

Euren lanak azalduko dizkiguten aditu guztiei eskerrak eman nahi dizkiet euren prestutasunagatik eta lankidetzagatik.

Eta, bereziki, Ikastaroaren Zuzendari JAVIER INDAri, talde hau biltzeko eta programa interesgarri bat antolatzeko egin duen ahaleginagatik. Hala, programa horrekin, gure asmoa da aipatu ditudan gaietan sakontzeko aukera izatea unibertsitateko ikasleek, prebentzioaren arloko teknikariek eta Administrazioko, Mutualitateetako eta Prebentzio Zerbitzuetako profesionalek.

Dena den, aukera izaten dudan guztietan azpimarratu nahi izaten dut pertsonen osasunari kalte egingo ez dion lana dela etikoki jasangarria den lan bakarra.

Ez dago kalitateko lanik, segurtasunik ez badago lanean.

Orain, gaur, eta are gehiago etorkizunean.

Hortaz, eta gero eta teknologikoagoa den ingurune honetan, gogora ekarri nahi nuke pertsonek izan behar dutela ardatz nagusia osasunari kalterik ekarriko ez dioten lanak diseinatu eta eustera bideratutako estrategia batean.

Eta ez dugu ahaztu behar, garapen teknologikoa handia izanda ere, pertsonei dagokiela erabakiak hartzea, eta lanaren antolamendua izango dela giltzarria.

Makinek pertsonak ordeztu ahal izatea da xedea, baina betiere zeregin mekanikoetan eta alienagarrietan.

Xedea da pertsonek egingo dituzten lanek, ikuspegi emozional eta kognitibo batetik, balioa sortzea eta zentzua izatea.

Garapen teknologikoa bideratzea da xedea, lan-ingurune adimendunak eta seguruak sortzen laguntzeko.

Eta hori garapen teknologikoari esker da posible, industriaren eskueran jarri dituelako instrumentazioa, monitorizazioa edo sentsoreak bezalako elementuak.

Zorionez, garapen teknologikoak soluzio ugari jartzen ditu gure eskueran lan-baldintzak hobetzeko.

Lan Munduko Joeren Behatokiaren sortzaile JORDI SERRANOk dioen bezala:

“Makinek, gu ordeztu beharrean, handiago egin gaitzaten lortu behar dugu”.

“Sakondu beharrean gaude datuek –gaur egungo erregai berriak– nola lagun gaitzaketen etorkizun desiragarriak lortzen”.

Eta amaitzeko, berriro adierazi nire eskerrik onena, zuei, hizlarioi, bide honetan argi ematera zatozenoi, eta OSALANi zorionak eman Prospektiba Teknologikoko eta Laneko Arriskuen Prebentzioko Ikastaro hau antolatzeagatik.

Etengabe, azken joeren eta berrikuntzen jakinaren gainean gaude laneko arriskuen prebentzioan sakontzeko.

Horretarako, funtsezkoa da zuek egiten ari zareten lana: gizarteko eta laneko eragileen arteko lankidetza garatzen eta enpresen kudeaketan eta lantokietan prebentzioaren integrazioa bultzatzen.

skerrik asko eta jakinduriaz bete zuen buruak, langile munduan zabaltzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak