Eu

Azpiazu sailburuak amaiera emango dio: "Open Banking Bilbao. Banka Irekia, sektore finantzarioaren iraultza" konferentziari

2018.eko ekainak 20

Hitzaldia

OGASUN ETA EKONOMIA SAILBURUA

OPEN BANKING KONFERENTZIAREN AMAIERA

2018ko EKAINAREN 20a. Bilbo.

 

 

Egunon guztioi.

Antolatzaileei eskerrak eman gura dizkiet, Open Banking Bilbaoren konferentzia honen amaierako hitzaldia egiteko egin didaten gonbidapena dela eta, eta baita konferentziaren bitartez mugimendu horrek adierazten duen guztia hobeto ezagutzen laguntzeagatik ere.

Argi dago 2018an aldaketa garrantzitsua gertatu dela bankaren munduan. Aitortu behar dizuet, interesatuta nagoen behatzaile moduan, zaila egiten ari zaidala horren jarraipena egitea, egunean jartzeko esfortzu handia eskatzen digulako.

Horrela, urte honetan jakin izan dugu zer diren fintech izenekoak, zenbait esperientzia zuzenean ezagutu ahal izan ditugu, hemen bertan aurkeztu zen Fintonic, adibidez, eta bertan jakin ahal izan genuen zer diren APIak (edo aplikazioen programaziorako interfazeak). Eta mugimendu hori guztia bultzatu duten erregulazioaren funtsak ere ezagutu ditugu, European General Data Protection Regulation (GDPR) eta Payment Services Directive (PSD2), hain zuzen ere.

Erregulatzailea izan baita, duela urtebete egoera hoberenean zeuden banketxeek sektoreko start up teknologiko hasi berrien garapenari begiratzeko orduan zuten lasaitasunari amaiera eman diotenak.

Mugimendu horren funtsak pribatutasuna, lehiakortasuna eta segurtasuna dira, eta erregulazioak esfortzu handia egiten ditu horiek sustatzeko edo babesteko.

Pribatutasuna “opt in” klausulen bitartez, hau da, kontsumitzaileek euren informazioa partekatzeko eta jakinarazpenak jasotzeko berariaz eman behar duten baimena.

Lehiakortasuna bankuei, euren datuak eta ordaintzeko gaitasuna, erabiltzailearen baimena duten hirugarrenei zabaltzeko derrigortasuna ezarriz;

Eta teknologiak ahalbidetzen duen segurtasuna, aipatutako guztia bideragarri egiteko ezinbestekoa den hirugarren pieza.   

Horren guztiaren emaitza, kontsumitzaileentzat balio eta erabilgarritasun handia duten zerbitzu askoren agerpena da. Hasiera batean, finantza arloko informazio guztia aginte koadro batean laburbiltzen duten eduki-gehitzaileak ikusten ditugu, baina hortik produktu hoberenak bilatzeko eta kontratatzeko, ordainketak egiteko… aukerak sortzen dira. Eta gerta daiteke azkenean, teknologia berri horiek guztiak banku bilakatzea, erabateko bankuak, Suediako Klarnarekin gertatu den bezala.

Iritzi ikerketa batzuek kontsumitzaileek Pay Pal-engan euren banku txikizkarian baino konfiantza gehiago dutela erakustea argigarria izan daiteke, eta erakundeek, lehiatu gura badute, mahai gainean jarri behar duten beste balio handia konfiantza izan behar dela erakusten du. 

Argi eta garbi dago, BBVAko presidenteak duela egun batzuk Financial Times egunkarian gogorarazten zigun bezala, banku paradigmaren goitik beherako aldaketaren aurrean gaudela. Teknologia eta datuak dira kontsumitzailearen esperientzia hobetzera zuzendutako zerbitzuen oinarria.

Gaur egun, finantza erakunde askok teknologia eta digitalizazioa euren negozioko alderdi industrialena dela uste dute eta, alor horretan lidergoan egon ez arren, ez dute lehiakortasunean inolako desabantailarik hautematen, eta besteei jarraitzera mugatzen dira.

Ez dakit; baina neure buruari galdetzen diot ez ote garen paradigma aldaketa horren potentzial disruptiboari duena baino garrantzi gutxiago ematen ari.

Baina banku mundutik harago, esan behar da aldaketa hori ez dela arlo horretan bakarrik ematen, datu mota guztiei dagokie, batzuetan ia monopolio moduan, plataforma digital erraldoiek kudeatzen dituzten datuei batez ere.

Datuak lehiakortasunerako funtsezko input bilakatu dira jardueraren sektore guztietan, eta egia da hedapen orokor horri dagokionez erregulazioak ez duela aurrerapauso handirik eman, Datuen Babesean izan ezik.

Open datak administrazio publikoari ere itauntzen dio eta, horrela, gogorarazi behar dut Eusko Jaurlaritzak aspalditik duela martxan bere edukietan eta funtzionaltasunetan etengabe hazten ari den plataforma.

Amaierako hitzaldi labur honi bukaera emateko zibersegurtasuna aipatu gura dut. Funtsezko alderdia da aipatzen ari garen garapen guztietan.

Pozik ikusi dut Basque Cybersecurity Centreko (BCSC) kideak konferentzia honetan egon direla. Uste dut Zentro hori oso lan garrantzitsua egiten ari dela alor horretan Euskadi nazioarteko erreferente bilakatzeko eta inplikatutako eragile guztiak dinamizatzeko; horrez gain, gerta daitezkeen jazoerei erantzuteko lana ere betetzen du.

Euskadik, gizarte moduan, posizio aurreratua du arlo digitalean. Berrikuntzaren beste adierazle batzuekin gertatzen den bezala, ez gara Europa mailako lidergora heltzen, postu hori iparraldeko herrialdeek dute eta. Baina oso leku onean gaude, lider diren herrialde horien ostean, eta gainerako gehienen aurretik.

Pribilegiozko lekua betetzen dugun arren, aspalditik ezagutzen ditugun puntu ahul erlatibo batzuk ere baditugu, Interneten erabilera familietan eta merkataritza elektronikoa, besteak beste. Azken puntu horri dagokionez, kontsumo ondasunen espezializazio falta izan daiteke arrazoietako bat.

Baina, beste alde batetik, oso leku ona betetzen dugu konektibitatean, zerbitzu publikoetan eta enpresan teknologia integratzean, informazioaren partekatze elektronikoari dagokionez, batez ere.

Ba, enpresen aldeko indar horretatik, zibersegurtasunarekin lotutako lehiakortasun poloa ari dela sortzen uste dut, eta hori oso garrantzitsua da. Ahalmen teknologikoak, zerbitzuetan puntakoak diren enpresak eta sortzen ari diren start up berri ugari dauzkagu eta, orain, gainera, BCSC ere badugu, dinamizatzaile gisa.

Mundu digitalean nitxo bat aurkitu dugu, eta bertan pribilegiozko lana egin dezakegu, enpresen lehiakortasunerako eta berrikuntza irekirako estrategikoa den nitxoa, hain zuzen ere. Hurrengo urteetan aurrera eramateko eta errealitate bikain bilakatzeko gai izango gara, ez dut zalantzarik.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak