Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria: “EGIBIDEk ekintzekin erakutsi du gure gizarteari ematen dion zerbitzua balioetan eta ikuspegi integralean oinarritutako prestakuntza eskainiz”

2018.eko ekainak 20
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

EGIBIDE ikastetxearen 75. urteurrena dela-eta Gasteizen antolatutako itxiera-ekitaldian izan da Iñigo Urkullu Lehendakaria, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalekin eta Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarterekin batera. Egibide ikastetxearen ibilbidea nabarmendu du Lehendakariak, eta gazteriaren prestakuntza integralarekin hartua duen konpromisoa azpimarratu du, eta baita aitzindari izateko eta etorkizunari aurrea hartzeko duen gaitasuna ere.

Gasteizko Europa jauregian egin da ekitaldia, eta bertan izan dira, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalekin eta Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarterekin batera, Fundación Diocesanas-Jesus Obrero Fundazioko ordezkariak, haien artean EGIBIDEko Zuzendari Nagusi José Ignacio Eguizabal.

Lehendakariak adierazi duenez, Egibidek ekintzekin erakusten du gizarteari ematen dion zerbitzua, balioetan eta ikuspegi integral batean oinarritutako prestakuntza eskainiz, eta era horretan gazteriari lan-munduan integratzen lagunduz. Gainera, azaldu duenez, prestakuntzaren ikuspegi integral hori da gizarteko eremu guztiekin lankidetzan aritzera eraman gaituena. “Erantzun praktikoak eskaintzen dituzue eta zuen zereginak hurbildu egiten gaitu gizarte kohesionatuago, arduratsuago eta bidezkoago batera”, adierazi du Urkullu Lehendakariak.

Horren haritik, Lehendakariak Egibide aipatu du proiektu aitzindari eta ereduzkotzat, kontuan izanik 75. daramatzala hartua duen konpromisoa ekintzekin erakusten. “Aitzindariak zarete gazteriaren gaikuntzan eta enpresarekiko loturan, eta etorkizuneko ekonomiaren benetako eskariei aurreratu egiten dizkiezue erantzunak ”, adierazi du Lehendakariak.

Diocesanas eta Jesús Obrero ikastetxeak batu zirenean sortu zen Egibide, inspirazio kristaua duen gizarte- eta hezkuntza-proiektu bezala duen tradizioari eta bokazioari eusteko helburuz. 450 hezitzaile daude 7.000tik gora ikasle prestatzen, 12 urtetik gorakoak (Bigarren Hezkuntza), Batxilergokoak eta Lanbide Heziketakoak, 13 eremu desberdinetan, eta baita Etengabeko Prestakuntza eta lanerako prestakuntza jasotzen dutenak ere.

Bestelako gizarte-eredu bat posible dela erakusten digun adibidea dugu Egibide”, zehaztu du Lehendakariak, eta gaineratu du ikastetxe horrek hurbiltzeko, aurrea hartzeko eta etengabe hobetzeko jarrera erakusten duela, lankidetza-eredu bat adierazteaz gainera, pertsonan eta bere garapen integralean oinarritua. “Prestakuntza-eredu praktiko bat garatzen lagundu duzue, enpresarekin lotua, eta Euskadin eta Euskaditik kanpo aintzatetsia”, esanez amaitu du Lehendakariak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak