
Lehendakariak DIPC bisitatu eta ‘Atlas’ superkonputagailu berria ezagutu du
Iñigo Urkullu Lehendakariak Donostia International Physics Center bisitatu du, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak lagunduta
DIPCko presidente Pedro Miguel Etxenikek eta DIPCko zuzendari Ricardo Díez Muiñok superkonputagailu berria erakutsi diote Lehendakariari
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak finantzatu du ‘Atlas’ superkonputagailuaren handitzea eta horrek Estatuko ahalmen handieneko bost superkonputagailuetako bat bihurtu du
Iñigo Urkullu Lehendakariak Donostia International Physics Center (DIPC) ikerkuntza zentroa bisitatu du gaur goizean. Bere helburua zentroaren aurrerapenak eta ‘Atlas’ superkonputagailua ezagutzea izan da. Bisitan parte hartu dute Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanok eta Donostiako alkate Eneko Goiak ere. Zentroko bisita DIPCko presidente Pedro Miguel Etxenikek eta DIPCko zuzendari Ricardo Díez Muiñok gidatu dute. Superkonputagailua ikusi ostean, Lehendakaria DIPCko patronatuaren bileran buru izan da.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak finantzatu du ‘Atlas’ superkonputagailuaren handitzea. Inbertsio honi esker, ‘Atlas’ek bere gaitasuna hiru aldiz handitu du eta Estatu mailako bost superkonputagailu potenteenen artean kokatu da.
‘Atlas’ eraikitzeko proiektua faseka eta moduluka egin da. 2015ean hasi zen, aurretik DIPCk zituen beste superkonputagailu batzuk ordezkatzeko helburuarekin. Teknologiak lastertasun handiz egiten du aurrera eta ‘Atlas’ bezalako makina aurreratuek etengabeko eguneratzea eskatzen dute.
‘Atlas’ superkonputagailuaren zenbait ezaugarri:
‘Atlas’-ek, besteak beste, neurrira egindako propietateak dituzten material aurreratuek egoera ezberdinetan izan ditzaketen jokabideak simulatzen ditu. Gainera, DIPCko superkonputazio zentroak tamaina erraldoia duten sistemen –galaxiak edo zulo beltzak, adibidez- edota neurri oso txikiko partikulen –neutrinoak, esaterako- jokaera ere aztertzen du.
Nabarmentzekoa da, superkonputagailuaren handitze honek Euskadiko zenbait BERC (Basque Excellence Research Center) ikerkuntza zentrorentzako eta Ikerbasque ikertzaileentzako erabilera ahalbidetu duela –DIPC zentroko ikertzaileez gain, ulertzekoa denez-. Honenbestez esan daiteke ‘Atlas’-ek hainbat esparrutan lan egiteko aukera ematen duela.
Ikertzaileek superkonputagailua eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan zehar erabiltzen dute. Gaur egun, Euskadin egiten den ikerkuntzarekin lotutako 180 ikertzailek beren eguneroko lana ‘Atlas’-en bidez garatzen dute. Gainera, Euskaditik kanpoko (Txina, Japonia, Alemania, Estatu Batuak, Ingalaterra, Frantzia, Errusia, Ukrainia, Italia…) baina DIPC zentroko gonbidatuak diren zenbait ikertzailek ere erabiltzen dute superkonputagailua.
Superkonputagailuak 6.100 nukleo ditu (handitzearen aurretik 2.000 zituen) eta baita 30 TeraByte-eko RAM memoria ere. Ordenagailu pertsonal batek, normalean, 4 nukleo ditu (guztiak, nolanahi ere, ‘Atlas’-enak baino askoz ere indar gutxiagokoak) eta 0,007 Terabyte. Ordenagailu arrunt batek hamarkadak beharko lituzke ‘Atlas’-ek ordu gutxi batzuetan egiten duen lana garatzeko.