Berriak Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza

Udalerrien mapak eta kale izendegiak egiteko eta gero zabaltzeko laguntzak (Gobernu Bilera 2018-06-19)

2018.eko ekainak 19

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren aginduari; horren bidez, Euskadiko udalei informazio geografikoa hobetzeko, udal-mapak egiteko eta gero zabaltzeko diru-laguntzak emateko deialdia egin da.

Laguntza-programa hori 200.000 eurokoa da eta helburu du udal-informazio geografikoaren kalitatea hobetzea eta, horretarako, interes orokorreko datuak bildu eta digitalizatzea eta web-orrialdeetan argitaratzea; hala ere, mapa, gero, paperean argitaratzea hautatu ahalko dute udalek.

Diru-laguntzen bidez, nolanahi ere, udal-mugarteko mapa digitala egiteko gastuak ordainduko dira, alegia, mapa topografiko batean tradizioan adierazten diren elementu guztiak batu, berrikusi eta kokatzeko gastuak; gainera, gutxienez, toponimia, kale-izendegia eta interes publikoko zerbitzuak, instalazioak eta hiri-elementuak barne.

Udal-webak informazio hori argitaratzeko erakundearen mapen bisorea erabiliko du edo, bestela, www.geo.euskadi.eus-en mapa-bisorea berrerabiliko du; hura Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzaren mende dago eta udal-webaren barruan kapsulatzeko gaitasuna du.

Ezingo dira diru-laguntza horren onuradun izan aurreko hiru ekitaldietako batean (2015, 2016 edo 2017) diru-laguntzaren esleipendun izan diren erakundeak, berariaz uko egin ezean. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko