Berriak Herrizaingoa
Eu

Euskalmeten arabera, otsaila eguraldi lehor eta eguzkitsuarekin hasiko da

2011.eko urtarrilak 31

Euskal Meteorologia Agentziak, Euskalmetek, aurreikusitakoaren arabera, Iberiar Penintsulan eta Europa hegoaldeko eremu handi batean berehala ezarriko den antizikloi baten ondorioz datorren ostiraletik (otsailak 4) aurrera egonkortasuna eta eguraldi lehor eta eguzkitsua izango dira nagusi.

Halere, Euskalmetek ohartarazi du oraindik ere antizikloiak ipar-haizea ekarriko digula, gutxienez hilaren 3ra arte. Gainera, hodei ugari izango ditugu, eta euri txikia egiteko aukerarik ere izango da, batez ere Kantauriko isurialdean.
Hilaren 1ean, aipatutako prezipitazioak elur itxurakoak izan litezke 500 metrotan. Egunean zehar elur kota igotzen joango da, 700-800 metrotan geldituz. Halere, prezipitazio gutxi izango dira, hilaren 31n baino gutxiago. Otsailaren 2an eta 3an ia ez da euririk izango, eta, izatekotan, oso ahula izango da.
Euskal Meteorologia Agentziaren iritziz, litekeena da hilaren 4tik aurrera egonkortasuna eta eguraldi lehorra eta eguzkitsua izatea nagusi. Goiz aldean lainoa sortuko da, eta barnealdeko zenbait tokitan iraunkorragoa izango da lainoa.
Egoera hori otsailaren 8ra arte luzatu daiteke. Ondoren, fronteren bat izango duen zirkulazio zonal bat ezarri liteke prezipitazioak utziz, edo antizikloi egoeran gelditu gintezke, EAEn egonkortasuna eta eguraldi lehorra eta eguzkitsua mantenduz.
Horrela, tenperaturak igotzen joango dira poliki-poliki, eta lehen egunetan tenperatura maximoak 5 eta 10 gradu zentigradu artekoak izan daitezkeen arren, otsailaren 4tik aurrera 10 eta 15 gradu zentigradu artekoak izango dira.
Tenperatura minimoei dagokienean 5 gradu ingurukoak izango dira kostaldean eta 0 eta 5 gradu artekoak barnealdean. Beraz, barnealdean izotz txikia egin dezake.
Antizikloia Iberiar Penintsulan ezartzen denean, hodeirik ez egotekotan, agian gauak hotzagoak izango dira eta izotz gehiago egin dezake barnealdean.

Urtarrila, oso hilabete lehorra

Euskal Meteorologia Agentziaren, Euskalmeten, iritziz, urtarrilean izandako prezipitazio urriak direla eta urtarrila oso lehorra izan da.
Alderdi euritsuenek, hau da, Gipuzkoa ekialdeko mendiek eta Bizkaiko kostaldeak, 40 mm inguru jaso dituzte; Arabako eskualdearen zati handi batean ez dira 10 mm gainditu, egoera normalean botako lukeenaren % 10-20 besterik ez.
Urtarrileko batez besteko tenperatura epeltzat jo daiteke, ipar-ekialdekoa izan ezik; hor tenperaturak normalak izan dira urteko garai honetarako. Arabako lautadako batez bestekoak 5 gradu zentigradu gainditu ditu, eta kostaldekoa 9-10 gradu zentigradu artekoa izan da. Kasu honetan tenperatura hotzagoak izan dira ekialdean, kontinenteko haize hotzak bertan gehiago jotzen baitu.
Egun epelak batez ere hilabetearen lehen bi herenetan izan dira. Horien artean azpimarragarriak izan ziren urtarrilaren 6tik 8rako tenperaturak, ekainetik urrira arteko garairako berezkoagoak izan baitziren.
Kostaldean tenperatura maximoek 20 gradu zentigraduak gainditu zituzten, eta minimoak ia ez ziren jaitsi foehn haizearen ondorioz. Horrela minimoak 18 gradu zentigradu artekoak izan ziren egun horietan (Oletan 21.8 graduko tenperatura maximoa eta 18.7ko minimoa eta Muxikan 21.8 graduko tenperatura maximoa eta 18.1 graduko tenperatura minimoa urtarrilaren 6an).

Egoera horri, tenperatura minimoak 18 gradu gainditzeari, meteorologia alorrean "gau tropikala" esaten zaio.
Aipatutako epean, Bilbon, 1948tik aurrera neurtutako tenperatura minimo nagusiena gainditu zen joan den hilaren 7an. 1960ko urtarrilaren 24an 17.4 gradukoa izan zen minimoa, eta 2011ko urtarrilaren 7an 18.3 gradukoa.
Minimoei dagokienean, hilaren 20tik aurrera ipar-ekialdeko adbekzioaren ondorioz barnealdean izotza egin du. Izotz handiena urtarrilaren 26an egin zuen: Iturrietan 9.9 gradu zentigradu zero azpitik, Agurainen 9.2 gradu zero azpitik eta Ozetan 8.4 gradu zero azpitik.
Hilaren 5etik 8ra arteko epea hilabeteko haizetsuena izan zen, hego-mendebaldeko bolada oso indartsuekin. Kasu batzuetan urakan-haizeak ere izan ziren Bizkaiko toki batzuetan (Urduñan 141.8 km/h, Cerrojan (Karrantza) 124.2 km/h eta Zugaztietan 108.3 km/h).

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan