Berriak Lehendakaritza

Jaurlaritzak onartu du Euskal Etxeentzako laguntza-deialdia, 902.306 euro emango dituena (Gobernu Bilera 2018-06-19)

2018-06-19

Eusko Jaurlaritzak bide eman dio Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko Euskal Etxeentzako eta euskal etxeen federazioentzako eta konfederazioentzako diru-laguntzen aurtengo deialdiari. Diru-laguntza horiek Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren bidez banatzen ditu. Orotara, 902.306 euro bideratuko ditu laguntza horietara.

Laguntzaren zatirik handiena –782.306 euro– Euskal Etxeen urteko programak edo jarduera zehatzak laguntzera bideratuko da, nagusiki, gazteria, emakume, kanpo-irudi eta komunikazio, memoria historiko, gastu arrunt eta funtzionamenduaren arloko jardueretara.

Gainerakoa –120.000 euro zentroen beraien egoera hobetzera bideratutako jardueren gastuak osorik edo zati batean finantzatzera bideratuko da; esaterako, ezbeharrek eragindako kalteak konpontzeko, hesi arkitektonikoak kentzeko, euskal etxe berriak eraikitzeko, gazteentzako lekuak egokitzeko eta gazteen zein emakumeen jardueretan teknologia erabiltzeko.

Gaur onartu den deialdian parte hartu dezakete mundu osoko 25 herrialdetan dauden 191 euskal etxeek. Deialdia EHAAn argitaratzen den egunetik hasita, hilabete bateko epea egongo da eskaera egiteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko