Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak 1,1 milioi euro zuzendu ditu Europako mugetan larrialdi humanitarioko deiei erantzuteko (Gobernu Bilera 2018-06-19)

2018.eko ekainak 19

Unean uneko premiazko inplikazio humanitarioa eskatzen duten egoerei berehalakoan eta bizkor arreta ematea da helburua 

Eusko Jaurlaritzak –Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren bitartez– 1,1 milioi euro zuzendu ditu dagoeneko urte honetan Nazio Batuetatik edo nazioarteko eta Europako beste instituzio batzuetatik egin izan diren deiei erantzuteko, Europako mugetan errefuxiatuak jasaten ari diren krisiaren aurrean. Dei horietako batzuei erantzuteko laguntzak gaur onetsi dira Gobernu Kontseiluan.

Unean uneko premiazko inplikazio humanitarioa eskatzen duten egoerei berehalakoan eta bizkor arreta emateko euskal Exekutiboak hartua duen konpromisoari erantzuten dioten laguntzak dira, eta Europan nazioarteko babesaren bila dabiltzan pertsonek jasandako bidegabekeriei ere lotutakoak. Joan den urteko uztailean aurkeztutako esparru-dokumentuan sartzen diren diru-laguntzak dira, Euskadiko instituzio publikoen eta erakunde sozialen erantzun bateratu bat emateko Europako mugetan jasaten ari den krisi humanitarioari.

Testuinguru horretan, orain arte lau proiektutan lagundu du Gobernuak, guztira 1,1 milioi eurorekin. Hauek dira:

  • Laguntza UNICEFi Serbiako errefuxiatuen eta migratzaileen krisiari erantzuteko. Diru-laguntza guztira: 200.000 €

2016ko martxoan Balkanetako bidean mugak itxi arren, errefuxiatuak eta migratzaileak etengabe sartu dira Serbian. Orain, UNICEFek lanean dihardu bermatzeko haur errefuxiatu eta migratzaile guztiek ‒lagunduta, bananduta edo euren familiekin‒ babesa eta zaintza jaso, eta garatu eta gizarteratzeko zerbitzuetarako behar duten sarbide egokia eta ekitatiboa izan dezaten.

Euskadik lagundu egingo du 3.000 haurrek arreta psikosoziala jaso dezaten, 1.500 haur identifikatuak izan daitezen arreta-zerbitzu espezializatuetara bideratzeko, eta 1.000 haur jaioberrik eta 5 urte baino gutxiagokoek amatasun-geletan sarbidea izan dezaten.

  • Laguntza Save The Children-i Balkanetako haur migratzaileak babesteko. Diru-laguntza guztira: 300.000 €

Beste helburu batzuen artean, Euskadiren ekarpenak ahalbidetu egingo du haur errefuxiatuek, migratzaileek edo lekualdatzen doazenek kalitateko hezkuntza- eta babes-zerbitzu egokietara sarbidea izan dezaten, Belgradeko eta Bogovadjako harrera-zentroetan.

  • Laguntza ACNURi Libanoko errefuxiatuen populazio siriarrari babesa eta laguntza emateko. Diru-laguntza guztira: 200.000 € 

Siriako gatazka zazpi urtez luzatzen ari da, eta Libanok, 6 milioi biztanlek osatutako populazioarekin, 1,5 milioi errefuxiatu siriar hartu ditu une honetan. Bertan, landa- eta hiri-eremuetan daude sakabanatuta.

ACNURen proiektua 109 familia errefuxiatu siriar (654 pertsona) eskudiruz hornitzean oinarritzen da funtsean, nazioarteko estandarren arabera dituzten oinarrizko premiak bete ditzaten. Eskudiruaren transferentzia modu duinetakotzat hartzen da populazio onuradunari laguntzeko; horrela, ahaldundu egiten zaie errefuxiatuei dituzten premiak zeintzuk diren eta premia horiek ondoen nola bete zehaztu dezaten.

  • Laguntza ILH - Itsas Laguntza Humanitarioari AitaMariZubia #MAYDAYTERRANEO 2018 proiekturako. Diru-laguntza guztira: 400. 000 € 

Eusko Jaurlaritzak emandako laguntzak Greziako kostaldeetan ILH euskal GKE egiten ari den lana babesteko balio izango du, batik bat nazioarteko babes bila dabiltzan errefuxiatuak itsasoetan erreskatatzeko.

Aita Mari ontzia, erreskate-lanak egiteaz gain, ospitaleko materialez hornituta egongo da errefuxiatuek portuan egiten duten egonaldian osasun-laguntza jaso dezaten.

Ontzi berriak uda honetarako erabiltzeko moduan egotea espero da, eta abuztuaren hasieran nazioarteko uretara abiatzea, Libiako kostaldearen parera, herrialde horretan gerratik ihesi doazen pertsonei laguntzeko helburuz.

Aurten, Maydayterraneo proiektuak inguru horretan bost hilabetez egotea du aurreikusita; horrela 10 erreskate-misio egiteko aukera izango du, 100 inguru boluntarioren laguntzarekin.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko