Berriak Segurtasuna
Eu

Hogeita hamar bat motozale elkartu dira Polizia eta Larrialdietako Akademian gidatzeari buruz gogoeta egiteko eta zirkuituan praktikak egiteko

2018.eko ekainak 17

Trafiko Zuzendaritzak haien iritziak jasotzeko sustatu du topaketa

(Arkaute 2018/06/17)

 

Motorra gidatzeari buruz gogoeta egitea, Euskadin motorrean ibiltzearen alde onak eta txarrak baloratzea, motozaleen segurtasuna areagotzeko ekarpen bateratuak identifikatzea eta zirkuituan egindako praktika baten bidez maila tekniko handiagoa lortzea izan dira Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak antolatuta Polizia eta Larrialdietako Akademian gaur goizean egin den motozaleen topaketaren helburuak.

 

Zilindrada handiko motorren hogeita hamar bat gidarik parte hartu dute gaur goizean Arkauten egindako jardunaldi teoriko-praktikoan. Jardunaldiaren helburua izan da Euskadiko kale eta errepideetan motorrean zirkulatzearen alde on eta txar nagusiak aztertzea eta jasotzea eta horien gainean gogoeta egitea.

 

“Trafiko Zuzendaritzak sustatuta egin den jardunaldi honen helburua da oso anitza den kolektibo baten iritziak biltzea motorrean ibiltzeko esperientzia hobetzeko eta, agerikoa den bezala, segurtasuna areagotzeko asmoz”, esan du Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak. Eta, gainera, gogoratu du joan-etorriak motorrean egiten dituzten pertsonak direla 2015-2020 aldirako Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoan jasotako arrisku-taldeetako bat.

 

Berez, plan horretan 2020rako jasotako helburuetako bat da % 40 murriztea 2010ean izandako hildakoen kopurua. Hau da, 2010ean hildako 15 motozaleak 7ra jaistea.

 

2017an 8 motozale (7 gidari eta bidaiari 1) hil ziren Euskadin; aurten, ekainaren 15era arte, 5 motozalek utzi dute bizia errepidean.

 

“Trafiko Zuzendaritzatik jarduera hau antolatu nahi izan dugu motozaleen iritziak jasotzeko, era horretako ibilgailuak gidatzeak berekin dakartzan arriskuez kolektiboa sentsibilizatzeko eta kontzientziako eta, bide batez, Euskadiko kaleak eta errepideak erabiltzen ditugun guztion artean gailendu behar den begirunea azpimarratzeko”, esan du Trafikoko zuzendariak.

 

Praktika zirkuituan

Motorrak gidatzeak dituen abantailak eta eragozpenak aztertzeko aukera eman dien saio teorikoaz gainera, parte-hartzaileek, bukaeran, hainbat jarduera egin ahal izan dituzte Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako pistan, zehazki, ariketa teknikoak abiadura motelean eta beste bat zirkuituan.

 

Iaz Trafiko Zuzendaritzak segurtasunez gidatzeko lau ikastaro teoriko-praktiko eman zituen motor-gidarientzat (125cc), eta segurtasunez gidatzeari buruzko bi bideo eman zituen argitara You Tuben kolektibo horri zuzenduta.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak