Berriak Hezkuntza
Eu

Cristina Uriartek Araba Euskaraz festaren irekiera ekitaldian parte hartu du, Argantzunen

2018.eko ekainak 17

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak 2018ko Araba Euskaraz festan parte hartu du gaur goizez, Argantzunen. Eusko Jaurlaritzaren ordezkari, han izan dira Estefania Beltran de Heredia eta Beatriz Artolazabal sailburuak ere.

Festari irekiera emateko ekitaldian hitza hartu du Hezkuntza sailburuak. Uriartek gogorarazi du Euskal Hezkuntza Sistemak, eta tartean Ikastolek, zer nolako zeregin garrantzitsua bete duten euskararen berreskurapenean, baita Araban ere. “Euskadi anitza dugu errealitate soziolinguistikoari dagokionez, eta inguru honetan ahalegin berezia egin behar izan da urteetan zehar ikasleak euskaraz hezteko helburuan. Denok txalotu behar dugu azken 40 urteetan bereziki gai horretan eginiko lana”.

Uriartek nabarmendu duenez “elkarlana, konpromisoa eta batez ere gogoa dira lan horren guztiaren erregaia. Eta horrela jarraitu dezazuen eskatzen dizuegu”.

Baina euskara ikasgeletako eta ikastetxeetako hormak gainditu eta aisialdira ere hedatzeko dagoen premia ere azpimarratu du Uriartek. “Ikastetxeek beren mugak dituzte. Maisu eta andereñoen lanaz gain, beste askoren laguntza espero dugu oraindik aurrera. Ikastolen esparrutik kanpo ere euskara bultzatzea dagokigu: etxean, lagunekin jolasean, zineman… edonon. Aisialdirako denbora euskara-gune bihurtu behar dugu, eta hori denon eskuetan dago. Edozein harremanetan lehen hitza euskaraz eginez gero, horrekin bakarrik, asko irabaziko dugu. Ez dezagun euskara ikastetxeko Hizkuntza bezala ulertu. Hori baino askoz gehiago da”.

Argantzun Ikastolak antolatu du aurten Araba Euskaraz festa, “Irrikitan” leloarekin.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak