Eu

Udal Etxebizitzak Erakundeak eta Eusko Jaurlaritzak 7 milioi euro baino gehiago inbertituko dituzte Otxarkoaga auzoa berroneratzeko eta hainbat eraikin zaharberritzeko

2018.eko ekainak 15
  • Akordioa beste lau urtez luza daiteke, eta xede du Otxarkoagan hainbat jarduketa egitea, gizarteari dagokionez iraunkorra den auzo ekologiko bat sortzeko, elkarteen sarearen inplikazio zuzenarekin.
  • Gizarte- eta kultura-jarduerak egiteko espazio bat gaituko da, baita merkataritzarako gune bat ere, eta hori eguzki-plaken bidezko energiarekin hornituko da.
  • Bost eraikin oso-osorik zaharberritzea proposatzen da; horrek 240 eraikini eragingo die.
  • Horrez gain, auzoan Hurbileko Bulego Tekniko bat irekiko da, proiektuak koordinatzeko, baita hiria berroneratzeari buruzko ikerketa-gune bat ere (Otxar Urban Gela), eragile publiko eta pribatuen inplikazioa bilatzeko.

Bilboko Udal Etxebizitzak eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak lankidetza-hitzarmen bat sinatuko dute, hiria berroneratzeko eta eraikinak zaharberritzeko proiektu bat gauzatzeko, Bilboko Otxarkoaga auzoan. Proiektu horren bidez datozen lau urteetan 7.000.000 euro inbertitzea aurreikusten da. 2018 ekitaldian 746.000 euro inguru bideratuko dira proiektu horretara, eta inbertsioaren zatirik handiena 2019-2021 aldian egingo da.

Halaxe berretsi zen atzo Bilboko Udal Etxebizitzen Zuzendaritza Kontseiluan; hala, bidea ireki zitzaion Lanerako Plan handinahi honi.

Eusko Jaurlaritzak 4.675.000 euro jarriko ditu, guztira, kontzeptu guztietarako; Udal Etxebizitzak zerbitzuak, bestalde, 2.477.000 euroko inbertsioa aurreikusi du.

Hitzarmen hori beste lau urtez luzatu ahalko da, eta helburu du Otxarkoaga gizarteari dagokionez iraunkorra den auzo ekologiko bihurtzea, elkarteen sarearen inplikazioarekin. Hirian egiten den era horretako lehen saiakera da, eta hainbat erakunderen arteko lankidetzaren emaitza; izan ere, hala Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak nola Bilboko Udalak hiria berroneratzeko apustua egin dute.

Proiektua datozen lau urteetan gauzatuko da, finantzaketa espezifikoarekin. Lankidetza publiko-pribatua du oinarri eta komunitatearen parte-hartzea sustatzen du, erantzukizun partekatua eskatzen duten jarduketen bidez. Ekimena gizarte-berrikuntzaren kontzeptuan sartzen da, eta Bilboko eta Euskadiko beste udalerri batzuetako auzoetan ere aplika daitekeen lan-metodo bat sortzen lagunduko du.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako sailburuorde Mª Aranzazu Leturiondok azpimarratu duenez, “Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako sailburuorde Arantza Leturiondok azpimarratu duenez, “esku-hartze programa esperimental bateko proiektu pilotuetako bat da, hainbat auzotan martxan jarriko dena. Horri esker, Euskadi osoan zaharberritze eta berroneratzearen arloko esku-hartzeak planifikatu ahal izango ditugu. Hau da gure konpromiso estrategikoa: lehenik, planifikatzea eta, gero, Euskadiko auzo kalteberetan esku hartzea; izan ere, auzo horietan bizi da biztanleriaren % 31. Horretarako, erakundeen arteko lankidetza ezinbestekoa izango da, hiriak berroneratzeko prozesua integrala eta zeharkakoa baita”.

Bestalde, Alfonso Gil alkateorde eta Bilboko Udaleko Mugikortasun, Ingurumen, Etxebizitza eta Garapen Osasungarriaren arloko politiken koordinatzaileak hau adierazi du: “ekimen hau Bilboko Udalak hiria eraldatzeko abian jarri dituen prozesu dinamikoen esparruan koka daiteke; prozesu horiek lehentasuna ematen diete udal-etxebizitza ugari dituzten eta auzoaren ezaugarriak direla-eta hiriaren giza eta lurralde-kohesioa hobetzeko modu integralean ekitea eskatzen duten auzoei; horregatik, Otxarkoagak proiektu hau hartzeko baldintzarik onenak ditu. Proiektuak eraikinen egoera fisikoa hobetu nahi du baina, batez ere, bertan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetu nahi du”.

Jarduketa zehatzak

Proiektuaren jarduketa nagusiak bost eraikin zaharberritzea hartzen du barne; zaharberritze hori energia-eraginkortasuna eta irisgarritasun unibertsala aintzat hartuta egingo dira. Guztira, gainerako etxejabeei proposatuko zaien esku-hartzeak 16 ataritan eta auzoko hiru kaletan (Irumineta, Txotena eta Larrakoetxe) banatutako 240 etxebizitzari eragingo die datozen 4 urteetan. Lan hori 2017tik auzoan egin diren jarduketei gehituko zaie; izan ere, lau eraikinetan hobekuntzak egin dira, eta hobekuntzek 228 etxebizitzari eragin diete.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak eta Udal Etxebizitzak erakundeak aurreikusitako partidak erabiliz, gizarte- eta kultura-jarduerak eta saltokiak konbinatuko dituen gune bat sortuko da, proiektu guztiak koordinatzeaz eta herritarrei arreta emateaz arduratuko den Hurbileko Bulego Tekniko bat irekiko da eta eragile publiko eta pribatuen inplikazioa bilatuko duen hiria berroneratzeari buruzko ikerketa-gune bat (Otxar Urban Gela) sortuko da.

Halaber, proiektuaren harira bi ikerketa egingo dira. Lehen ikerketaren xedea da etxebizitzen bizigarritasuna hobetzeko aukerak aztertzea; izan ere, oso azalera txikia dute (50 m2 inguru). Bigarren ikerketaren xedea, berriz, auzoaren ingurune fisikoa hobetzeko aukerak aztertzea izango da.

Eusko Jaurlaritzaren inbertsioaren zatirik handiena etxejabeen komunitateari diru-laguntzak ematera bideratuko da, egoitza-eraikinak zaharberritu ditzaten; hain zuzen ere, 3 milioi baino gehiago (3.015.000 euro) bideratuko dira xede horretara. Bere aldetik, Udal Etxebizitzak erakundeak 1.757.000 euroko inbertsioa egingo du, proposatutako eraikinetan duen jabetza-kuota kontuan hartuta.

Gizarte-, kultura- eta merkataritza-jardueretarako guneak 810.000 euro jasoko ditu.

Hurbileko Bulego Teknikoa eta hiria berroneratzeari buruzko ikerketa-gunea (Otxar Urban Gela) zaharberritutako eraikin batean egongo dira. Zaharberritzea gauzatzeko eta zerbitzuak hurrengo 4 urteetan martxan egoteko inbertsio nabarmena egin beharko da. Horrez gain, hainbat neurri eta plan proposatuko dira, aurrekontuaren kargura, auzoko pertsonen prestakuntzarako eta enplegagarritasuna hobetzeko. Hori dena gauzatzeko, guztira 1.413.000 euroko partida gorde da.

Azken partida azterketa eta ikerlanei dagokie. Partida horrek 150.000 euro ditu.

Gizarte-, kultura- eta merkataritza-jardueretarako gunea Txotena kalean egongo da, F merkataritza-gunean. Elkarri konektatutako bi eraikin zaharberritu izango ditu, baita estalitako plaza publiko bat ere, bi eraikin horien artean. Gune horretako energia plazaren estalkian jarriko diren eguzki-plaken bidez lortuko da.

Hiria berroneratzeari buruzko ikerketa-gunean (Otxar Urban Gela) bat egingo dute, batetik, euren ekimenekin proiektuan parte hartu nahi duten auzoko gizarte-kolektiboek, herritarrek eta erakundeek, eta, bestetik, administrazio publikoek.

Auzoko gizarte-sarea ordezkatzen dutenek, esaterako askotariko elkarteek, etxejabeek eta horien komunitate edo mankomunitateek, funtsezko rola izango dute proiektu osoan zehar; hala, proposamenak egin eta erabakiak hartzeko unean inplikatu ahalko dira. Gainera, gune horretan behar duten babesa, arreta eta informazioa jasoko dute.

Proiektuan laguntzen duten erakunde publiko edo pribatuen ekarpen nagusiak zerikusia izango du finantzaketarekin, prestakuntzarekin, teknologiarekin, berrikuntzarekin eta ikerketarekin.

Ekimenaren hirugarren hanka administrazio publikoak dira: Bilboko Udala, Udal Etxebizitzak erakundearen bidez, eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila. Horien misio nagusia finantzaketa bermatzea eta proiektuen zuzendaritza teknikoaz nahiz koordinazioaz arduratzea izango da.

Bukatzeko, Hurbileko Kudeaketa Bulego Teknikoak izapideak eta kudeaketak erraztuko ditu, auzoan bertan. Horrez gain, herritarren parte-hartzea eta Otxarkoagako gizarte-sarearen inplikazioa bilatuko du gauzatzen diren ekimen guztietan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Alfonso Gil Bilboko Udaleko alkateorde eta Mugikortasun Politika, Ingurumen, Etxebizitza eta Garapen Osasungarriko zinegotzi koordinatzaileak, Goyo Zurro Etxebizitzako zinegotzi eta Udal Etxebizitzetako presidenteak