Berriak Lehendakaritza
Eu

Philippe Acheritogaray N.A.B.O.ko presidente berria, ordezkari guztiek babesturik

2018.eko ekainak 15

Ekainaren 8an, ostirala, Winnemuccan (Nevada) gertatu den N.A.B.O.ko (North American Basque Organizations) –Ipar Amerikako euskal etxeen federazioa- Batzarrean Philippe Acheritogaray presidente berria aukeratu da ordezkari guztien babesarekin. Annie Gavica ordezkatuko du honek, 2017ko Batzarrean aukeratua izan zena, Buffalon (Wyoming).

Aukeraketa hori ekainaren 8, 9 eta 10 bitartean izan den N.A.B.O.ko euskal etxeen urteroko Batzarrean  eta Winnemuccako 40. Basque Festivalaren ospakizunen ingurumariaren baitan dago. Bi ekitaldiak Euskaldunak Danak Bat tokiko euskal etxearen eskutik antolatu dira.

Ekainaren 8ko konbentzioa: Acheritogaray presidente berria.

Philippe Acheritogaray San Frantziskoko euskal komunitate boteretsuaren parte da (Estatu Batuetan bizi diren euskaldunen heren bat Kalifornian bizi da eta Kalifornia barnean presentzia nabarmenena San Frantziskoko Badiako herrietan dago). Gainera, ezagutza handia du Amerika Mendebaldeko euskal komunitatearen inguruan; izan ere, azken 16 urteetan erantzukizun handiko karguak izan ditu, besteak beste: Hegoaldeko San Frantziskoko Basque Cultural Centerren (BBC ) edota Basque Educational Organization-en (BEO).

Winnemuccako Batzarrean euskal etxeetako ordezkariez gain parte hartu dute ere: Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaritzako teknikari den Benan Oregik eta Estatu Batuetan dagoen Iñigo Medina bekadunak. Jarduera tradizionalez (musa, euskal pilota, kantari eguna) aparte gauza askoren inguruan eztabaidatu da, hala nola: euskara ikastaroak, Boiseko (Idaho) Museoko erakusketak edota erakunde berrien txertatzea hala N.A.B.O.ra nola Eusko Jaurlaritzaren Euskal Etxeen Erregistro ofizialera. Era berean, Gaztemundu eta Euskal Diasporaren Egunaren inguruko informazioa helarazi dizkie ordezkariei Benan Oregik eta Iñigo Medinak.

9 eta 10 egunak, asteburua eta Euskal Festa

Erakusketak, hitzaldiak, emanaldiak eta aisialdi programa bete batek ekainaren 9 eta 10eko Basque Festivalaren asteburua bete dute. Festa hasi da parte hartu duten talde guztien desfile batekin, Estatu Batuetako hainbat tokitatik helduta; Ekialdeko Estatuetatik Mendebaldeko Estatuetara, eta euskal komunitate garrantzitsuenak jasoz: Idaho, Nevada, Utah eta Kalifornia.

Dantzak, musikak, euskal gastronomiak edota euskaraz emandako meza batek pozik utzi dituzte parte hartzaileak, bai arbaso euskaldunak dituzten iparamerikarrak, bai eta beste jatorri bateko jendea ere. Jende talde ugari horiek ez dute, bestalde, huts egin euskal produktu eta liburuekin betetako standek, eta salmenta itzela egon da.

Azken finean, Winnemuccan giro paregabe batean murgilduta igaro dute asteburua. Toki bat, non, egun batean gune erakargarri izan zen euskal immigranteentzat eta gaur egun ere euskal presentzia berezi bat duena: tren geltokiaren parean dagoen Martin Hotel euskaldunarekin eta Ormaechea jatetxearekin euskal platerak dastatu daitezke urte osoan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak