Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
qrcode

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak hizkuntza politika gaietan lankidetzan aritzeko konpromisoa berretsi dute

2018-06-15
  • Bingen Zupiria sailburuak, Ana Ollo kontseilariak eta Beñat Arrabit EEPko presidenteak iaz sinatu zuten hitzarmenaren aurtengo eranskina sinatu dute.
  • Azaldu dutenez, azken urtean 20 proiektu eta lan-ildo inguru landu dituzte elkarlan horri esker; horietako askoren emaitzak aurten helduko dira.

 

Donostia, 2018/06/15       

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak gaur berretsi dute hizkuntza politika gaietan lankidetzan aritzeko konpromisoa. Iazko uztailean sinatu zuten hitzarmenaren urteurrena betetzear dagoela, hiru erakundeek urte osoan zehar elkarlanean sustatutako proiektuen berri eman dute Donostian egindako agerpen publiko batean. Adierazi dutenez, 20 proiektu eta lan-ildo inguru jorratu dituzte urte osoan zehar, eta bide emankor horri eusteko borondate argia azpimarratu dute. Horretarako, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Administrazioekiko Harremanetako kontseilariak eta Beñat Arrabit Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) presidenteak iazko konpromisoari jarraipena ematen dion aurtengo eranskina sinatu dute gaur, Hiruko Itun honek hizkuntza politika eraginkor bat bideratzen laguntzen jarrai dezan.

Mugarri bat izan zen euskararen lurralde osoan hizkuntza politika kudeatzeko ardura duten hiru erakunde nagusiek iazko uztailaren 3an sinatu zuten Hiruko Ituna, eta gaur azken 12 hilabeteotan zer egin duten azaldu nahi izan dute, bai eta etorkizunari begira aurreikusten diren lan-ildoak ere. Iazko agerpena Nafarroako Jauregian izan bazen, gaurkoan Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzan agertu dira. Bertan elkarlanean sustaturiko proiektuak aipatu dituzte, banan-banan; bost izan dira jorratu diren esparruak:

  • Hezkuntza eta helduen euskalduntzea.
  • Euskararen sustapena aisialdian, ingurune digitalean eta arlo sozioekonomikoan.
  • Euskararen aldeko sentsibilizazioa eta gogoeta guneak.
  • Ikerketa soziolinguistikoa eta hizkuntzaren corpusa.
  • Lankidetza Europako markoan.

Zupiria sailburuak elkarlan honen eraginkortasuna nabarmendu du: “Iaz azpimarratu genuen bezala, elkarlan hau erabat naturala da. Euskararen lurralde osoan hizkuntza politika kudeatzeko ardura dugu Hiruko Itunaren atzean gauden hiru erakundeok, arduragabekeria litzateke bizkarra emanda lan egitea. Hitzarmena sinatu eta urtebetera lankidetza hau oso eraginkorra suertatu dela esan dezakegu. Proiektu zehatzak sustatu dira eta informazioa trukatzeko bideak hobetu ditugu, beti ere herritarren eta euskararen mesedetan. Aurretik elkarlan zehatzak egon badira ere, lehen aldiz era sistematikoan ari gara lanean elkarrekin eta babes ofizial batekin”.

Ana Ollo kontseilariak, bestetik, hiru erakundeen elkarlana eraginkorra izan dadin egindako esfortzua azpimarratu du: "Urtebete daramagu jada lankidetzan, ondo antolaturiko elkarlan batean murgildurik. Denbora honetan guztian zehar, gai izan gara interesak elkarri ezagutarazteko, lanean elkarrekin aritzeko eta ezagutza, jakituria eta esperientziak elkarrekin partekatzeko. Gaurko eranskina, hain zuzen, horren adierazlerik argiena da. Euskara balore bezala ikusteko gai izan gara, hiru lurraldeak aberasten dituen zerbait bezala”.

Beñat Arrabit EEPko presidenteak azaldu du erakundeek erakutsi dutela "posible dela" elkarlanean aritzea proiektu ezberdinak aurrera ateratzeko: "Erakutsi dugu posible dela elkarrekin lan egitea, Inkesta Soziolinguistikoa, EAS edo Eskola Futura proiektuak martxan jartzeko. Eta demostratu dugu, baita ere, gai garela indarrak batzeko Europatik finantzabideak lortzeko".

Hezkuntza eta helduen euskalduntzea

Iaz Iruñean sinaturiko Hiruko Itunari esker, besteak beste, Eskola Futura mugaz gaindiko programa abiarazi ahal izan da. Euskadi-Nafarroa-Akitania Berria Euroeskualdearen baitako ekimen honen helburua da mugaren bi aldeetako Magisteritzako ikasleak irakasle elebidunak edo eleanitzak bihurtzea, frantsesa, euskara eta okzitaniera ikasteko urte bat edo bi urteko formazio intentsiboak eskainiz. Frantses-euskera eta frantses-okzitaniera irakasle elebidunen kopurua handitzeko beharretik sortuta, Eskola Futura proiektuak ateak ireki dizkie frantsesez, euskaraz edota okzitanierazko formazioa eskuratu nahi duten mugaren bi aldeetako Magisteritzako ikasleei. Horrekin batera, eta hezkuntzaren arloan ere, ikasle euskaldunak trukatzeko programak egin ote daitezkeen aztertzeko bilerak egin dira, eta datozen hilabeteotan erabakiko da egitasmo hori bideratzeko era. Halaber, Iparraldeko ikasle gazteek EAEko unibertsitateetan ikasketak euskaraz egiteko dituzten erraztasunak hobetzeko bideak lantzen ari dira erakundeak. “Arlo hau oso garrantzitsua da Euskararen Erakunde Publikoarentzat eta bide emankorra egitea espero dugu”, esan du Arrabitek.

Helduen euskalduntzeari dagokionez, Hiruko Itunaren bitartez Nafarroako Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari HABE liburutegiaren dokumentuak eskuratzeko aukera eman zaio eta, horrekin batera, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma Nafarroari egokitzeko bidea ireki da. Hizkuntza gaitasunen egiaztapenen inguruan, B1 mailako agirien baliokidetza bideratzen ari dira Iparralderako, eta Nafarroarekin baliokidetza guztiak gauzatzeko bidea ere jorratzen ari dira.

Euskara aisialdian, ingurune digitalean eta arlo sozioekonomikoan.

Euskara aisialdian eta ingurune digitalean sustatzeko, hiru erakundeen arteko komunikazio bideak hobetu dira: hiru erakundeek bat egiten dute Euskararen Aholku Batzordean eta Hakoba (Herri Aginteen Koordinaziorako Batzarra) lantaldean. Foro hauetan, euskara aisialdian eta ingurune digitalean sustatzeko asmoz bultzatuko diren ekimenen berri ematen diote elkarri erakundeok, eta kasuan kasu parte hartzea partekatzen dute. Euskararen Aholku Batzordeko azpibatzordetan hiru erakundeek gazteei eta ingurune digitalei loturiko ekimen ezberdinen edukiak elkarrekin jorratu dituzte.

Arlo sozioekonomikoari dagokionez, euskara esparru horretan bultzatzeko dauden praktikak eta sistemak elkarri ezagutaraziko dizkiote datozen hilabeteotan: Bikain ziurtagiria, EUSLAN programa eta Lanhitz deialdia. Programa hauek elkarrekin kudeatzeko aukera ere aztertuko dute datozen hilabeteotan.

Euskararen aldeko sentsibilizazioa eta gogoeta guneak.

Euskararen inguruko sentsibilizazioa sustatzeko, herritarren aktibazioa bizkortzeko eta erabilera bultzatzeko Euskaraldia da hiru erakundeak partekatzen ari diren programa nagusia. Hiru erakundeek proiektuan parte hartzen dute, eta hirurak dituzte ordezkariak Euskaraldia koordinatzeko batzordean. Horrez gain, erakundeek elkarrekin hartuko dute parte Euskaraldiaren eraginkortasuna neurtzeko azterlan batean. “Proiektu hau hiru erakundeen arteko elkarlanaren eredu ezin hobea da”, adierazi du Ana Ollok.

Euskararen inguruko gogoeta guneei dagokienez, berritasun nagusia da hiru erakundeetako ordezkariek bat egiten dutela Euskararen Aholku Batzordean. Era berean, Nafarroako zein Iparraldeko ordezkariek Hakobako bileretan parte hartu ohi dute, hala dagokienean.

Ikerketa soziolinguistiko eta hizkuntzaren corpusari dagokionez

Ikerketa soziolinguistikoaren alorrean, iragan abenduan hiru erakundeek Euskararen Adierazle Sistema (EAS) aurkeztu zuten, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko foru aldundiekin batera. Tresna honek euskararen egoeraren inguruko informazioa era planifikatuan eta sistematikoan eskaintzen du, hainbat adierazleren bitartez. EASek euskararen lurralde osoa hartzen du barne eta hainbat ikerketa ezberdinetatik ateratako datuak eskaintzen ditu: Inkesta Soziolinguistikoa, Arrue Txostena, zentsua, Kale Neurketa... Europako Eskualde Garapenerako Funtsak (EEGF) proiektuaren % 65a ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). “Aspalditik zegoen asmo bat gauzatu dugu, eta gaur euskararen inguruko informazio ugari eskaintzen digun erreferentzia nagusi bat daukagu gaur”, adierazi du Zupiriak.

Bestalde, hiru erakundeen elkarlanaren bidez, Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoaren argitalpena bideratuko da aurten. Lankidetza honek ahalbidetzen duen markoan, orobat, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak arnasguneetako hizkuntza errealitatea aztertzeko, diskurtso berriak jasotzeko eta komunikazioa lantzeko plan bat burutzea erabaki dute. Egitasmo honen inguruko nondik norakoak udazkenean aurkeztuko dira.

Hiruko Itunari esker elkarlanean landu den beste esparru bat hizkuntzaren corpusarena da. Euskararen Aholku Batzordeko toponimia eta terminologia azpibatzordeetan  hiru lurraldeetako ordezkariak daude, terminologia azpibatzordean lehen aldiz. Foro hauetan sortzen den lankidetzari esker emaitzak etorriko dira; esate baterako, aintzat hartuko dira orain arte kontuan hartzen ez ziren zenbait termino, bereziki Iparraldeko aldaerari dagokionez. Horrela, Iparraldeari edo Nafarroari bereziak zaizkion terminoak Euskalterm-en ere kontuan hartzeko pauso berri bat eman da.

Euskararen corpusa handitzeko bidean beste pauso bat eman da. Hiru erakundeak itzulpen memoriak elkar trukatzen hasi dira, corpusa ugaritzeko asmoz eta  itzulpen teknologikoak hobeak izan daitezen

Lankidetza Europako markoan

Azkenik, hiru erakundeak lanean ari dira hizkuntza politikaren gaineko Europako diru-laguntza deialdietara elkarrekin joateko, Euskararen Adierazle Sistemarekin egin zen bezala. NPLD (Network to Promote Linguistic Diversity) hizkuntzen aniztasuna sustatzeko sarean ere parte-hartze bateratua sustatzen ari dira hiru erakundeak.

Etorkizuna eta ‘Hiruko Ituna’ marka

Hiruko Itunari esker, orain urtebete ireki zen bideari jarraipena emango zaio aurten ere, urteko programak ezartzen duen eranskinaren bidez. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak gaur sinatu duten hitzarmenak ahalbidetuko du aurten aztertu diren hainbat gai datozen hilabeteotan gauzatzea, bai eta proiektu berriak bultzatzea ere. Hortaz, elkarlan honen helburua denboran irautea da, kontrakoak ez bailuke zentzurik izango lortzen ari dena ikusita.

Irauteko konpromiso horren erakusgarri da hiru erakundeek lankidetza hau islatzeko sortu duten marka: ‘Hiruko Ituna’. “Asko dira elkarlanean sustatzen ari garen proiektuak, eta etorkizunean gehiago izango dira seguruena. Horiek guztiek marka hau eramatea nahi genuke, sustatzen ari garen lankidetzaren erakusle”, adierazi du Zupiriak.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)