Berriak Osasuna
Eu

Euskal Osasun Plana aurrera doa bere helburuetan eta osasunaren pisu espezifikoa irmotzea lortu du Eusko Jaurlaritzako eta beste instituzio batzuetako eremu guztietan

2018.eko ekainak 19

Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean agertu da gaur Jon Darpon Osasun sailburua, Plan honen 2017ko urteko ebaluazioaren berri emateko

 

2013an abian jarrai zenetik, EAEko Osasun Planak 2020rako finkatutako 10 ekintza eta helburuetatik 9 ezarri edo hasi ditu honez gero. Hala egiaztatzen du “EAEko Osasun Plana. Osasuna: Pertsonen eskubidea, guztion ardura” planean jasotako 35 helburuak lortzera bideratutako 146 ekintzak zein neurritaraino bete diren aztertzea xede duen 2017 urteko txostena.

Osasun sailburu Jon Darpón bera izan da Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean agertu dena, iazko urteari dagokion txostenaren berri emateko. Azaldu duenez, dokumentu horren ondorio nagusietako bat da Eusko Jaurlaritzako jardunaren sektore desberdinetako agendetan osasunak hartzen duen pisu espezifikoa, hau da, Osasuna Politika Guztietan, Euskal Osasun Planaren giltzarria, alegia.

Osasunaren sektore arteko ekintzaren adibide ditugu Eusko Jaurlaritzako sail desberdinek sustatutako zenbait programa. Osasunak garrantzizko presentzia duen programak dira: hezkuntzaren arlokoak, elikadura osasungarria bultzatzekoak, ikerketa-programak, Euskadi Lagunkoia, jarduera fisikoa edo euskarari lotutakoak. Baina badira beste batzuk ere, non lankidetzan diharduten foru aldundiekin (soziosanitarioa, adikzioak, ikerketarako institutuak), udalekin (osasun-sareak, adikzioak, ohitura osasungarriak) eta beste erakunde batzuekin, besteren artean, Emakunderekin edo Immigranteen eta Errefuxiatuen Batzordearekin.

Txostenean nabarmentzen diren aurrerapen nagusien artean daude bularretako eta koloneko minbizia bahetzeko programekin lotutakoak (partaidetza handia dute); zainketa aringarrien planaren hedapena; gaixotasun kronikoen kontrolean izandako hobekuntza; eta osasun-aholkuaren gero eta erabilera-maila handiagoa.

Era berean, txostenak egiaztatzen du jarduera fisikoa sustatzeko Mugiment programak finkatu direla; elikadura osasungarrirako ekimenak abian jarri direla; edo Kerik gabeko ikasgelak eta Adingabeak eta alkohola programek jarraitutasuna izan dutela.

Bestalde, lortu da adinekoentzako egoitzetan historia klinikorako sarbidea (Osabide Globala) eskuragarri dauden plazen % 82ra arte haztea; eta batzorde soziosanitarioen eraginkortasuna erabatekoa izatea —horiek aktibo daude Osakidetzaren zerbitzu-erakunde guztietan—.

Gure osasun sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoa babestu eta hobetzen aurrera jarraitzeko Eusko Jaurlaritzak hartua duen konpromisoa berretsi du sailburuak. Hala, hainbat esparrutan sakontzeko asmoaren berri eman du, besteak beste: lehen mailako arreta indartzea, Osasun Sailak bultzatzen duen estrategiaren bitartez; toki-esparruan eta Erkidegoaren esparruan osasun-sareak sustatzea; herritarren ahalduntzea eta partaidetza; edo osasunaren arloko sektore arteko ekintza. Gainera, 2021etik aurrerako erronkei helduko dien Osasun Plan berria lantzen hasia da.

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 19a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak