Eu

Eusko Jaurlaritzak, udalerritik igarotzean HTS-ak izango duen trazaturako alternatiba aurkeztu dio Barakaldoko Udalari

2018.eko ekainak 14
  • Ortuella eta Bilbao artean 12 kilometro luzera duen Hegoaldeko Trenbide Saihesbideak Regato auzoa lur azpitik igarotzea planteatzen du
  • Eusko Jaurlaritzak Sustapen Ministerioari bideratu dio soluzio hori, eta hura izango da proposamenaren egokitasunari buruzko erabakia hartuko duena
  • 2017ko uztailean, Eusko Jaurlaritzak eta Sustapen Ministerioak, EAEko administrazioari Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen lanak egiteko eta egin beharreko azterlanen idazketarako agindua ematea baimentzen duen Hitzarmena sinatu zuten

Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio sailburuordeak, udalerri horretatik igarotzean Hegoaldeko Trenbide Saihesbideak izango lukeen trazatu alternatiba aurkeztu du gaur goizean Amaia del Campo Barakaldoko alkatearrekin batera. Egindako azterlanak kontuan izanda, Regatotik igarotzean lur azpitik joango litzateke.

Aizek azaldu duenez, “trazatuak zailtasun bat du, tunel barruan puntu baxu bat duela, eta 250 metro baino gehiagoko sakonerako hondeaketa lana eskatzen du”. Halaber, gogorarazi duenez, lana egingo duena Eusko Jaurlaritza izan dadin Sustapen Ministerioarekin sinatu den hitzarmena hor dagoen arren, azken erabakia Gobernu zentralari dagokio, bera izango baita azpiegituraren titularra.

Amaia del Campo Barakaldoko alkateak, gaurko eguna “Barakaldorako oso egun garrantzitsua dela” aitortu du. Gogorarazi duenez, Sustapen Ministerioak 2015ean HTS-aren lehenengo trazatu proposamena jakinarazi zuenetik, “ardura handia sortu da Barakaldoko gizartean, proposatutako trazatuak modu larrian erasotzen zuelako Barakaldoko biztanleek gehien maite duten inguru eta lekuetako bat: Regatoko harana, Barakaldoren birika berdea”.

Alkateak azpimarratu duenez “une hartan iragarri nuen Udalak zenbait alegazio aurkeztuko zituela, Barakaldotik igarotzean proiektua lur azpitik sartzea defendatuz, horrela ingurumen eta ikusmen eragina murrizteko, eta gaur eskerrak eman gura dizkiet, denen aurrean, Eusko Jaurlaritzari eta bere Saileko teknikariei, Barakaldoko Udalak proiektua lur azpian sartzeari buruz egin dituen eskariei erantzuteko egin duten esfortzuarengatik”.

“Sustapen Ministerioko arduradun berriek proposamena onartzen badute, Regatoko Haranetik igarotzean proiektua lur azpitik joango dela” adierazi du Del Campok.

Informazio azterlan berriaren idazketa

Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoa informazio azterlan berri baten idazketan ari da lanean. Azken finean, 2015ean INECOk Sustapen Ministerioarentzat egin zuen aurretiazko informazio azterlanaren Olabeaga soluzioa, txostenak jaso zuen jende aurreko informazio izapidean jasotakoen artean egokitzat hartu ziren alegazioetara egokitzea izango da.

Alegazio horiek, beste batzuen artean, ukitutako udalek, Eusko Jaurlaritzak berak eta gizarte arloko zenbait erakundek aurkeztu zituzten. Izan ere, aurkeztutako lur azpiko aukerak, Barakaldoko Udalak, udalerri horretako gizartearen eskaria ikusita, erakutsi duen sentsibilitateari erantzuten dio.

Merkantzientzako igarobide berria

Trazatuak, dagoeneko eginda dagoen Seranteseko tunela Olabeagan dagoen lur azpiko trenbidearekin lotu beharko du, bere luzeraren parte handi batean mea tunelean joango den trazatuaren bitartez, Ezkerraldeko udalerrietako (Ortuella, Trapaga eta Barakaldo) biztanleria biltzen den guneak inguratuz.

Alternatiba guztien artetik luzeena eta tunel luzeagoa eskatzen duena da, merkantzien igarobide berria, Ezkerraldeko udalerrietatik igarotzean gaur egun merkantzien trafikoarekin batera jarduten duten aldirietako igarobideetatik erabat bereiztea proposatzen baitu.

Horrela saihestu gura da Bilboko Portutik abiatzen diren edo bertara doazen zirkulazioak Ortuella eta Barakaldo artean dagoen trenbide azpiegituratik igarotzea. Horrek, alde batetik, aldirietako C1 eta C2 lineen ustiapena nabarmen hobetzeko eta, bestetik, merkantzien trafikoak udalerri horietako biztanleei eragiten dizkien eragozpenak asko murrizteko aukera emango du.

Deskribapen teknikoa

Aurretiazko azterlanean proposatutako soluzioak, Seranteseko tunela La Casillako bypass-arekin ia 12 kilometroko trenbide saihesbide berri baten bitartez lotzea proposatzen du.

Saihesbidearen trazatua Ortuellan hasiko da, Serantes mendiaren azpian eraikitako tunelari jarraipena emanez. Tunel hori erabat amaituta dago jadanik, eta Bilboko Portuko instalazioak Ortuellarekin lotzen ditu, oraindik zerbitzua ematen hasi ez den arren. Tunelaren Hegoaldeko ahoa Ortuellako hirigunean azaleratzen da, GE Renewable-ren instalazioen Ekialdean.

Orain proiektatu den Hegoaldeko Trenbide Saihesbideak jarraipena emango lioke egindako azpiegiturari, dagoen tunel faltsua luzatuz, gaur egun dagoen trenbide igarobidearen mendebaldetik joango litzatekeen lur azpiko trazatua sortuz.

Tunel faltsua 700 metro ingurutan luzatuko litzateke, Ortuellako Geltokiaren inguruetaraino. Bertan, mea tunelean eginda dagoen trazatuari emango lioke bidea. Mota horretakoa da saihesbidearen ibilbideak duen tipologia gehiena.

Horrela, lehenengo mea tunel hori Ortuellatik Castaños haranera luzatuko da, ia 7,5 kilometrotan, hau da HTS-VSFaren erdia baino gehiago. Trenbide bikoitzeko tunela izango litzateke, elkarren artean kilometro inguruko tartea izango luketen azalerarako larrialdietako irteerekin. Tunela Castañoseko haranean etengo da, bertako harkaitzaren ondorioz, 100 metro inguruko tunel faltsu tartea eraiki behar baita ibar horretako gurutzaketan.

Trazatuak, 1,5 kilometroko bigarren mea tunel batekin jarraitzen du, Castañoseko haranetik Kadaguako haraneraino. Tartean azalerarako larrialdietako irteera bat izango du. Tunela, ia 100 metroko tunel faltsu tarte txiki batekin amaituko da, eta horren ondoren, saihesbide berrirako diseinatu den trazatuaren aire zabaleko tarteari emango dio bidea. Tarte hori, HTS-VSFari Kadaguako harana zeharkatzeko aukera ematen dion bide-zubia da, ibar horretan dagoen ubidearen eta azpiegituren gainetik igaroz.

Bailara horren ekialdean dagoeneko, trazatua lur azpitik joango da berriro ere, BI-636 errepidearen, A-8 autopistaren, San Mameseko sarbideen eta N-634 errepidearen azpitik igaroz Olabeagaraino luzatzen den hirugarren eta azken mea tunelari bidea emanez. Tunela azken errepide hori gainditu ondoren amaituko da, eta trazatua trenbideko kaxoi berri batetik joango da. Kaxoi horrek zuzeneko lotura izango luke HTS-VSFa hartzeko prestatuta egongo litzatekeen Olabeagako lur azpiko gunearekin.

HTS-aren onurak

  • Konexio berriak Bilboko Portua eta Europa zuzenean lotuko lituzke, Atlantikoko Trenbide Igarobidea parte den Europa Barruko Sarearen bitartez.
  • Martxan jartzean, Ortuella, Trapagaran, Santurtzi, Portugalete, Sestao eta Barakaldo egungo sareko merkantzien trafikotik libre geratuko lirateke.
  • Ezkerraldean egiten den trenbideko 100.000 edukiontzi baino gehiagoren eta tren osoetan garraiatzen diren 800.000 tona merkantzien zirkulazioak kenduko lirateke. Gaur egun 19 zirkulazio baino gehiago egiten dira egunero, eta eskaria gero eta handiagoa da.
  • Gaur egun Bilboko Portuak ez duen trenbideko konexio onak sarean gertatu ohi diren itoguneak kentzen lagunduko du, eta baita Bilboko Portuaren lehiakortasuna hobetzen ere.
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Amaia del Campo, Barrakaldoko alkatea