
Energiaren Euskal Erakundeak ematen dituen energia instalazio berriztagarriak sustatzeko diru laguntzak indarrean daude
Diru laguntzetan 2.000.000€ bideratuko dira 360 instalazio berri bultzatzera
Energia iturri berriztagarriez baliatzeko instalazioak sustatzeari begirako diru laguntzak indarrean sartu dira gaur, atzo EHAAn argitaratu ondoren. Hala, 2 M€ bideratuko dira Euskadin honako instalazio hauek bultzatzera: biomasa, geotermia, ekoizpen elektriko berriztagarriak eta goraka ari diren itsas teknologien ingurukoak.
Gaur indarrean sartuko diren diru laguntza programa hauei gehitu behar zaizkie apirilean abiatutakoak, zenbait sektoretan energia eraginkortasuna eta aurrezpena sustatzeari begirako programak, hain zuzen ere. Energia iturri konbentzionalak aurrezteko potentzial handia duten instalazio berriztagarrien ezarpena bultzatzea da egungo programen helburu nagusia. Horretarako, beste bi milioi euro gehiago inbertituko dira energia egoera hobetzeko eta erregai konbentzionalen erabilera gutxitzeko, betiere Energia Trantsiziorako Euskadiko Energia Estrategia 2030ean ezarritako helburuekin bat etorriz.
Gaur abian jarritako diru laguntzen programetan honako instalazio hauei lagunduko zaie: 70 kW-etik gorako potentzia duten biomasa eta geotermia alorrekoak, ekoizpen elektriko berriztagarria arlokoak, 250 kW-eraino (saretik isolatuak) eta 1 MW-eraino sare elektrikoari konektatutakoak –fotovoltaikoak, eolikoak edo minizentral hidroelektrikoak-. Guztira, ia 360 instalazio berriztagarri berriri emango zaiela diru laguntza espero da. Hartara, 10 MW inguru areagotuko da potentzia termikoa instalatua eta 360 kW-etan potentzia elektriko berriztagarri instalatua Euskal Autonomia Erkidegoan. Gainera, aurtengo ekitaldian ere goraka ari diren itsas energien alorreko teknologiak ikertzen eta probatzen segituko da.
Diru laguntzen programak |
Aurrekontua / € |
BERRIZTAGARRIEN PROGRAMA |
2.000.000 |
Biomasa-instalazioetan laguntzak |
450.000 |
Geotermia-instalazioetan laguntzak |
450.000 |
Ekoizpen elektriko berriztagarri- instalazioetan laguntzak |
600.000 |
Goraka ari diren itsas teknologietan laguntzak |
500.000 |