
Eusko Jaurlaritzak, Lanbideren bidez, 4 milioi euro bideratu ditu, 2018an, Lehen Aukera programara (Gobernu Bilera 2018-06-12)
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur azaldu du Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak Lanbidek kudeatzen duen Lehen Aukera programaren bidez euskal enpresetan gazte langabeak kontratatzeko 2018rako laguntzen deialdia onetsi duela. 4 milioi euro bideratu dira.
Krisia gogor jasaten ari den gizartearen zati batek hezkuntza-arloko bizitzatik lanbidera igarotzeko duen bidea errazteko, Eusko Jaurlaritzak, 2014an, laguntza-programa bat jarri zuen martxan, 30 urtetik behera dituzten eta lanbide edo unibertsitate heziketa duten edo lanbide-ziurtagiria duten gazteek beren titulazioarekin zerikusia duen lehen lan-esperientzia eduki ahal izateko, kontratu mugagabearen edo praktiketako kontratuaren bidez.
Harrezkero, lau urte igaro dira, eta Lehen Aukera programa gazteak lan-merkatura errazago igarotzeko baliabide baliagarri gisa finkatu da. 2018rako, programa horren bidez, praktiketako 872 kontratu eta 90 kontratu mugagabe finantzatzea aurreikusten da.
Bi diru-laguntza ildo daude:
- Helbide soziala edo fiskala edo lan-zentroa EAEn finkatuta duten enpresentzako laguntzak, titulazioa duten, 16 urtetik gorakoak eta 30 urtetik beherakoak diren eta EAEn bizi diren gazteekin kontratu mugagabeak eta/edo gutxienez 6 hileko praktiketako kontratuak egiteagatik.
- Erakunde laguntzaileentzako laguntzak, enplegu-eskaintzak jaso, erregistratu eta kudeatzeagatik eta prestakuntza-mundutik lan-mundura igarotzeko prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egiteagatik, Lehen Aukera programaren 2018ko deialdiaren babesean diruz lagundutako kontratuen formalizazioa jomuga izanik.
Diru-laguntzen zenbatekoa honako hauek finantzatzeko baliatuko da:
- Enpresei:
- 12 hilabete arteko praktiketako kontratazioak 2.800 eta 4.500 euro bitarteko diru-laguntza jasoko du, kontratatutako pertsonaren titulazioaren arabera.
- 12 hilabete arteko praktiketako kontratazioak 4.480 eta 7.200 euro bitarteko diru-laguntza jasoko du, kontratatutako pertsonaren titulazioaren arabera.
- Kontratazio mugagabeak 5.600 eta 9.000 euro bitarteko diru-laguntza jasoko du, kontratatutako pertsonaren titulazioaren arabera.
- Aurreikusitako zenbatekoak % 10 areagotuko dira, baldin eta kontratuak emakumeei egiten bazaizkie, ordezkaritza gutxiago duten postuetan.
- Kontratuak lanaldi partzialekoak badira, zenbatekoak lanaldiaren arabera egokituko dira.
- Erakunde laguntzaileei, diruz lagundutako kontratu bakoitzeko:
- 120 euro, eskaintza jaso eta erregistratzeagatik.
- 80 euro, eskaintza kudeatzeagatik.
- 120 euro, trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta segimenduagatik.
- % 10 gehiago, formalizatutako eta diruz lagundutako 20 kontratuko multzo bakoitzagatik, baldin eta horien eskaintzak jaso, erregistratu eta/edo diruz lagundu baditu