Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Euskadi eta Aragoi elkarlanean arituko dira gaixotasun kronikoei aurre egiteko

2011.eko urtarrilak 27

Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailak eta Aragoiko Gobernuko Osasun eta Kontsumo Sailak Lankidetza-protokolo bat sinatu dute gaixotasun kronikoen gaineko osasun-arazoen eta -politiken arloan.

Bizi-itxaropenaren igoerak eta gaixotasun kronikoen aurrerapenak proiektu berritzaileen aldeko apustua egitera behartzen dituzte osasun arloko profesionalak eta baliabide-kudeaketarekin zerikusia duten guztiak. Hori dela eta, funtsezkotzat ikusten da inplikaturiko erakundeen arteko lankidetza, gaur egungo osasun eredua aldatzen lagunduko duten sinergiak eta proiektuak baliatzeko.

Era horretan, bi sailek elkarrekin lankidetzan aritzeko interesa azaldu dute, osasun-prestazioetako eredu berri bat ezartzeko, gaixo kronikoak beren jarduera-eremuan sartuko dituena, eta bi sailburuek, Rafael Bengoak eta Luisa María Noenok, sinatutako protokoloak mamitzen duena.

Euskadin, gaixo kronikoen beharrei buruzko kezka ondoko plan honetan dago jasota: "Kronikotasunaren erronkari aurre egiteko Estrategia Euskadin"; asmo handiko plana, osasun-artapeneko prestazioak antolatzeko modu berritzaile bilakatu nahi duena. Estrategia 14 proiektuk osatzen dute, erreferente izatera iritsi direnak beste Autonomia Erkidegoetako osasun-sistemetarako.

 

Bere aldetik, Aragoi lurralde oso konplexua da geografia-sakabanaketa kontuan hartuta; horrek zail egiten du landa-ingurukoen eta hirietan bizi direnen arteko aukera-berdintasuna, eta gainera, populazio zaharkitua edukitzea ere gehitu behar zaio. Horrek guztiak, osasun arlotik esfortzu garrantzitsua egitea eskatzen du herritar guztiengana iristeko moduko programak sortzeko.

 

Aragoiko Gobernuak badaramatza urte batzuk gaixo kroniko eta mendekoak tratatzeko jardunak garatzen, eta gaur egun, Aragoiko osasun-sektore guztiek daukate Etxez etxeko Laguntzarako Lantaldea, bide batez, Lehen Mailako Atentzioko Lantaldeei laguntzen diena gaixo kronikoek eskatzen dituzten zainketak ematen.

Testuinguru horretan, lankidetza-protokoloak ondorengo kooperazio-ildoak ezarri ditu:

 

  • Proiektuak, esperientziak eta ebaluazioak elkartrukatzea.
  • Programa horiek kudeatzeko lanabes klinikoak eta teknologia espezifikoak elkartrukatzea.
  • Elkarrekin garatutako proiektu eta jarduerak Gaitu eta Hedatzea.

Prozesu guztia eratzeko, Jarraipen Batzorde bat diseinatuko da eta martxan jarriko, bi sailetako ordezkariz osatua; eta ordezkari horiek izango dira elkarrekin egingo diren proiektu eta jardunen oinarri eta proiekzio.

Lankidetza-estrategia osatzeko, lan-teknikari taldeak sortuko dira; alegia, Jarraipen Batzordeak ezarritako esparru zehatzak garatuko dituzten taldeak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan