Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak aurkeztu du Madrilen Urazandi bildumako 31. zenbakia "San Ignazioren Kongregazioa"

2018.eko ekainak 11

Joan zen ostegunaren arratsaldean Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuen Madrilgo euskal etxean Urazandi Bildumako 31. liburukia La Congregación de San Ignacio. El asociacionismo vasco en Madrid en el umbral del siglo XX. Aurkezpen ekitaldia Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria den Gorka Álvarez Aranbururen eskutik egin da, eta jendez gainezka zegoen euskal etxeko areto nagusian parte hartu dute Estíbaliz Ruiz de Azúa y Martínez de Ezquerecocha liburuaren egileak, Mª Victoria López Cordón katedradunak, José Manuel Cajigas San Ignazio Kongregazioaren presidenteak  eta Iñigo López de Uralde Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Gorteko ordezkariak.

Madrilgo euskal etxeko presidentea Julio Elejaldek hasiera eman dio ekitaldiari, Eusko Jaurlaritzari eskertzeko liburuaren argitalpenagatik. Horren ondoren Eusko Jaurlaritzaren Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria Gorka Álvarez Aranburuk hartu du hitza. Zuzendariak Estíbaliz Ruiz de Azúaren ibilbide akademikoa eta liburuaren nondik norakoak komentatu ditu.

Elkarte plurala eta mundura irekita

Gorka Álvarez Aranburuk aukera aprobetxatu du salatzeko joan zen maiatzaren 24ean Madrilgo euskal etxeak pairatu zuen erasoa. Egun horretan Madrilgo euskal etxean Falangeren pintadak agertu ziren, Espainiako Falangeren gazteek eginak: Uztarria eta geziak (Falangeren ikurra) eta buruan tiro bat jaso zuen gorpu baten silueta marraztua, “fuera ETA” mezuarekin batera.

Gorkak Álvarez Aranburuk esan du hala euskal gizartea nola Madrilgo euskal etxea komunitate pluralak eta mundura irekiak direla, baina aldi berean bere kultura eta identitatea aske bizi izan nahi dituztela, “azken hori badirudi batzuek ez dutela batere gustuko”, zehaztu du Álvarez Aranburuk, eta gogora ekarri du halaber Iñigo Urkullu Lehendakariak bidali zion elkartasun mezua Madrilgo euskal etxeari erasoa jaso ondoren.

Euren parte-hartzeetan mahaikide guztiek goretsi egin dute Estíbaliz Ruiz de Azúak egindako lana Madrilgo euskal komunitatearen alde, bere presentzia historikoa ikertuz. Izan ere, Madrilen bizi den María Victoria López Cordón katedradunak ondorengo iradokizuna egin du: “Ez bakarrik Madrilgo euskaldunen historia XIX. mendean ezagutzeko, baizik eta Madrilgo XIX. mendeko historia bera ere aztertzeko liburu hau irakurri behar da”, adierazi du López Cordonek.                                                              

Arlo guztietan egon dira eta

Dena dela, euskaldunek ia arlo guztietan bultzatu dituzte ekimenak Madrilen: bankuan, finantzan zein merkataritzan; karitatean eta gizarte zerbitzuetan; eliz munduan; eraikuntzan, arkitekturan, industrian eta garraioan; politikan, administrazioan eta soldadutzan; arte ederretan, literatur sorkuntzan zein unibertsitatean. Arlo horietan guztietan izan dira euskaldunak sustatzaileak, berritzaileak edo, behintzat, nabarmendu diren pertsonak.

Liburu honetan, Errege Kongregazioaren XVIII. eta XIX. mendeetako historia berraztertu du Estíbaliz Ruíz de Azúa y Martínez de Ezquerecocha egileak; alegia, Espainiako Estatu modernoko hiriburuan euskaldunek izan zuten abialdiaren eta bertan behin betiko euren txokoa garatzearen aldi historikoa da aztertu duena.

Modernitatea

Modernitatea da, hain justu, San Ignazioren Kongregazioaren zeinu bereizle argietako bat; izan ere, alde batetik, gaur egun “lobby” edo “interes talde” gisa ulertuko genukeen moduan eratu zen, botere politiko eta ekonomikoaren erdigunean: Madrilgo Hiribilduan eta Gortean. Baina, bestetik ―eta honek ez du garrantzi txikiagoa ikuspegi historikotik zein soziologikotik― elkarren laguntzarako elkarte gisa ere eratu zen, Euskal biztanleria babesgabearentzako gizarte zerbitzuak ematen zituena.

Hiru Euskal Probintzietan Jaiotakoen eta Ondorengoen Errege Kongregazioa (San Ignazioren Kongregazioa) 1715ean sortu zen, Azpeitiko Santua zen Ignazio Loiolakoaren izenpean. Errege Kongregazioak aktibo dirau gaur egun,  bere sorkuntzatik hirurehun urte baino gehiago pasa ondoren.

Liburu horren bertsio digitala eskura dago hemen

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak