Eu

Artolazabal: “Euskadik gizarte-arloan dituen hiru erronkak direla eta, politika publikoek balioak eta elkartasuna areagotu behar dituzte eta ahultasun-egoerak aurreikusi eta saihestu behar dituzte”

2018.eko ekainak 11
  • Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluaren Biltzarra (EUEK), Bilbon
  • Europako, Ameriketako, Afrikako eta Asiako 40 herrialdetako 500 alkate, tokiko eta eskualdeko lider, Europako erakunde eta nazioarteko erakunde.
  • Ordezkaritza ugarienak Alemaniatik, Suediatik, Belgikatik, Frantziatik eta Finlandiatik datoz, berdintasunaren eta gizarte-ongizatearen politiketan aurreratuta dauden herrialdeetatik
  • Artolazabal sailburuak “Maila anitzeko gobernuaren euskal eredua” hitzaldia eman du

 

Bilbao 2018 06 11

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak zera esan du: “Euskadik aurrez aurre gizarte-arloan dituen hiru erronkek, herritarren premiei erantzuteaz ez ezik, balioak eta elkartasuna areagotzeko balio behar dute, zahartze demografikoa saihesteko eta murrizteko gizarte-itun sendoak dituzten jarduketak aurreikusi behar dituzte, eta ahultasun-egoerak saihestu behar dituzte eta, horretarako, egungo egiturak premia berrietara egokitu”.  

 

Artolazabalek Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluaren (EUEK) Biltzarrean parte hartu; Bilbon izan da eta, bertan, Lehendakaria izan da, bai eta Europako, Ameriketako, Afrikako eta Asiako 40 herrialdetako 500 alkate, tokiko eta eskualdeko lider, Europako erakunde eta nazioarteko erakunde ere. Sailburuak “Maila anitzeko gobernuaren euskal eredua” hitzaldia eman du.

 

Hausnarketa eta adostasuna behar duten beste hainbat dimentsio daude. Euskadi, etorkizunean, gure herritarrek nahi dutena izango da, kolektiboki izan nahi duguna diagnostiko sendoetan oinarrituta erabaki ondoren”, esan du Beatriz Artolazabalek, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordearekin eta Emilio Sola zuzendariarekin batera.

 

Artolazabalen hitzen arabera, “ezin dugu onartu elkartasuna eta enpatia galtzear geratzea. Euskadin, 4 eurotik 3 gastu sozialera bideratuko dira. Aukera-berdintasuna eta pertsonarik ahulenarentzako babesa herrialde gisa garatzen ditugun politiken azpian daude, eta politika horiek iraun ahal izateko, pertsona solidarioak behar ditugu, ditugun babes-sistemetan sinesten dutenak”.

 

Elkartasuna

“Balioetan atzera elikatzea ezinbestekoa da. Ezinezkoa da elkartasuna pertsona solidariorik gabe antolatzea, ezinezkoa den bezala demokrazia demokrata gabe”, esan du Artolazabal sailburuak, Euskalduna Jauregian. “Gure gizartea gero eta zaharragoa da; gizarte-arriskuez beterik dago. Gure herritarren etorkizuneko garapenak imajinatu behar dira, etorkizuneko premiak zein izango diren antzemateko. Horrelako aurreikuspenak eta irtenbideak gizarte-itun sendoekin baino ezin dira egin”.

 

Artolazabalek hitzaldian esan duenez, “2008ko finantza- eta ekonomia-krisiak inboluzioa eragin du Europar Batasuneko estatu kideen bateratasun-prozesuan, eta nabarmendu egin ditu gizarte-desberdintasunak, nahiz eta ongizate-sistemek eragin negatiboa zati batean arindu duten. Egia da epe luzerako joera batzuek Batasun osoan lortutako gizarte-eskubide batzuen aurrerapenak etengabe aldatzeko mehatxu egiten dutela”.

 

Sailburuak Gizarte Eskubideen Europako Oinarria aipatu duen hitzaldi batean, Artolazabalek zera esan du: "egoera konplexua eta aldakorra da, eta estatu kide guztientzako eta eskualde eta gurea bezalako herrialdeentzako baterako erronkak ditugu aurrez aurre, eta berton dugu, herrialde eta eskualdeetan, zuzenean gizarte-babes unibertsaleko sistemak diseinatzeko beharrizana, pobreziatik eta pribazioetatik babesteko, pertsona guztientzako bizi-proiektu arrakastatsurako aukerak eskaintzeko eta horiek eraginkorrak eta jasangarriak izateko”.

 

“Bizi ditugun azken hamarkadetan bereizgarri nagusia globalizazioa da, eta, politika publikoen kudeaketaren inguruan dugun erantzukizunetik, uste dut Euskadin egoera globalizatu horren aurrean irekitzen zaizkigun aukeren kontziente izan behar dugula. Horrela aurrez aurre ditugun alderdi negatiboei eta erronkei aurrea hartu eta, aldi berean, aurre egin ahalko diegu”, esan du Artolazabalek.

 

Globalizazioa

Sailburuak zehaztu duen bezala, “merkataritza askeak, industrializazioak, globalizazio ekonomikoak alde ona du, baina arriskuak ere badakartza eta ezin ditugu horiek ahaztu. Testuinguru globalizatu horren ondoriozko alderdi positiboak badaude; izan ere, gizarte- eta kultura-aniztasun handiagoa dugu; mugak gainditzen eta iraganean gertatu diren kulturen arteko desadostasunak gainditzen dituzten printzipio eta balioak ari gara geureganatzen; eta informazio globalak aukera ematen du harremanei eusteko, distantzia gorabehera”.

 

Beatriz Artolazabalen iritziz, “eskualde, herrialde eta estatu azpiko gobernuok zuzeneko rola dugu eta oso eraginkorra gizarte-babeserako eginkizunean; izan ere, pertsona bakoitzetik oso hurbil gaude. Hori guztia dela eta, Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko gainerako administrazio publikook ulertzen dugu pragmatismoagatik eta herritarren ahalik eta onura handiena lehenesteagatik, konpromiso horretarako bide emango duten espazioak sustatu eta bultzatzea eta lankidetza aktiboa beharrezkoak direla.

 

Erronka horiek efizientziaz ebazteko, alde anitzeko lankidetza aktiboa behar da, bestela, ez dugu aurrera egingo irtenbideak bilatzen. Aukera horrek –lankidetzakoak–, dena den, zailtasunak izango ditu, eta pragmatikoena da. Borondateek bat egiten duten, elkarrenganako konfiantza eta lankidetza oinarri dituen giroan parte hartzea gizarteko pertsonarik ahulenentzako aukerarik onena da”, esan du.

 

Artolazabalek erakundeen arteko lankidetzarako dei egitean, zera nabarmendu du: “lankidetza aktiboko ikuspegiak zeharkakoa izan behar du, honako hauetan oinarrituta: pertsonen duintasunean oinarritutako oinarrizko printzipioak; elkartasuna, gizarte-bazterketa pertsonaren arazoa bakarrik ez dela ulertzeko; etika eta ekitatea; lidergoa eta erantzukizun publikoa; lankidetza eta eraginkortasuna eta efizientzia, gizarte-eskubideak eraginkor eta efiziente eginez”.

 

“Zorionez, Euskadin administrazio-maila bakoitzaren eginkizunak aitortzen dituen araudi-arkitektura dugu, horietako bakoitzari eskumenak eta betebeharrak esleitzen zaizkiela. Gainera, araudi-egitura finkatua dugu, eta horretan oinarritzen dira Europar Batasunaren fundazio-itunak sustatzen dituzten Ongizate Estatuaren oinarriak”, esan du sailburuak.

 

Gizarte-oinarria

Besteak beste, Artolazabalek honako lege hauek gogorarazi ditu: gizarte-zerbitzuena, diru-sarrerak bermatzekoa eta gizarteratzekoa, hirugarren gizarte-sektorearena, familiei laguntza ematekoa, haur eta nerabeei arreta eta babesa ematekoa, emakume eta gizonen berdintasunarena eta etxebizitzarena. Esan du horiek direla Euskal Autonomia Erkidegoa duen arkitekturaren oinarriak, eta bat datozela, erabat, Gizarte Eskubideen Europako Oinarriarekin.

 

Artolazabalek nazioarteko ordezkariei Gizarte Zerbitzuen Sistema azaldu die; “bertan, eskumenak eta zuzeneko betekizunak dituzte hiru euskal administrazio-mailek, eta euskal herritarrek zerbitzu eta prestazioetara duten eskubide subjektiboa aitortzen da, herritarren esku pertsona, familia eta talde guztien gizarteratzea, autonomia eta gizarte-ongizatea hobetzeko arreta-sare publikoa jartzeko sistema unibertsal, bidezko, erantzukizun publikoko eta kudeaketa mistoko gisa”.

 

Artolazabalen iritziz garrantzitsua izan da presente izatea “Europako herrialde guztietan pobrezia-arriskua gero eta gehiago ari dela eramaten seme-alabak kargura dituzten familietara eta gazteetara”, “eta egoera horri aurre egitea dela erronka berria. Horrela, diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko euskal sistema beste babes-sistema batzuekin koordinatzen eta osatzen da, arreta integrala eta pertsonan oinarritua emateko”.

 

Era berean, sailburuak Gizarteratzeko Euskal Plana azaldu du, biltzar honen gai nagusietako bat, eta zera esan du: “immigrazioa gaur egungo eta etorkizuneko errealitate bat da, eta Euskadira eta Europara heldu da, eta hala egiten jarraituko du”. Artolazabalek zorionak eman dizkio Rigoberta Menchúri, 1992ko bake-nobelari; topaketan izan da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak