Enplegu, Gizarte Politika eta Gazteria Batzordea (2018/06/12)
- Euskadiko Hirugarren Gizarte Sektorea Sustatzeko Estrategia aurkeztu da Eusko Legebiltzarrean
- “Lankidetza publiko-soziala, elkarrizketa zibila eta lankidetza publiko-sozialaren eredu mistoa oinarri dituen gizarte-eredua du euskarri”
- Euskadiko hirugarren gizarte-sektorea 3.500 erakundek –2.000 Bizkaian, 1.000 Gipuzkoan eta 500 Araban– eratzen dute, eta, horietan, ordainpeko 36.000 pertsona kontratudunek –okupatutako biztanleriaren % 4– eta 125.000 pertsona boluntariok lan egiten dute.
- Erakundeek 2013an kudeatutako bolumen ekonomikoa 1.451 milioi eurokoa izan zen, alegia, euskal BPGd-aren % 2,2
VG 2018 06 12
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean, zera esan du: “lehenengoz jarri da martxan Euskadin Hirugarren Gizarte Sektorea Sustatzeko Estrategia bat, parte-hartze eta kalitate handiko prozesuan garatutako legezko agindu bat betetzen dela, eta horrek dakar zenbait kolektibok gizarte solidarioa eta kohesionatua eraikitzeko dituzten erronka eta premien aurrean euskal gizarteak duen gaitasuna areagotzea".
Artolazabalek Euskal Ganberan, Lide Amilibia sailburuarekin eta Emilio Sola zuzendariarekin batera, Hirugarren Gizarte Sektorea Sustatzeko Estrategiaren edukia zehaztu du, “Euskadiko Hirugarren Gizarte Sektorea sendotzea eta lankidetza publiko-soziala sustatzea helburu dituena".
Artolazabalen hitzen arabera, “Euskadiko hirugarren gizarte-sektorea garatzea gizarte bidezkoagoa eta solidarioagoa, berdinzaleagoa eta kohesionatuagoa, demokratikoagoa eta parte-hartzaileagoa eraikitzeko aurrera egitea da, pertsonak oinarri dituena, ondasun erkidera bideratuta dagoena, jasangarria, berritzailea eta lankidetzan oinarrituta bere etorkizuna modu proaktiboan eraikitzeko gaitasunak dituena. Euskadiko hirugarren gizarte-sektorearen aurrerapenak eta integrazioak Gizarte Eskubideen Europako Oinarriaren eraikuntzari eta garapenari erantzuten die”.
“Euskadiko hirugarren gizarte-sektorearen estrategiak lankidetza publiko-sozialean, elkarrizketa zibilean eta gizartean esku hartzeko eremuan erantzukizun publikoko zerbitzuak emateko lankidetza publiko-sozialaren eredu mistoan oinarritzen den gizarte- eta garapen-eredua du oinarri.
“Hori guztia euskal hirugarren gizarte-sektoreak duen esperientzia eta hartzaileei eta erantzukizun publikoko erantzukizuneko sistemei egiten dien ekarpen historikoaren eta gaur egungoaren balioa aitortuz, bai eta konfigurazioa eta finkapena ere. Ekintza horien bidez, Euskadi gizarte kohesionatuagoa izango da etorkizuneko Europan”, esan du sailburuak.
Definizioa
“Hirugarren gizarte-sektorea”ren definizioak ekonomiaren sektoreari egiten dio erreferentzia, eta hori ez da herritarrei zerbitzu ematen dieten administrazioen sektore publikoa (lehen sektorea) eta enpresen merkataritza- eta aisia-sektorea (bigarren sektorea). Hirugarren gizarte-sektorea herri-ekimeneko eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek eratzen dutena da, pertsona guztien interes orokorra eta eskubideen defentsa sustatzen dutenena, arreta berezia jarrita ahultasun gehieneko egoeran daudenetan.
Euskadiko hirugarren gizarte-sektoreko erakundeen gizarte-oinarria, batik bat, boluntarioek, bazterketako, desgaitasuneko, mendekotasuneko edo babesgabetasuneko baldintzen eraginpean dauden pertsona eta taldeek, pertsona elkartuek eta ordainpeko profesionalek eratzen dute. Erakunde horiek interes orokorreko jarduerak egiten dituzte gizartean esku hartzeko eremuan, alegia, gizarte-zerbitzuen, enplegurako sarbidearen eta pertsona guztiek eskubide zibilak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak berdintasunean eta diskriminaziorik gabe baliatu ahal izateko garatutako beste edozein jardueraren eremuan.
“Euskadiko hirugarren gizarte-sektorea euskal gizartearen funtsezko aktiboa da, eta haren ekarpena ezinbestekoa da, gizarte bidezkoa eta solidarioa, berdinzalea eta kohesionatua, demokratikoa eta parte-hartzailea eraikitzeko. Gizarte-beharrei egokiago erantzuteko -erantzun integrala, hurbila, pertsonalizatua, parte-hartzailea-, sektoreen arteko lankidetzatik eta pertsonek, familiek, kolektiboek edo erkidego hartzaileek parte hartuz”, azaldu du Beatriz Artolazabalek.
Artolazabalek azaldu du Estrategia “Eusko Jaurlaritzak prestatu duela, EHGSko erakunde eta sareekin lankidetzan, Euskadiko Elkarrizketa Zibileko Mahaiaren bidez; helburu eta jarduketak aintzat hartuta, esparru-estrategia gisa ulertzen da, hura zabalduko duten legegintzaldi-plan batzuk prestatzeko balioko duena; agente bakoitzaren jarduketak –EJ, EHGS– eta lankidetzan oinarritutako jarduketak jaso ditu, bai eta horretarako koordinazio-mekanismoak ere; eta 9 arlo aurreikusten ditu, identitate-arloa gehitzen die Euskadiko Hirugarren Gizarte Sektorearen Legeak ezartzen dituen 8 arloei”.
Estrategia hori definitzeko eta prestatzeko prozesua hiru fasetan garatu da: dokumentazioa, lehen zirriborroa prestatzea eta beste zirriborro bat prestatzea aurreko fasean jasotako ekarpenekin. Estrategiak lehenengoz antolatzen du Eusko Jaurlaritzako sailen EHGS sustatzeko ekintza.
Estrategia, Hirugarren Gizarte Sektorearen Legean aurreikusitakoaren arabera, diagnostiko batean oinarritzen da, eta hura prestatzeko Euskadiko Hirugarren Gizarte Sektorearen Liburu Zuriaren datuak izan dira kontuan (2015ean amaitu zen), bai eta erakunde eta sareekin dinamizatutako tailerrak (eztabaida-taldeak) eginiko analisi kualitatiboa ere, estrategia prestatzeko prozesuaren barruan.
Zifrak
Kalkulatzen da Euskadiko hirugarren sektorea 3.500 erakundek –2.000 Bizkaian, 1.000 Gipuzkoan eta 500 Araban– eratzen dutela, eta, horietan, ordainpeko 36.000 pertsona kontratudunek –okupatutako biztanleriaren % 4– eta 125.000 pertsona boluntariok lan egiten dutela.
Erakundeen % 87 nagusiki boluntarioek osatzen dute, eta % 46 boluntarioek baino ez. % 54k ordainpeko langileak ditu, baina % 13an baino ez du ordainpeko langileriak boluntario-kopurua gainditzen.
Enplegatuen profila honako hau da: emakumea (% 68,24), 50 urtetik beherakoa (% 82,91), unibertsitarioa (% 66,14), 5 urtetik gorako antzinatasuna duena (% 59,55) eta esku hartzeko eginkizunak betetzen dituena (% 85,26).
Pertsona boluntarioen artean, emakumeak nagusitzen dira (% 56,52), unibertsitate-ikasketak dituztenak (% 43,08) eta zuzeneko esku hartzeko eginkizunak betetzen dituztenak (% 82,13), baina adinaren araberako banaketa orekatuagoa da (65 urtetik gorakoak % 21,92 dira) eta antzinatasuna pixka bat baxuagoa (% 51,96k 5 urte baino gutxiago daramatza erakundean). Hamarretik lauk astean bost ordu baino gutxiago ematen ditu boluntariotzan.
Erakundeek 316 pertsonako batez besteko gizarte-oinarria dute, baina kasuen erdian 100etik beherakoa da. Forma juridikoa dela eta, % 89,62 elkarteak dira. % 42k 20 urte baino gehiagoko ibilbidea du, eta % 13k duela 5 urte baino gutxiago ekin zion bideari.
“Sektore bizia da. 10etik 8ren jarduerak ez du euskal erkidegoa gainditzen. % 35ek lurralde historikoaren mailan lan egiten du, eta beste % 27k, beheragoko eremu geografiko batean. Oro har, tokiko erakundeak dira, eta lurraldeari lotuak. Erakundeek 2013an kudeatutako bolumen ekonomikoa 1.451 milioi eurokoa izan zen, alegia, euskal BPGd-aren % 2,2. Erakundeen % 32k 12.000 euroko edo gutxiagoko aurrekontuak ditu”, esan du Artolazabalek.
Sektorearen finantzaketaren % 45 pribatua da, eta berezko finantzaketa % 38koa (dohaintzak, zerbitzuak ematea eta produktuak saltzea, erakunde pribatuen eta beste pribatu batzuen diru-laguntzak kenduta). % 42k diru-sarrera pribatu gehiago ditu publiko baino, eta % 12k ez du diru-sarrera publikorik. % 13k diru-sarreren iturri bakarra du, eta % 21ek, bost edo gehiago.
Artolazabalen hitzen arabera, “estatistikoki adierazkorra den lagin batean jasotako datuen analisiaren eta sektore erakunde eta sareekin partekatutako egoerari buruzko hausnarketaren bidez, 10 erronka identifikatu ditugu, eta horietako bakoitza EHGSren ikuspegi baten parte diren gako batzuekin lotzen da”.
Diagnostiko-prozesu horretatik ondorioztatu den ikuspegiak dakar Euskadik askotariko hirugarren gizarte-sektorea duela, alternatiba eraldatzaileak sustatzeko gai dena, lotura sendoa duela erakundeen eta horiek eratzen dituzten pertsonen artean eta kalitateko enplegua eskaintzen duela, jasangarria eta autonomoa, sendotua eta koherentea, gardena eta aitortua, beste agente batzuekin lotua eta aliatua, barnean loturak sendotuz, eta ongi antolatuta dagoela.
Estrategia sailen artekoa da, eta Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko hirugarren gizarte-sektoreak HGS sustatzeko foru eta toki mailako estrategiak zabaltzeko eta sektore publikoarekin maila exekutiboan eta legegintzakoan –Eusko Legebiltzarra eta Batzar Nagusiak– elkarrizketa zibila sustatzeko jarduketak jaso ditu, baina lehen jarduketak berariaz jaso du elkarrizketa zibilari buruzkoa eta EHGSSEren zeharkakotasunari buruzkoa, Eusko Jaurlaritzari dagokionez.
Legegintzaldi honetarako, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak 12 ekimen lehenetsi ditu: Eusko Jaurlaritzak hirugarren gizarte-sektorearekin duen lankidetzaren zeharkakotasuna sustatzea eta Elkarrizketa Zibileko Mahaia sendotzea; eredu mistoaren zabalkundearen segimendua egitea, sustatzea eta balioestea (lankidetza publiko-soziala), gizartean esku hartzeko eremuan; gizarte-kontzertuaren eta hitzarmenen erregimena sustatzea, gizartean esku hartzeko eremuan erantzukizun publikoko zerbitzuak ematean sektorearen lankidetza formalizatzeko; hirugarren gizarte-sektoreko erakundeetan arretarako eredu komunitarioa sendotu eta sustatzea; Sailaren diru-laguntza eta laguntzak aztertu eta hobetzea eta lerroak deialdi bakarrean batzea eta, horrela, ezagutzaren kudeaketarako lerroa berreskuratzea; Gizarte-azpiegiturak sustatzeko plana, erantzukizun publikoko zerbitzuak emateari eta gizartean esku hartzeko eremuan hirugarren sektoreko erakundeen interes orokorreko beste jarduera batzuei lotuta; erakundeen betebeharren eta eskubideen irismena argitzea; hirugarren gizarte-sektorearen eta erakundeen balio osoa eta balio erantsia identifikatu, aitortu eta sustatzea; Euskadiko hirugarren gizarte-sektorea, haren errealitatea eta ekarpena ezagutzera emateko ekimena sustatzea; hirugarren sektoreko erakunde eta sareei buruzko erregistro-datuak hobeto erregistratzeko eta eskuragarriago egoteko ekintzak sustatzea; Euskadiko hirugarren gizarte-sektorearen egoerari, sustapen-neurriei eta estrategiaren zabalkundeari buruz ikertzeko eta ebaluatzeko aldian behingo zikloa martxan jartzea; eta Hirugarren Gizarte Sektorearen Euskal Behatokia aktibatzea.