Eu

Alex Fernández Muerzak ekonomia zirkularraren gaia jorratzeko eginiko erreportaje batek eskuratu du Euskadiko ingurumen-kazetaritzako lanik onenaren saria

2018.eko ekainak 07
  • Prentsaren, irratiaren eta telebistaren kategorietako irabazleak honako hauek izan dira, hurrenez hurren: ABCn argitaratutako merkurioari buruzko erreportaje bat, Radio Euskadiko «Más que palabras» programako naturaguneei buruzko atal bat eta ETBko «Teknopolis» saioan emandako bioplastikoen inguruko erreportaje bat
  • Epaimahaiak erabaki du, halaber, accesit bat ematea Txinak energia berriztagarrien alde eginiko apustuari buruz Berria egunkarian argitaratu zen lan bati
  • Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eta Ihobek deitutako Euskadiko Ingurumen Kazetaritzako Sariaren laugarren edizioa izan da aurtengoa, eta jasangarritasunaren kultura sustatzen duten kazetari eta komunikabideen lana aitortzea da haren xede nagusia

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua, Iñaki Arriola, Euskadiko Ingurumen Kazetaritzako Sariaren laugarren edizioko sariak emateko ekitaldian izan da. Alex Fernández Muerzak irabazi du sari nagusia, 2.000 eurorekin eta trofeo batekin, Ballena Blanca aldizkarian argitaratutako «Estos cinco productos no se compran» erreportajearengatik. Lan horretan mundu zabalean ekonomia zirkularraren ereduaren adibide diren bost ekimen berritzaile eta aitzindari jorratzen dira. Eredu hori naturaren ziklo zirkularrean oinarritzen da; bertan, hondakinak baliabide bilakatzen dira eta, horrela, materialak eta energia aurrezten dira eta merkatu-nitxo berriak irekitzen dira.

Prentsa idatziaren kategorian, epaimahaiak bi sari ematea erabaki du. Alde batetik, accesita, Zigor Aldama kazetariak irabazi duena, «Txinak aurpegia garbitu nahi du» izeneko erreportajearengatik. Lan horren gaia da Txinak, munduan gehien kutsatzen duen herrialdeak, hazkunde jasangarriago bat izateko energia berriztagarrien alde egin duen apustua.

Kategoria honetako saria, aldiz, 1.000 eurorekin eta diploma batekin, Araceli Acostak eskuratu du, ABC egunkarian argitaratutako «El mundo dice adiós al mercurio» erreportajearengatik. Lan horretan, merkurioaren esposizioa ahalik eta gehien murrizteko indarrean sartu den nazioarteko tratatu berriaren gaia jorratzen du. Substantzia hori planetako kaltegarrienetakoen artean sailkatzen du Osasunaren Mundu Erakundeak eta, halere, presente dago oraindik ere produktu askotan.

Irratiaren kategorian, Radio Euskadiren iganderoko «Más que palabras» irratsaioaren barruan Natura 2000 Sareko espazio eta hotsen berri ematen duen atal batek irabazi du 1.000 euroz eta diploma batez osatutako saria. Almudena Cacho da programaren zuzendaria, eta Ramón Elósegui hegaztien adituaren laguntza izaten du. Apustu horrek argi erakusten du naturaren hotsek badutela lekua komunikabideetan eta, zehazkiago, Euskadiko irrati-programa arrakastatsuenetako batean.

Azkenik, telebistaren kategorian, 1.000 euroen eta diplomaren irabazlea Iñaki Leturia izan da, «Plastikoak txipiroi erara» erreportajearengatik. Lan horretan, Euskal Herriko Unibertsitateko BIOMAT lantaldeak egindako ikerketa-lan bat aurkezten du, plastiko-kontsumoaren ordezko alternatiba jasangarriak eskainiz. Zehazkiago, azaltzen du txipiroien hezurra material berriak eta bioplastikozko konposatuak ekoizteko lehengai egokia izan daitekeela. Erreportajea eman duen programak (Teknopolis, ETB), gainera, dibulgazio zientifikoa edo genero-berdintasunaren sustapena ditu bere balioen artean eta, hartara, emakume zientzialarien ekarpenak ezagutarazten eta ikusarazten ditu.

Iñaki Arriola sailburuak eman dio amaiera ekitaldiari eta, bere hitzaldian, azpimarratu du komunikabideen eta komunikazioaren arloko profesionalen ekarpena ezinbestekoa dela herritarrek ingurumen-arazoen berri izateko eta ulertzeko. «Gizartean, gero eta gehiago dira ingurumenarekiko sentsibilitate hori ekintza eta konpromiso zehatzetan gorpuztearen alde daudenak, eta horrek etorkizun itxaropentsu bat dakarkigu, aukera izango baitugu heldu beharreko erronka handiei ekiteko: klima-aldaketaren aurkako borrokari, ekonomia zirkularraren sustapenari eta garapen jasangarriaren helburuekiko konpromisoari».

Era berean, eskerrak eman nahi izan dizkie sariaren epaimahaia osatzen duten kideei, egindako lanagatik. «Badakit erabakia hartzea ez dela erraza izan, maila oso altuko lanak izan baitituzue esku artean», esan du Arriolak. 2018ko Euskadiko Ingurumen Kazetaritzako IV. Sari honen epaimahaia osatu duten kideak honako hauek izan dira: Jesús Coterón, Euskal Kazetarien Elkarteko presidentea; Amaia Urkia, EiTBko kazetaria; Clara Navío, APIA - Ingurumen Informazioko Kazetarien Elkarteko presidentea; Caty Arévalo, EFE Verdeko kazetaria; Bego Zubia, iazko edizioaren irabazlea eta Elhuyar Fundazioko kidea; Emilio Alfaro, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko komunikazio-arduraduna; eta Jesús Losada, Ihobe sozietate publikoko zuzendari nagusia, epaimahaiaren idazkari-lanak egin dituena.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak