Berriak Segurtasuna
Eu

2.000 euroko zigorra jarri diote Gasteizko taberna baten jabeari adingabe bati makina batean apustu egiten uzteagatik

2018.eko ekainak 07

Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak 13 espediente ireki zituen 2017an adingabeei joko-aretoetan sartzen uzteagatik

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainak 6

Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 2. Epaitegiak 2.000 euroko zigor ekonomikoa jarri dio Gasteizko taberna baten jabeari arau-hauste larri batengatik, “joko-aretoen edo jokoak dauden lokalen titularrek edo arduradunek adingabeei jokatzen uzteagatik debekatuta dutenean”.

 

2017ko otsailaren 23ko epaian jartzen duenez, Ertzaintzako Joko eta Ikuskizun Unitateak Gasteizko taberna bat ikuskatu zuen eta adingabe bat ikusi zuen establezimenduan zegoen apustu-makina osagarri batean apustu egiten, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak dagokion zigor-espedienteari hasiera eman zion eta 2.000 euroko isuna jarri zion.

 

Ostalaritza-establezimenduaren titularrak errekurtsoa jarri zion isunari Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, eta errugabetasun-printzipioa alegatu zuen adingabearen itxura fisikoaren arabera, une hartan 17 urte zituenez, berez zena baino zaharragoa ematen zuela eta.

 

Administrazioarekiko Auzietako Epaitegiaren epaian gogoratzen da Euskal Autonomia Erkidegoan Jokoa Arautzeko azaroaren 8ko 4/1991 Legearen 16. artikuluan jartzen duela establezimendu horietan agerian adierazita egon behar duela adingabeek debekatuta dutela B motako makinak erabiltzea eta aurreko zenbakian zehaztutako apustuak egitea.

 

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan jokoaren erregelamendu orokorra onesten duen uztailaren 27ko 120/2016 Dekretuaren 25. artikuluaren arabera, arau-hauste oso larria da “baimendu gabeko lokaletan edo baimendu gabeko pertsonek joko-jarduerak egiten uztea edo egin ditzatela onartzea, edota beharrezko baimenik ez duten joko-elementuak instalatzea eta ustiatzea”.

Gasteizeko Administrazioarekiko Auzietako 2. Epaitegiko magistratuaren ustez egiaztatuta dago jabeak onartu egin zuela adingabe batek, bere identitatea eta adina egiaztatzen duen agiririk eskatu gabe, lokalean dagoen joko-makina batean jokatzea. Epailearen ustez era horretako makinak izateko eta ustiatzeko baimena duen ostalaritza-establezimenduaren jabearen betebeharra da “horiek erabiliko dituen pertsonaren adina galdetzea eta egiaztatzea baldin eta adinez nagusia dela argi ez badago, eta ezin da aitzakia gisa erabili adingabearen itxura fisikoak engainatu egin zuela; izan ere, zalantza baldin bazuen eta gaztea zela ikusita, NANa eskatu behar zion, horixe baitzen bere betebeharra, eta ez zion joko-makina erabiltzen utzi behar”.

 

Hori dela eta, tipifikatutako arau-haustea justifikatuta dagoela uste du eta errekurtsogilea kostuak ordaintzera behartzen du.

 

Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak 13 zigor-espediente ireki zituen 2017an Euskadin arau-haustea dakarten egitateengatik adingabeei joko-aretoetan sartzen utzi izanaren ondorioz.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak