Berriak Hezkuntza
Eu

Cristina Uriartek irekiera eman dio Ikastetxeen Ebaluazio eta Autoebaluazio gaietako adituen Nazioarteko bilkurari

2018.eko ekainak 07
  • Estonia, Irlanda, Erresuma Batua, Portugal eta Zeelanda Berriko ikuskatzaileak, Euskadikoekin batera, ebaluazioez eta auto-ebaluazioez arituko dira Bilbo, hezkuntza sistemaren kalitatea jomugan hartuta

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak hasiera eman dio gaur goizez Ikastetxeen Ebaluazio eta Auto-ebaluazio gaietako adituen Nazioarteko Bilkurari, Bilbon. Topaketa, Hezkuntza Sailaren Ikuskaritza Zerbitzuak antolaturik ari da burutzen.

BI egunez, gau hasi eta bihar arte, Estonia, Portugal, Erresuma Batua nahiz Zeelanda Berritik etorritako hezkuntza-ikuskaritzako adituek eztabaida eta hausnarketa egingo dute Ikuskaritzak ikastetxeen ebaluazioan eta auto-ebaluazioan duen zereginaz. Era berean, arlo honetan dituzten esperientziak elkarren egingo dituzte, jomugan harturik beti ere nork bere hezkuntza sistemaren kalitatearen hobekuntza.

Irekiera hitzaldian, ebaluazioak hobekuntzarako tresna gisa duen garrantzia hartu du hizpide, hain zuzen ere, Cristina Uriarte sailburuak. “Bereziki atsegin gertatzen zait ikustea, nazioarteko bilkura honek helburu duela hezkuntza-sistemen hobekuntzarako aurrerapausoak egitea. Uste dut sobera ezaguna dela ebaluazioen alde egin izan dudan defentsa, hobekuntzarako tresna gisa ulerturik. Benetan sinesten dudalako defendatzen dut ebaluazioaren kultura. Zerbaitetan hobera egin ahal izateko lehen urratsa, izan hezkuntzan, izan bizitzako beste edozein arlotan, egoera zein den albait zehazten ezagutzea da: non dauden indarguneak, eta are garrantzitsuagoa, non egin behar den ahaleginik handiena”.

Urteek aurrera egin ahala Hezkuntza-ikuskaritzak Euskadin izan duen bilakaera ere errepasatu du sailburuak, bere zereginak ugarituz, ebaluazioaren gaian erabat inplikatu arte. “Benetan azpimarratu nahi nuke Ikuskaritzak azken urteotan egin duen ibilbidea. Lan isila egitetik, egindako lanaren gaineko aitortza jasotzera pasatu gara”, baieztatu du. Zuzendaritza taldeen ebaluazioaren inguruan Ikuskaritzak eginiko lan garrantzitsuaz ari zen horrela Uriarte, edo irakasleen ebaluazio-sistema berri bat diseinatzeko Euskadiko Ikuskaritzak gidatu zuen ekimen europarraz. “Erasmus+ programaren baitan, eta Italia, Portugal, Lituania, Errumania, Erresuma Batua nahiz Txipre lagun genituela, Europako Batasuneko herrialde guztiek orain eskura duten sistema bat diseinatu zen. Euskadiko Ikuskaritzaren lidergoarekin egindako lan horrek lanabes garrantzitsu bat emateaz gain, nazioarteko gure harreman sarea hedatzen ere lagundu zigun”.

Cristina Uriartek, gainera, aurreratu du, ikasturte honetan zehar Euskadin ekimen berritzailea jarri dela abian. “Lehen aldiz, auto-ebaluazio sistema baten pilotajea egin dugu, Lehen Hezkuntzako eta DBH-ko 21 ikastetxeren parte-hartzearekin. Diseinatu eta exekutatu da, eta orain emaitzak aztertzen hasi beharra dugu”. Sailburuak nabarmendu du ekimen berri hau abian jarri ahal izateko egon den elkarlana: Ikuskaritza, Euskalit Fundazioa eta Hezkuntza Saileko Berritzegune Nagusiaren artean egon den elkarlana. 

Euskadiko Hezkuntza Ikuskaritza berriki sartu da Europako Hezkuntza Ikuskaritzak biltzen dituen SICI elkartean. Elkarte honek Maltan joan zen urrian eginiko azken bileran hasi zen forma hartzen egun hauetan Bilbon –Euskadik antolaturik- burutzen ari den bilkura.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Jose Angel Ayucar (Ikuskari Nagusia)