Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria: “gure erantzukizuna entzuteko desgaitasuna duten pertsonen inklusioa posible egingo duten jokabideei bide ematea da”

2018.eko ekainak 08
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

CNSE-Gorren Estatuko Konfederazioaren VII. Biltzarra: “Elkartze-balioa: etorkizuneko konpromisoa”

Gaur eta bihar, Bilboko Euskalduna Jauregian

 Iñigo Urkullu Lehendakariak uste du “gizarte osoaren erantzukizuna dela entzuteko desgaitasuna duten pertsonen inklusioa posible egitea, ahozko komunikazioan oinarritutako gizarte-harremanen munduan”. Lehendakariak Gorren Estatuko Konfederazioaren VII. Biltzarraren Bilboko irekiera-ekitaldian azaldu duen bezala: “ezin dugu utzi beraiek bakarrik egin dezaten beren burua ulertarazi egin behar duten munduan parte hartzeko ahalegina”.

Biltzarra Euskalduna Jauregian da, "Elkartze-balioa: etorkizuneko konpromisoa” lemapean, Euskal Gorrak elkartearekin lankidetzan. Gorren Estatuko Konfederazioaren buru Concha Díaz Robledo da. CNSE 1936an sortu zen gizarte-ekintzako GGKEa da, “gorrentzako aukera-berdintasunaren” alde egiten du, “oztopoak ezabatzeko politiken bidez”. 17 federazio autonomikok eratzen dute, gorren 118 elkartek.

“Aurreratu gaitezen eta ezar ditzagun gizarte-bizitzan komunikazioa eta inklusioa erraztu ditzaketen baldintzak”, esan die Lehendakariak topaketako parte-hartzaileei. “Gor eta entzuleen erkidegook baterako erronka dugu aurretik; biok gaude komunikazio-oztopo batekin, elkar tratatu behar dugunean eta etengabe elkar behar dugunean, gizarte bakarra baikara”.

Iñigo Urkulluk esan duenaren arabera, “desgaitasuna duten pertsonen eskubideen alde apustu egitea erakunde gisa dugun betebeharra da, eta geure gain hartzen dugu.

Entzuteko desgaitasuna duten pertsonak edo gorrak oso presente dugun kolektiboa eratzen dute”.

“Gortasunak aniztasuna dakar, eta aniztasunak, entzuteko desgaitasunari dagokionez, aitortua, ulertua eta errespetatua izan behar du. Gortasunaren gizarte-irudia, batzuetan, estereotipo negatiboek markatu izan dute; baina hori, zati batean, nire iritziz, zuon kolektiboarekin lotutako politiketan eragin negatiboa izan duten komunikazio-mekanismoen inguruko ezjakintasun sakonaren ondorio da”, esan du Lehendakariak.

Aurrerapena

Lehendakariak azpimarratu du “aurreiritzi horiek murrizten joan direla, eta gizartean azken urteotan aurrera egin duela eta gero eta handiagoa dela desgaitasunarekiko gizarte-sentsibilizazioa, oro har, eta gortasunarekikoa, bereziki. XXI. mendean, oraindik, oztopoak daude, eta nire ustez zuona oraindik emateko urrats ugari daudela ulertzen duen kolektiboetako bat da”.

Urkulluk “kontzientziazio handiagoa” proposatu du “entzuteko desgaitasunarekin eta gortasunarekin, bai entzumen-hondarra duten eta audifonoak edo entzumena hobetzeko bestelako aparatu teknologikoak erabiltzen dituztenen kasuan, bai ez entzumen-hondarrik ez dutenen kasuan. Hemen zaudeten askok ezpainak irakurri behar dituzue, ahozko diskurtsoa ulertzeko. Gure erantzukizuna da hori egin ahal izateko baldintzak ezartzea”.

Urkulluk esan du “entzumena galtzea fenomeno konplexua dela. Gortasunaren berehalako ondorioa komunikazioaren etena da eta, ondorioz, komunikazio-eginkizuna hasi edo berreskuratu egin behar da; hori horrela, ahalduntze-estrategiak –ahalduntze psikologikoa sustatzeko ez ezik, komunitarioa ere sustatzeko–, lehenengo eta behin, komunikazio-oztopoak ezabatzera bideratu beharko lirateke”.

Autonomia

Era berean aitortu du, banaka eta elkartean, gor dauden pertsonak “autonomia berenganatzen doazela erabakiak hartzean eta beren bizitzen gaineko kontrola gauzatzen doazela, informaziorako irispide librea, parte-hartze inklusiboa, erantzukizuna eta gaitasunen garapena oinarri izanik”.

Beatriz Artolazabal sailburua ere ekitaldian izan da eta, berarekin batera, Lehendakariak funtsezkotzat jo du “zuon gizarte-taldeak boterea eta independentzia eskuratzea”. Urkulluk honako gai hauei buruzko estrategiak identifikatu ditu: komunikazio-oztopoei buruzko legeria sustatzea; beharrezko informazioa ematea; gizabanakoen aldaketara egokitzeko gaitasuna hobetzea; eta gorren eta transferentziak egiten dituzten eremuetako profesionalen arteko komunikazioa hobetzea.

Iñigo Urkulluk zorionak eman dizkio Euskal Gorrak elkarteari, CNSEren (Gorren Estatuko Konfederazioa) plan estrategikoari atxikitako Gorren Elkarteen Euskal Federazioari. “Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailean Euskal Gorrak elkartearekin dihardugu lankidetzan, duela denbora asko, batik bat zeinu-hizkuntzako interpreteen zerbitzuarekin, eta guretzat kolektiboa moldatzeko erraztasuna ematearen aldeko apustu irmoa da”.

“Elkarren ondoan lan egiten dugu gizartean guztiok helburuak lortzeko erraztasun eta zailtasun berak izateko”, esan du amaitzeko Urkullu Lehendakariak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak