Eu

Enoturismoko Nazioarteko Biltzarreko zuzendariak Araba bisitatu du 2019ko egoitza berria xehetasunez ezagutzeko

2018.eko ekainak 07

 

  • IWINETC, enoturismorako nazioarteko topaketarik garrantzitsuenetakoa, Gasteizen eta Arabako Errioxan izango da 2019ko martxoaren 10-17ko astean.

 

  • Anthony Swift IWINETCeko zuzendaria aste honetan Euskal Autonomia Erkidegoan da, enoturismoko biltzarra hartuko duten espazioak ebaluatzeko bisita teknikoan.

 

Anthony Swift IWINETCeko zuzendariak aste honetan bisita teknikoa egin du 2019ko martxoaren 10-17ko enoturismoko nazioarteko biltzarra hartuko duten espazioak baloratzeko. Iristean, harrera egin diote erakunde antolatzaileen arduradunek: Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismoaren Sustapeneko foru-diputatu Cristina González; eta Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritzako zuzendari Maider Etxebarria.

Gorka Urtaran alkateak antolatzaileei ongietorria egin eta hau azaldu die: “Prest gaude, herrialde askotako profesionalak hartzeko ez ezik, zenbait egunez ardoaren kulturarekin lotutako turismoaren erreferente izateko, hori baita gure herriaren harrotasunetako bat, baita gorantz ari den sektore turistikoa ere. Biltzarra egiteak onura handia dakar Gasteizentzat, Arabako Errioxako eskualdearentzat eta gure herrialdearentzat”.

 

Enplegu, Merkataritza eta Turismoaren Sustapeneko foru-diputatu Cristina Gonzálezek hau adierazi du: “Lanean ari gara biltzar handi bat antolatzeko, Arabako Errioxa bikaintasunezko helmuga enoturistiko gisa finkatzeko eta enoturismoaren sustapenari bultzada handi bat emateko aukera hau baliatzeko. Ardoarekin lotutako kalitatezko gertakariak behar ditugu, eta biltzar hau, sektorearen barruan munduan dagoen garrantzitsuenetakoa, horixe da. Gainera, horrek berekin ekarriko du behe-denboraldian Gasteizera eta Arabara ehunka bisitari etortzea. Beraz, jarduera-motor bat izango da hotel, jatetxe, taberna eta bestelako enpresa turistikoentzat”.

 

Maider Etxebarria Eusko Jaurlaritzako Turismoko zuzendariak poza azaldu du “halako biltzar bat Araban izateagatik, lagungarria izango baita Euskal Autonomia Erkidegoa eta, zehazki, Arabako Errioxa helmuga enologiko nabarienen artean posizionatzeko. IWINETC 2019 biltzarrak bultzada eta ezagutza ekarriko dizkio gure enogastronomiaren ospeari”.

Mariasun Sáenz de Samaniego Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideko presidenteak honako hau esan du IWINETC biltzarrari buruz: “Bultzada handia ekarriko dio garapen enoturistikoari eta dibertsifikazio ekonomikoari, eta kalitatezko turismoa sustatuko du. Horrek aukera emango du gure herrietan ekonomia pizteko eta, aldi berean, gure nortasunari eutsiz gure paisaia eta ondarea baliarazteko”.

 

Ordezkari instituzionalek eskertu nahi izan dute 3 erakundeen eta Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidearen artean izandako koordinazioa nazioarteko biltzar hau gauzatzean eta antolatzean.

 

IWINETC 2019

 

Apirilean baieztatu zen International Wine Tourism Conference, Exhibition & Workshop (IWINETC) biltzarraren XI. edizioaren egoitza Araba izango zela. Biltzar hori enoturismoaren arloan nazioarteko topaketa garrantzitsuenetakoa da. Harrezkero hasi da lanean 3 instituzioek osatutako talde teknikoa, Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidearen lankidetzaz, IWINETCen antolatzaileekin.

Lan-ildo horren barruan dago Anthony Swift-en bisita hau, IWINETC hartuko duten espazioak zuzenean ezagutzea helburu duena. Edizio hau honela banatuko da: txostenak aurkezteko 2 egun Gasteizen eta beste 2 egun eta erdi Arabako Errioxan workshop lana egiteko. Workshopean bilduko dira produktu enoturistikoen hornitzaileak eta bidaia-agentziak, baita enoturismoa merkaturatzen espezializatutako turoperadoreak ere.

Biltzarrak, halaber, produktu enoturistikoen hornitzaileentzako erakusketa-eremu zabal bat izango du; elkarteez, turismo-bulegoez, ardoaren museoez eta upeltegiez gainera.

Bisita biltzarraren egoitza den Europa Jauregian hasi da. Bertan bildu dira alkatea, diputatua eta turismoko zuzendaria. Ondoren, ordezkaritza Gasteizko zenbait hoteletara joan da, baita eraztun berdera eta hornidura-azokara ere.

Santa Katalinako lorategi botanikoa eta Gatz Harana ibili ondoren, ordezkaritza Arabako Errioxara joan da. Bertan, biltzarraren inguruko jarduerak egingo diren upelategiak eta hotelak bisitatu dituzte.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Cristina Gonzalez, Diputada de Fomento del Empleo, Comercio y Turismo de la Diputación Foral de Álava; Gorka Urtaran, Alcalde de Vitoria-Gasteiz