Eu

Bingen Zupiria sailburuak Final Four Vitoria-Gasteiz 2019-ren aurkezpenean parte hartu du

2018.eko ekainak 07

Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, Saski Baskoniarekin batera, gaur goizean sinatu duten akordioaren bidez, Fernando Buesa Arenan izango da 2019ko Euroligaren Final Fourra. Europako saskibaoi ekitaldi nagusienak 50 milioi eurotik gorako eragin ekonomioa izan nahi du, antolaketak torneoaren azken ekitaldietan oinarriturik eman dituen datuek halaxe adierazten baitute.

Akordioa sinatzearekin nabarmendu nahi izan da orain arte ekitaldi hori egin den hirietan izandako eragina, eta adierazi du kirol txapelketa baino askoz gehiago dela eta, harekin batera, ehunka jarduera egingo direla, hiria, lurraldea eta Euskadi saskibaloiaren benetako festa bihurtzeko.

Dena dela, kopuru ekonomikoekin batera oihartzun mediatiko izugarria ekarriko du, urte osoan hiria nazioartean ikusgai egin ahal izateko. Horrez gain, 179 herrialdetan  izango da telebista estaldura Final Fourra jokatzen ari den bitartean. Ez da ahaztu behar orain dela hiru aste kirol ekitaldi hori Belgradon egin zenean, 32 herrialdetako 619 kazetari egon zirela akreditaturik.

Are gehiago, sare sozialetan izandako oihartzunak berretsi zituen datu horiek. 2018an 3,4 bilioikoa izan zen Final Fourra dela-eta interakzioek izan zuten helmena, eta kopuru hori hazi egin liteke datorren urtean, kontuan izanda 2016an 1,4 bilioikoa izan zela eta 2017an 2,6 bilioikoa.

Akordioa sinatzeko protagonista nagusi izan dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Ramiro González Arabako diputatu nagusia, zeinak Jordi Bertomeu Euroligako CEOrekin akordioa itxi duten, eta Josean Querejeta Saski Baskoniako lehendakaria ere han izan da haiekin batera.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak nabarmendu du Arabako hiriburuan inoiz egin den kirol ekitaldirik handiena izango dela 2019ko Final Fourra.   “Ekitaldi hori gurean izatea eta “Basket Capital” saskibaloiaren hiriburu bihurtzea erronka izugarria eta aukera ezin hobea izango da, baita ekonomiaren ikuspuntutik ere”, adierazi du.  Ildo horretatik, alkate gasteiztarrak nabarmendu duenez, “Gasteiz hiri modernoa dugu, txundiarazteko irrikaz dagoena, eta orain dugun egoera hau aprobetxatzeko erabat gaitua". Hori dela-eta, Udalak “gogor egingo du lan, hiriko sektore guztiak onuradun izan daitezen”, ziurtatu du Gorka Urtaranek.

Modu berean, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nabarmendu du kirol ekitaldi horrek eragin positiboa izango duela Euskadin: “Beste hiriburu batzuetan izandako kultur edo kirol ekitaldi batzuekin gertatu den bezala, Final Fourrek izango duen eragin positiboa Gasteiz eta Arabatik harago helduko da. Lehen mailako kirol ekitaldia dugu, ondorioak euskal lurralde guztietan izango dituena”.

Ildo horretatik, sailburuak azpimarratu du Final Fourrak aukera berri bat eskaintzen duela munduari Euskadiren irudi berria proiektatzeko. “Azken urteotan lortu dugu gure mugetatik kanpo Euskadiren irudia  herrialde moderno, aurreratu, bateratu eta kulturarekin eta kirolarekin interesatu batekin lotzea. Eta lorpen hori geure burua proiektatzeko aukera eman diguten apustuei esker izan da, 2019ko Final Fourra antolatzeko erronka hau bezala", adierazi du.

Bestalde, Arabako diputatu nagusiak adierazi duenez, lurraldeak aurre egin behar dio “orain arte egin den Final Fourrik onena egiteko erronkari, eta hori egiteko, alkatearen ahotan, hiri guztia kutsatzen saiatuko gara, hainbat eta hainbat jarduera paralelo antolatuz Gasteizko leku desberdinetan, eta mundu guztia horren partaide eginez”. “Baina erronka hori ez da hor geratuko, Arabak Final Fourra berea dela jakitea nahi dugu, lurraldea nazioarteko ekitaldi honetaz kutsatzea”, gehitu du Ramiro Gonzálezek. “Beraz, gure helburua arabarrak ekitaldi honen antolaketan sartzea izan behar da, Final Fourraren inguruan egiten diren jarduera osagarriak lurraldean ere egitea eta gure herritar guztiei helaraztea".

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2018.eko ekainak 07

    Comentario de Twitter:
    🏀 @ZupiriaB sailburuak Final Four Vitoria-Gasteiz 2019-ren aurkezpenean parte hartu du ➡︎ https://t.co/VbaE7WT6hu https://t.co/R1upA0pkXL

Ekitaldiko kargudunak