Berriak Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak
qrcode

Antonio Aiz: "Euskal Y-aren, Europako lehentasunezko sarearen, exekuzioa eta garapena ezin dira gorabehera politikoen mende egon"

2018-06-06
  • Eusko Jaurlaritzak azpiegitura logistiko nagusien garapenari arazoak eta trabak jartzea zentsuratu du: portuak, aireportuak, trenbidea edo plataforma logistikoak
  • Euskadi, nazioarteko merkataritzarako Atlantikoko ardatzeko nodo logistiko estrategiko gisa aurkezten da Bartzelonako SIL azokan

Antonio Aiz Azpiegitura eta Garraio sailburuordea buru izan den Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza eta Euskadiko  azpiegitura eta agente logistiko garrantzitsuenetako zenbait eragile gaur goizean elkartuko dira aste honetan Bartzelonako Firan egiten ari den SIL Logistikaren Nazioarteko Aretoan.

Antonio Aizek azpimarratu duenez, “Euskal Y-a Igarobide Atlantikoaren funtsezko gunea da, eta EBk lehentasunezko izendatu duen Ten-T izeneko Europako sarearen barruan dago”. Sailburuordeak nabarmendu duenez, “guk nahi baino beranduago heldu arren, azken urtean bultzada garrantzitsua eman diogu azpiegitura honen garapenari, laneko kronograma eguneratuz eta 2023an zerbitzuan sartu ahal dadin plangintza ezarriz”.

Hori dela eta, “ezin dugu ulertu inork Euskal Y-aren garapena, martxan edo  planifikatuta dauden inbertsioak eta lanak oztopatu nahi izatea”. Sailburuordearen hitzetan, “Euskal trenbide sare berria zerbitzuan jartzeak lehentasuna du Euskadirentzat eta igarobideko Atlantikoko gainerako lekuentzat, eta ezin da gorabehera politikoen mende egon”.

Aizek azpimarratu duenez, Euskadiren kokalekua estrategikoa da, baina gure konexioa “hobetu egin daiteke” oraindik. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritza lanean ari da, Europarekin zuzenean lotzen gaituen trenbide sarea hobetzen, Bilboko Portuko trenbide-portu lotura (Trenbidearen Hegoaldeko Saihesbidea) eta Pasaiako Portuarena (Astigarraga-Oiartzun-Lezo tartearekin eta Lezoko plataformarekin) hobetzen, Jundizko plataforma logistikoan, Lille eta Gasteiz arteko trenbide autopistaren garapenerako eta Forondako Aireportuko zentro logistikoan, H24arekin.

Hori dela eta, “Eusko Jaurlaritzak Euskadiko azpiegitura logistiko nagusien garapenari arazoak eta trabak jartzea zentsuratu du”.

Euskadi nodo logistiko gisa

Euskadi Basque Country Logistics standarekin etorri da logistikaren nazioarteko hitzordu horretara “gure lurraldeak Atlantikoko ardatzean duen posizionamendua indartzeko helburuarekin”. Euskal erakundeek garraioaren eta logistikaren alorretako azpiegitura guztien aldeko apustua bateratzen dute: Bilboko eta Pasaiako portuak; Loiuko, Forondako eta Hondarribiko hiru aireportuak; eta ahalmen handiko eta nazioarteko izaerako errepide eta trenbide sareen bitartez ondo lotuta dauden plataforma logistikoak.

Azpiegitura multzo hori gure lurraldearen konektibitatea bermatzen duen eta bere egitura ekonomikoaren lehiakortasuna hobetzen duen garapen ekonomiko iraunkorraren oinarria da.

Aizek adierazi duenez, “Atlantiko osoan lehentasunezko posizioa lor dezakegu eta lortu behar dugu, izan ere, etorkizunean, euskal ekonomia osoarentzat aukerak zabalduko dituen merkantzia bolumenak zirkulatuko du bertatik. Ondo prestatuta egon behar dugu, igarobide lehiakor gisa posizionatuz”. Eusko Jaurlaritza lanean ari da, gure industria gero eta hobeto konektatuta egon dadin, lotura intermodalen bitartez.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)