Berriak Lehendakaritza
Eu

Biocruces Bizkaia eraikin berria osasun-arloko ikerketa eta berrikuntzako ekipamendu erreferente bihurtu da

2018.eko ekainak 06

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaur inauguratu du eraikin berria, euskal gizarteko politika, ekonomia, zientzia-teknika eta hezkuntzaren munduko eragilez lagunduta 

Eraikin berriari esker, lurraldeko ikerketa berregituratuko da; hala, aurrerantzean Biocruces Bizkaia Ikerketa Institutua deituko da eta Gurutzeta, Basurtu eta Galdakaoko ospitaleetako ikerketa-jarduerak bateratuko ditu     

Iñigo Urkullu lehendakariak lurralde historikoko osasun-ikerketa publikorako eraikin berria aurkeztu du gaur, Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutua deiturikoa (lehen, Biocruces). Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planean (ZTBP) eta 2020rako Ikerketa eta Berrikuntzarako Estrategian definitutako estrategiekin lerrokatuta, ekipamendu berriak Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko, Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko eta Galdakaoko Ospitaleko ikerketa-jarduerak bateratzen ditu.

Eraikin berria, Biocruces Bizkaia izenekoa, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko ospitale-barrutian kokatuta dago. Guztira, 6.131 m2-ko azalera eraikia dauka, soto, erdisoto, beheko solairu eta beste lau solairutan banatuta. Eraikina egiteko 18 milioi euro inguruko inbertsioa egin da, eta horretarako, Europako funtsen eta Carlos III.a Osasun Institutuaren laguntza jaso da.

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak honako hau adierazi du: «Eraikin moderno hau euskal ikerketa-komunitateak duen ahalmen gero eta handiagoaren adierazlea da. Euskadiko osasun-sistema publikoak ikerketaren eta berrikuntzaren alde egindako apustuaren ikurra».

Lanak 2015eko urrian hasi ziren eta aurreikusitako epean bukatu dira, 2017. urtearen amaieran. Geroztik, eraikin berria teknologia modernoenaz eta beharrezko baliabide guztiez hornitu da, 800 inguru ikerlariei beren ikerketa-lana modu lehiakorrean egin ahal izateko beharrezko tresnak emateko. Adibideak: Mikroskopia Fokukidea, Zitometria, zelula-kultiboak egiteko eremuak, analisi genetikoak egiteko azpiegitura berriak, etab.

Eraikin berriarekin, Biocruces Bizkaia jaio da (orain arte, Biocruces bakarrik zen). Bizkaiko ikertzaile guztiak eta hala nahi duten kide eta kolaboratzaile guztiak biltzeko asmoa duen osasun-ikerketako institutua. Eraikin moderno hau eraberritzearen eta euskal ikerketa-komunitatearen ahalmen gero eta handiagoaren erakuslea da.

«Biocruces Bizkaia ikerketa biomediko traslazionaleko motor bat da eta ikerketaren emaitzak pazienteen osasunaren mesederako erabiltzea du helburu. Pertsonei mesede egingo die, baina baita osasun-sistema osoari ere», erantsi du Iñigo Urkullu lehendakariak.

Informazio gehiago hemen.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @jdarpon
    2018.eko ekainak 06

    Comentario de Twitter:
    Biocruces Bizkaia eraikin berria osasun-arloko ikerketa eta berrikuntzako ekipamendu erreferente bihurtu da https://t.co/L1s4Q1tqzp

Ekitaldiko kargudunak