Berriak Hezkuntza
Eu

1,75 milioi euro pertsonala IRALE programan duten ikastetxe pribatuetarako (Gobernu Bilera 2018-06-05)

2018.eko ekainak 05

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran Agindu bat onartu du, 2018. urtean klase-orduetan eman beharreko IRALE (Irakasleak Alfabetatu eta Euskalduntzea) programako euskara ikastaroetan parte hartzeko irakasleak liberatu nahi dituzten ikastetxe pribatuei edo ekimen sozialeko ikastetxeei eman beharreko diru-laguntzen deialdia argitara ematen duena.

1.753.000 euroko zenbateko globala duten diru-laguntza horiek, euskara ikasteko liberatutako irakasleak ordezkatzearen ondoriozko gastuak diruz laguntzea dute helburu. Irakasle horiek aukera izango dute urteko, hiruhilekoko edo 5 asteko ikastaroak egiteko.

Hezkuntza Sailak laurogeikoen hamarkadan ekin zion irakasleak euskaldundu edo alfabetatzeko lanari. Irakasleak hizkuntzetan gaitzeko IRALE programak, beraz, hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidea egin du dagoeneko. Guztira 80 irakasletik gora ari da bertan, bost irakastegitan (Bilbon bi eta Donostian, Gasteizen eta Eibarren bana), eta kanpo-euskaltegien laguntzaz osatzen du bere eskaintza.

Urteek aurrera egin ahala hezkuntza-sisteman irakasleen hizkuntza-gaitasunean izan den aldaketa tipologikoak behar berriak sortu ditu, hasierakoekin alderatuta erabat desberdinak. Horregatik, IRALEK egun eusten dio oraindik ere irakasleak euskalduntzeko helburuari, baina haien hizkuntza gaitasuna sendotzeak hartzen du programaren zatirik handiena, izan sare publikoko zein itunpeko ikastetxeetako irakasleak. Horrekin batera, irakasleak hizkuntzaren didaktikan eta metodologietan gaitzea eta prestakuntza sozio-kulturala emateaz ere arduratzen da.  Era berean, euskarazko ikasmaterialen hizkuntza-kalitatea bermatzeko lanetan ere parte hartzen du, materialak edukiz, moldaera teknikoz eta hizkuntza-trataeraz egokiak izan daitezen bermatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko