Lehendakariak 2017ko Euskadi Ikerkuntza Saria eman dio Enrique Echeburua psikologoari
Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak 2017ko Euskadi Ikerkuntza Saria eman diote gaur arratsaldez Enrique Echeburua Psikologia Klinikoko Katedradunari, Lehendakaritzaren egoitzan burutu den ekitaldian.
Lehendakariak adierazi du Enrique Echeburua pertsona aitzindari dela, aitzindaria gaietan, berrikuntzan eta aplikazioan. “Lanari buru-belarri ekin dion pertsona bat daukagu gure artean. Pertsonen ongizatea hobetzeko asmoz dena eman duen pertsona”, esan du Lehendakariak.
Euskadi Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusi, bai eta honako beste hauek ere: Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea, betiere horien lanak oso eragin positiboa badu Euskadin. Hezkuntza Sailak urtero deitzen du Euskadi Ikerkuntza Saria. Urte bakoitietan, Gizarte-Zientzien eta Humanitateen modalitatean egiten da deialdia; urte bikoitietan aldiz, Zientzia eta Teknologia arloko profesionalen lana aitortzen du sariak.
Euskadi Ikerkuntza Sariaren aurtengo epaimahaiak Echeburua doktorearen lanean nabarmendu du, hark ikerketan nahiz irakaskuntzan egin duen ibilbidea, baina baita psikologia klinikoaren eremuan nazioarteko erreferente bihurtu den ikerketa taldea sortu eta zuzendu izana ere. Ikerketaren eremuan, azpimarratzekoa da Echeburuaren ikerketa-lanak mailarik goreneko hamaika argitalpenetan jasoak gelditu izana, deialdi publiko lehiakorren bidez eskuratu dituen hainbat ikerketa-proiektutan izan duen lidergoa ahantzi gabe. Gainera, epaimahaiak berretsi duenez, sarituak ekarpen nabarmena egin du hainbat nahasmendu mentaletarako –ebidentzian oinarriturik- tratamendu eta ebaluazio protokoloak garatu eta abian jartzeko, hala nola, adikzio kasuetarako nahiz familia eremuan gertatzen den genero-indarkeria kasuetarako. Eremu hauetan lortu ditu aurrerapenak hain izan dira esanguratsuak, ezen arlo akademikoa gainditu eta gizartera ere arrakastaz transferitu baitira.
Enrique Echeburua, Donostian jaioa da (1951). Madrilgo Complutense Unibertsitatean Psikologian Doktore (1978), eta Psikologia Klinikoko Katedradun UPV/EHUn (1989). Bere ikerketa lana UPV/EHUren Psikologia Fakultatean gauzatu du, 80koen hamarkadaren erdi aldetik aurrera. Garrantzia sozial handiko gaien inguruan garatu du ikerketa aplikatua, psikologia klinikoaren esparruan: bikotekidearen kontrako indarkeria, sexu-erasoak, jokoarekiko menpekotasuna eta substantziarik gabeko adikzioak, eta antsietate-nahasmenduak.
Lan ildo horietatik nazioarteko hamaika argitalpen eta liburu esanguratsu jaio dira, eta baita doktore tesiak ere. Aipatzekoak dira gainera, jaso dituen zenbait sari ere: Jokabide-terapien Ikerketarako Zentroaren ikerketa saria (Madril, 1990), edo Psikologoen Elkargo Ofizialaren ikerketa saria (Madril, 1994).
Bikotekidearen kontrako indarkeria kasuetan laguntza psikologikoa emateko Eusko Jaurlaritza, Emakunde, eta Foru Aldundien artean itundutako hainbat programa abian jartzeko ardura izan du Echeburuak, baita sexu-erasoak jasan eta Justiziaren aurrean agertu behar izaten duten adin txikikoei babesa emateko protokolo bat garatzeko ardura ere.
Echeburua irakaslearen lan-taldeak diseinaturiko programak, biktimak eta tratu txar emaileak artatzeko Euskadiko erreferentziazko zentroetan aplikatzen dira. Gainera, Bikote barneko Indarkeria-arriskua Aurreikusteko Eskala ere diseinatu du talde horrek, egun ofizialki Ertzaintzak darabilen instrumentua izanik hori.
2017ko Euskadi Ikerkuntza Sariaren epaimahaiak joan zen maiatzaren 8an eman zuen bere erabakiaren berri, eta honako lagun hauek osatu dute: Ana Mª Agud Aparicio, Cristina Botella Arbona, Andreu Mas-Colell, José Ramón Montero Gibert eta Isabel del Val Valdiviesok.