Berriak Lehendakaritza
Eu

Eskola Jasangarria” ziurtagiria eman die lehendakariak Euskadiko 30 ikastetxeri

2018.eko ekainak 05
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Iñigo Urkullu lehendakariak, Ingurumeneko sailburu Iñaki Arriola eta Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte lagun zituela, “Eskola Jasangarria” ziurtagiria eman die gaur goizean Eusko Jaurlaritzako Eskola Agenda 21 Programan parte hartu duten hogeita hamar ikastetxe publiko eta itunduri. Busturiako (Bizkaia) Ekoetxea Urdaibain egin den Gobernu Kontseiluaren ondoren izan den ekitaldian gainerako sailburuak ere bildu dira, eta bertan parte hartu dute ehun bat ikastetxek, irakaslek, eta baita ikastetxeei dagozkien udal ordezkariek eta udalerrietako alkateek ere.

Orain, Euskadiko 98 ikastetxek, haietatik 5 Lanbide Heziketakoek, dute “Eskola Jasangarria” ziurtagiria. Ikastetxe horiek IRAES 21-jasangarritasunaren aldeko eskola-sarean daude, eta bertan batera bultzatzen dute irakasleek, ikasleek, irakasle ez diren langileek eta familiek jasangarritasunerako hezkuntza. Guztiek gainditu dute auditoretza bat, berrikuntzaren, kalitatearen eta ingurumenarekiko konpromisoaren alde egin duten apustuagatik saritzen dituena.

Elkarraldian, bost ikaslek, ziurtagiria lortu duten ikastetxe guztiak ordezkatuz, eman diote Iñigo Urkullu lehendakariari ikasturtean zehar egin dituzten jardueren laburpen bat, eta jasangarritasunaren alde burutzen dituzten ekintzak deskribatu dituzte, baita haien partaidetza ere udal foroetan eta urtero parte hartzen duten CONFINTen konferentziaren helburuak ere.

Diplomak banatu ondoren, Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duenez, “hezkuntza da tresnarik ahalmentsuena mundua hobetuko duten aldaketa positiboak sorrarazteko”, eta gogora ekarri duenez, “Eusko Jaurlaritza lanean ari da ekonomia zirkularra bultzatzearen alde eta horrek adierazten du ekoiztu, erabili eta bota ohiko prozedura baztertu beharra dagoela, eta murriztearen, berrerabiltzearen eta birziklatzearen alde apustu egin. Gizarte-eredu berri horretan ezinbestekoa da zuen inplikazioa. Neurriz gaineko kontsumotik kontsumo arduratsu batera igaro beharra dago, planetaren narriadura eteten laguntzeko”.

Eskola Agenda 21en elkarraldi honekin amaitzen da Euskadiko ikastetxeetan irailean hasitako prozesua. Hala, ebidentzien bila jardun dute, kanpoko auditoretza baten bitartez frogatzeko euren curriculumek, euren baliabideen kudeaketak eta hezkuntza-komunitateak parte hartzeko bideek jasangarritasun-ereduei jarraitzen dietela.

Eskola Agenda 21ek “Eskola Jasangarria" ziurtagiriarekin saritu dituen 30 ikastetxeak 21 udalerritakoak dira:

  • Arabako 2 ikastetxe: Oion, Gasteiz
  • Bizkaiko 12 ikastetxe: Amorebieta-Etxano, Barakaldo, Bilbo, Durango, Galdakao, Gernika, Iurreta, Loiu, Mungia, Santurtzi, Trapagaran, Zamudio
  • Gipuzkoako 8 ikastetxe: Aretxabaleta, Azkoitia, Beasain, Bergara, Donostia, Legazpi, Urnieta
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak