Berriak Lehendakaritza
Eu

Ingurumenaren Eguna dela eta ingurumena zaintzearekin eta babestearekin lotutako hainbat programa onartu dira

2018.eko ekainak 05

Gobernu Kontseiluak asteroko bilera Urdaibaiko erreserban egin du. 

Ingurumenaren Mundu Eguna dela eta, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zuen Gobernu Kontseiluak asteroko ohiko bilera Urdaibaiko Erreserban egin du, Busturiako Madariaga Dorrean hain zuzen ere. Aitor Aretxaga Busturiako alkateak egin dio harrera Lehendakariari eta, elkarrekin, Madariaga Dorrean kokatutako ikasleentzako tailer berriak bisitatu dituzte. Bisitaren ondoren, Gobernu Kontseiluaren bilera hasi da. 

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu eta Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkoreka eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriola prentsaren aurrean agertu dira, gaur eguerdian, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako Patronatuaren egoitzan gaur egin den Gobernu Kontseiluan aztertutako gaien berri emateko.

Prentsaurrekoan Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak adierazi du, Ingurumenaren Mundu eguna dela eta, Gobernu Kontseiluak ingurumenaren zaintzarekin eta babesarekin loturako sei programa onartu dituela.

Aipatutako programen artean, Iraunkortasunerako Hezkuntza Estrategia nabarmendu du. Programa horren helburua da ingurumenarekin erlazionatzeko dugun modu berriak eskatzen dituen sentsibilizazioa eta jarreren aldaketa eskolatik eta Unibertsitatetik abia daitezen eta kontsola daitezen lortzea. Halaber, Arriola sailburuak aipatu du Gobernu Kontseiluak baimena eman duela Sailaren eta Abanto Zierbenako Udalaren artean lortutako akordioa onartzeko. Akordio horren arabera, Udalak Corta Eraikina eta finka 30 urtetarako lagatzen du EKOETXEA MEATZALDEA gisa Ingurumen Hezkuntzako ikastetxeen sarean sartzeko.

“Eskualdeko ingurumen- eta kultura-jarduera sustatzea eta indartzea”, “meatze-jardueraren garrantzia historikoa, geologikoa eta soziala zabaltzen jardutea” eta “zona horretako ingurumen-, ekologia-, paisaia-, geologia- eta kultura-intereseko hainbat leku sustatzea” dira EKOETXEA MEATZALDEAri lotuta Arriolak aipatutako asmoak.

GOBERNU BERRIA 

Gobernu berriarekiko erlazioari dagokionez, bozeramaileak adierazi du Espainiako Gobernuak etapa berri honi Eusko Jaurlaritzarekin elkarrizketatzeko jarrera ireki batekin ekitea espero duela Jaurlaritzak, baita agenda politikoaren gai garrantzitsuetan akordioa lortzeko borondate irmo batekin ere.

Gainera, Gobernu berriko diputatuen izendapenari dagokionez, Erkoreka sailburuak ez du baloraziorik egin. 

AURREKONTUAK

Bestetik, Estatuko aurrekontuei dagokienez, Josu Erkoreka bozeramaileak adierazi du alderdi politiko bakoitzak askatasuna izan duela aurrekontu-proiektu horrekin lotuta bere jarrera adierazteko; eta Eusko Jaurlaritzak talde parlamentario bakoitzaren jarrera errespetatu duela.

“Orain Euskal Autonomia Erkidegoarekin bakarrik lotuta dauden aurrekontu-partidei buruzko operazio kirurgiko selektiboa iragartzen da, Euskadiko herritarrentzako interesgarriak izan daitezkeen inbertsioak edo beste neurri batzuk hartzen dituztelako", nabarmendu du. 

ALTSASU

Bestalde, Altsasuko gertakariekin lotutako galderei lotuta, Erkorekak adierazi du une hau erabaki juridikoetako baten exekuzio-fase bat dela eta, erakunde gisa, errespetatu baino ezin dutela egin.

Bere garaian Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen terrorismo gisa epaitzea “izugarria, gehiegizkoa eta erabat neurrigabea zela gertakariak zein izan ziren kontuan hartuta”, argitu du Erkorekak.

BONU IRAUNKORRA

Bonu iraunkorrari buruz galdetuta, Erkorekak adierazi du Bonu Iraunkorraren jaulkipenerako baldintzak egokiak izan direla. Hortaz, Jaurlaritzaren ustez egokia da bonu hori jaulkitzea.

“Arrisku-prima nahiko egonkortua zegoenez, haiek jaulkitzeko balioak onargarriak zirela pentsatzen genuen”, erantzun dio Erkorekak gai honen inguruan kazetariek egindako galderari.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak