Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Bere 25 Michelin izarretatik 21 zabaldu ditu Euskadik Madrid Fusión biltzarrean

2011.eko urtarrilak 26

Eusko Jaurlaritzak eta Basque Culinary Center erakundeak Euskadiko turismoaren trakzio-produktu gisa aurkeztu dituzte gastronomia eta enologia, BCC-ek Ikerketa eta Berrikuntza Gastronomikoko Zentroa aurkeztu du

Mundu osoko erreferentzia enogastronomiko bat bihurtu nahi du Euskadi Pilar Zorrilla sailburuordeak. Basque Culinary Center erakundeko zuzendari Joxe Mari Aizegak Espainiako Zientzia Gastronomikoen lehen Fakultatea bultzatuko du, munduan I+Gko zentro bat edukiko duen bakarra, eta irailean zabalduko ditu bere ateak.

Euskadik bere ahalmen gastronomikoa erakutsiz egin du gaur bere aurkezpena Madrid Fusión biltzarrean. Euskadiko beren jatetxeetan guztira 21 Michelin izar biltzen dituzten hamahiru sukaldari bertaratu dira Madrilgo biltzarraren bigarren jardunaldira, Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrillarekin, Eusko Jaurlaritzaren Turismoko zuzendari Isabel Muelarekin eta Basque Culinary Center erakundeko zuzendari Joxe Mari Aizegarekin batera.

Zehazki, hiruna Michelin izar dauzkaten hiru sukaldariak bertaratu dira Madrid Fusión biltzarrera: Juan Mari Arzak, Pedro Subijana eta Martín Berasategi, baita bina Michelin izar dauzkaten bi chefak ere: Andoni Luis Aduriz eta Eneko Atxa. Eta Euskadik dituen izar bateko 12 sukaldarietatik bederatzi ere bai: Javier Gartzia, Fernando Canales, Daniel García, Daniel López, Rubén Trincado, Zuriñe García, Gorka Txapartegui, Jose Ramón Berriozabal.

Euskadiren 21 Michelin izar Madrid Fusión biltzarrean egotea Euskadik gastronomiaren alde egiten duen apustuaren froga da, mundu osoan erreferentzia enogastronomiko bat bihurtzeko egiten duen apustuaren froga. Horixe adierazi du Pilar Zorrillak, 2010. urtean Euskadirentzat turisten sarrera eta ostatu-gauei dagokienez herrialdearen historiako urterik onena izan dela berretsi den aste berean, % 12ko hazkundearekin 2009ko datuen gain.

Pilar Zorrillak Euskadin azken hilabete hauetan garatu diren estrategiak azaldu ditu, berrikuntzaren eta bikaintasunaren alde eginiko apustua bereziki azpimarratuta. Horretaz gain, azaldu du turisten sarrerari dagokionez izandako arrakastaren zati handi bat Eusko Jaurlaritzak abian jarritako Marketin Plan berriari zor zaiola, eta gastronomia eta enologia dira izar-produktu eta turistak Euskadira erakartzeko trakzio-produktuak.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak ezarritako eskaintza berri horren motibazio nagusia Euskadiren esperientzia gastronomiko eta enologikoez gozatzea da, eta turistek produktuak dasta ditzatela eta haiei buruz ikas dezatela bilatzen du.

Ildo horretan, Euskadik dituen 25 Michelin izarren egile-sukaldaritza bikaina ezagutu ahalko dute turistek, baita miniaturazko sukaldaritza ere, pintxoak, eta belaunaldi berriko sukaldarien lana ere bai, Euskadi duela hainbat urtetatik hona buru den abangoardia gastronomikoko tradizioari jarraipena emateko egiten ari diren lana, hain zuzen ere. Era berean, upeltegiak ere turismo-erakargarri bihurtu dira, jatorri-deiturarekin Arabako Errioxan dauden 591 upelategietatik 55 baino gehiago bisitatu baitaitezke. Sektore horrek bilakaera izan du azken urteotan, eta oporretarako erakargarri eta ardo-arkitektura binomioaren alde egindako apustu bihurtu da.

Arabako Errioxako upelategiek 2010. urtean egin duten lan guztiaren balorazio garrantzitsua egin du Isabel Muelak, Arabara egindako bisitek % 22,4ko hazkundea izan baitute.

Eusko Jaurlaritzak gastronomia bultzatzeko eginiko apustuetako bat Basque Culinary Center erakundearekin gauzaturiko lankidetza izan da. Erakundearen helburu nagusia prestakuntza, ikerketa eta berrikuntzako azpiegitura bat sortzeko aukera bultzatzea da, gastronomia-, ostalaritza- eta janari-sektorea bultzatzeko, nazioarteko bokazio argiarekin.

 

Basque Culinary Center

Esparru horretan, Joxe María Aizegak Elikadura eta Gastronomiako Ikerketa eta Berrikuntza Zentroaren ildo nagusiak aurkeztu ditu. Irailean martxan jarriko den Zientzia Gastronomikoen Fakultatearekin batera, instalazio berean bi arloak bateratuko dituen zentro bakarra izango da munduan. Horren ildotik, Zientzia Gastronomikoen Fakultateak izango duen jarduera ikertzaile eta berritzailearen berri eman du, baita graduko, graduondoko eta etengabeko prestakuntzako ikasketen berri ere. Gertaera historikoa da, lanbideari eta sektoreari onespen akademiko gorena emango dion heinean, kontuan hartzen badugu Espainian ez dagoela unibertsitate-mailako beste prestakuntza-eskaintza ofizialik gastronomiaren eremuan.

Basque Culinary Center erakundeak honako helburu hauek ditu: Euskadiko eta Espainiako sukaldaritzaren jarraipena bultzatzea, aurrerantzean ere goi-mailako sukaldaritzaren eta berrikuntzaren gune nagusietako bat izan dadin; ikerketa eta jakintzaren transferentzia bultzatzea gastronomiaren profesionalen artean eta gastronomiarekin zuzenean eta zeharka lotutako enpresa- eta jakintza-sektoreen artean; eta nazioarteko proiekzio bat lortzea, Euskadi munduko goi-mailako sukaldaritzaren erakargune nagusia izan dadin. Gainera, zentroak teknologia-transferentzia eta berrikuntza bultzatu nahi ditu sektoreko enpresetan.

Ikerketa eta Berrikuntza Zentroak honako espezialitate hauek izango ditu: jakintzaren garapena eta transferentzia gastronomia-sektorean; jatetxe bateko arlo guztietako (sukaldea, zerbitzua, kudeaketa) lehiakortasuna, eta jatetxe-arloko enpresen lehiakortasun orokorra. Gainera, gastronomiaren profesionalen eta elikadura eta gastronomiarekin zerikusia duten enpresa-sektoreen arteko elkarreragina eta jakintza-transferentzia sustatuko ditu.

Eraikina altxatzeko obrak amaitzen ari dira une honetan. Solairu batean, ikerketa-zentroa ezarriko da, zenbait laborategi eta ikerketa-tailer bilduko dituena, baita analisi sentsorialeko eta esperimentaziorako zenbait gela ere. Basque Culinary Center erakundeak 20 ikertzaile izango ditu, zeregin horretan bakarrik arituko direnak.

Goi-mailako kualifikazioko baliabideak eskuragarri jartzea -HORECA sektorearentzat bereziki- izango da Basque Culinary Center erakundearen beste ekarpen nagusietako bat. Eta goi-mailako kualifikazio hori ez da gastronomiaren edo sukaldaritzaren arloetara mugatuko, kudeaketara, negozio-ikuspegira, irudira, zerbitzura eta abarrera hedatuko delako. Gainera, gastronomiari lotutako zentro espezifiko bat eskuragarri edukitzeak aukera emango du beste teknologia-zentro batzuekiko -Azti-Tecnalia eta CSIC Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorena bereziki- eta sektoreko enpresekiko sinergiak eta lankidetza-ildo berriak sortzeko. Ikerketarako eta lanerako zenbait ildo berri garatuko dira, eta teknologiaren transferentzia bi proiektuetarako izango da aberasgarri.

Mondragon Unibertsitateak sustatzen du Basque Culinary Center erakundea, honako hauen guztien babesarekin: ekimenean parte-hartze aktiboa izan duten sukaldariak -Juan Mari Arzak, Martin Berasategi, Pedro Subijana, Karlos Argiñano, Andoni Luis Aduriz, Hilario Arbelaitz, Eneko Atxa-, Mondragon Unibertsitatea, zenbait erakunde - Eusko Jaurlaritza, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala-, AZTI-Tecnalia zentro teknologikoa eta Fagor Group enpresa. Gainera, munduko sukaldari ospetsuenek, Ferrán Adriá buruan, Basque Culinary Center erakundeko Nazioarteko Aholkulari Kontseilua osatuko dute.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar Zorrilla, Isabel Muela