Berriak Hezkuntza
qrcode

2018-2019 ikasturterako Lanbide Heziketan izena emateko epea irekitzear da

2018-06-02
  • Izen ematea ekainaren 4tik aurrera egin ahal izango da, on-line edo ikastetxeetan
  • App berri batek Euskadiko Lanbide Heziketako heziketa-zikloen eskaintza guztia erakusten du

Datorren astelehenean, ekainak 4, 2018-2019 ikasturterako Lanbide Heziketan eskabideak aurkezteko epea irekiko da, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan.

Azken urteotan ohiko bihurtu den legez, izena emateko bi bide izango dituzte ikasleek: on-line edo ikastetxeetan. Internet bidez on-line egin nahi dutenek ekainaren 4etik 14ra bitarteko epea izango dute (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus webgunean), eta ondoren aukeratutako ikastetxera joan beharko dute, beharrezko dokumentazioa aurkeztera. Aurrematrikula ikastetxeetan bertan egiteko berriz, ekainaren 4tik 15era arteko epea egongo da.                                                                                 

2018-2019 ikasturtean Heziketa Zikloren bat ikasteko aukera eskaintzen duten 181 ikastetxe izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Lanbide Heziketak 140 titulu pasatxo eskaintzen ditu gaur egun Euskadin, guztiak ere 23 familia profesionalen baitakoak. Amaitzear den 2017-2018 ikasturte honetan, 40.933 ikasle ari dira Euskadin Lanbide Heziketako zikloren bat ikasten, honako modalitate hauetakoren batean: presentziakoan, urrutikoan edo eskaintza partzialean.

 

Kontuan hartu beharreko egutegia, beraz, honako hau da:

 Ekainaren 4tik 15era: aurrematrikula egiteko epea

      (ekainaren 4tik 14ra, online bada)

Uztailaren 5ean: onartuen behin-behineko zerrendak argitaratzea.

Uztailaren 6ra arte: behin behineko zerrendei erreklamazioak

Uztailaren 12an: onartuen behin betiko zerrendak argitaratzea.

Uztailaren 12tik 18ra: onartutako ikasleen matrikula egiteko epea (biak barne)

           

Bestalde, aipatzekoa da Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuan (ULHI) aurrematrikula egiteko epea irekita dagoele, ekainaren 8ra arte. ULHI-k Erdi Maila eta Goi Mailako zenbait heziketa-ziklo urrutitik ikasteko aukera eskaintzen du, prestakuntza modalitate erdi-presentzialean. Informazio gehiago: www.ulhi.hezkuntza.net

 

App berria: FP Euskadi Gida

Izena emateko epe honetarako, Hezkuntza Sailak mugikorretarako aplikazio berria ipini du martxan: FP Euskadi Prestakuntza Gida. App berri honek, interesa duten ikasleen esku ipintzen du Euskadiko Lanbide Heziketaren eskaintza oso-osoa, guztiz era praktikoan, klik besterik ezer egin gabe, sakelako telefonoan bertan.

Plataforma berriak aukera ematen du Lanbide Heziketako heziketa-ziklo guztien inguruko informazioa eskuratzeko, era honetan sailkaturik:

  • Lanbide arloen arabera
  • Lurralde Historiko bakoitzeko
  • Udalerrika
  • Ikastetxez ikastetxe

Informazio bila dabilen ikaslea bere intereseko heziketa-zikloren batera iritsi denean, aplikazioak honako hauek azaltzen dizkio:

  • Zikloaren deskribapena, eta ikasleak ziklo hori burutzean jasoko duen gaitasun profesionalaren inguruko informazioa
  • Zikloak dituen moduluak, eta modulu bakoitzeko ordu kopurua
  • Euskadin, hautatutako zikloa eskaintzen duten ikastetxeen zerrenda, Lurralde Historikoen arabera sailkatua

Era berean, aplikazio berriak Lanbide Heziketako eskaintza partzialaz, urrutiko eskaintzaz eta Lanbide Heziketa Dualaz ere ematen du informazioa.

 

FP Euskadi App berria eskura dago eta doan jaitsi daiteke dagoeneko, Android nahiz iOS sistema eragileak dituzten gailuetarako.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)