Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Eusko Jaurlaritzak Telezentroei buruzko Nazioarteko Lehenengo Kongresuan parte hartu du

2011.eko urtarrilak 25

Telezentroetako mundu osoko profesionalak bildu dira Sevillan, esperientziak trukatzeko eta jakintzaren gizarterako sarbidea orokortzearen aldeko apustua egiteko

Espainiako Comunidad de Redes de Telecentros elkarteak (KZgunea da bertako lehendakariordea) Telezentroei (herritarrentzako prestakuntza digitala ematen duten zentroak) buruzko Nazioarteko Lehenengo Kongresua antolatu du; Sevillan da kongresua, gaur eta bihar, eta Eusko Jaurlaritzak parte-hartze aktiboa dauka topaketan: Administrazio Elektronikoari eta Europako Agenda Digitalari buruzko eztabaidetan parte hartzen ari da, eta KZgunearen bidez bideratzen duen prestakuntza digitaleko ekimenei buruzko hainbat txosten aurkezten ari da.

Euskadik ordezkaritza instituzional zabala eraman du eta kongresuaren edukietan parte-hartze aktiboa izaten ari da. Eusko Jaurlaritzako Herritarrei Arreta Emateko zuzendaria, Alberto Ortiz de Zárate, izan zen atzo egindako 'Europako Agenda Digitala' mahai-inguruaren moderatzailea. Elena Pérez Barredok, Herri Administrazioko sailburuordeak, berriz, 'Open Goverment' eztabaida-mahaia moderatu zuen, eta Gobernu Irekia eta Interneteko Komunikazioko zuzendari Nagore de los Ríosek ere hizlari gisa parte hartu zuen.

Ekimen guztiak kongresuaren web-orrian ikus daitezke (www.congresointernacionaltelecentros.es), komunikazioen atalean. Proiektu hauek guztiak kontsultatu daitezke: 'Guía de usos de estilos y redes sociales del Gobierno Vasco'; 'Emakumeak Sarean 2.0 mujeres que se enredan diferente' (emakumeen elkarteentzako bloga); 'Elkartekintza Sarean' (gizarte-arloko esku-hartzeetako esperientziak partekatzeko bloga); 'Sistemas de locutación de contenido Web para personas sordas'; Metaposta kutxa gotor elektronikoa; KZgunea Mugikorra, informazio praktikoa ematen duen eskuko telefonoetarako gida; eta 'De las Ondas a la Red' irrati-programa.

Gaur egun, alfabetatze digitalaren, gizarte-berrikuntzaren eta produkzio-ereduen eraldaketaren aldeko apustua egiten ari diren 200.000 telezentrotik gora daude munduan zehar banatuta. KZgunea telezentroen euskal sare publikoa (EJIE Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteak kudeatzen du) arduratzen da Euskadiko lurraldearen barruan herritarrak informazioaren gizartean sartzeko ekimenak kudeatzeaz. 277 telezentro dauzka udalerri guztietan barrena banatuta eta 100dik gora koordinatzaile arduratzen dira horien dinamizazioaz.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)