Berriak Hezkuntza
Eu

Cristina Uriartek XVI Eduardo Chillida Matematika Olinpiadako sariak banatu ditu

2018.eko ekainak 01

Lehen lau sarituek Ingalaterran ingelesa hobetzeko egonaldia irabazi dute

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Lucia Torrealday Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariarekin batera, XIVI. Eduardo Chillida Matematika Olinpiadaren sariak banatu ditu gaur goizez, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan burutu den ekitaldian. Sari banaketan izan da Luis Chillida ere, olinpiadari izena ematen dion eskulturagilearen semea.

2018ko edizio honetan, Euskadiko 104 ikastetxetako 3.000 neska-mutil inguruk hartu dute parte, denak ere DBHko bigarren mailako ikasleak (Arabako 20 ikastetxe, Bizkaiko 49 eta Gipuzkoako 35). Olinpiadaren lehen fasea parte hartu duten ikastetxeetan bertan burutu zen, eta irakasleek eurek hautatu zituzten finalera pasatuko ziren bi edo hiru ikasle onenak, zentroaren tamainaren arabera. Finala maiatzaren 12an burutu zen, hiru hiriburuetan, eta 225 neska-mutil lehiatu ziren. Olinpiadan puntuaziorik altuena eskuratu duten 12 ikasleek dagozkien sariak jaso dituzte gaur goizez, senitartekoak eta euren ikastetxeetako ordezkariak ere ekitaldian zirela.

Aurtengo saridunak hauek izan dira:

1.- Igor Quintela Atxutegi                              IES Artaza-Romo BHI Leioa

2.- Harri Diaz de Heredia Matanzas             Armentia Ikastola HLBHIP  Gasteiz

3.- Alba Hernando Martin                              Usandizaga-Peñaflorida BHI Donostia

4.- Jokin Aduriz Garciarena                         CPEIPS Maria eta Jose HLBHIP Zumaia

5.- Asier Pagazaurtundua Perez                   IES Laudio BHI Laudio

6.- Julen Alonso Beltran                                IES Unamuno BHI Bilbo

7.- Aimar Alvarez Etxarri                               IES Orixe BHI Tolosa

8.- Jon Ander Lopez de Calle Gil                  Olabide Ikastola Vitoria-Gasteiz

9.- Ibai Nabarro Oyarzabal                           IES Hernani BHI Hernani

10.- Jon Gomez Oyarzun                             Txingudi Ikastola Irun

11.- Mirari Palomera Molinero                      Sta Mª Hijas de la Cruz HLBHIP Santurtzi

12.- Izaro Brea Ledesma                               IES Zorrotza BHI Bilbo

 

Erronkak gainditzea eta arrazoiketa

Sari banaketa ekitaldian izan duen hitzaldian, Cristina Uriartek hizpide izan ditu ekimen honen helburuak, eta baita honen bidez ikasleek gara ditzaketen gainerako konpetentziak ere. “Olinpiada hau ez da ekimen isolatu gisa planteatzen, baizik eta ikasgelako egunerokoan ere eragina izatea da asmoa. Ekimen honekin, matematikaren bidez disfrutatzea bilatzen da, erronka intelektualak gainditzeak dakarren poztasun txiki aurkitzea, edo matematikak ikasgelatik atera eta beste eremu batzuetan ere ikusgarri bihurtzea. Eta hori guztia sormena, ezohiko problemak ebazteko trebetasuna eta erabakiak hartzeko gaitasuna garatzen diren bitartean”.

“Baina eguneroko egoera errealetan matematika-ezagutza aplikatzeaz ere ari gara; problemen ebazpena bultzatzeaz; arrazoiketa prozesuei lehentasuna emateaz; argumentuak aurkezteaz; eta horiek guztiak komunikatzeaz” azaldu du sailburuak.

Ondoren berriz, STEAM deritzenei buruz ere aritu da (STEAM, Science, Technology, Engineering, Arts and Mathematics akronimoa, ingelesez), Hezkuntza Saila bultzatzen ari den estrategia gisa: “Matematikek, STEAM deiturikoen artean parte funtsezkoa diren heinean, handituz doan gizarte protagonismoa dute egun. Hezkuntzako gainerako edukientzat zeharkako diren ezagutzak ematen dituzte matematikek. Eta horrexegatik hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzan beharrezko ikusten dugu matematiken ezagutza bultzatzen jarraitzea”, baieztatu du Cristina Uriartek.

Egonaldia Ingalaterran

Lehen lau sarituek, hala direla egiaztatzen duen diplomaz gain, Casio kalkulagailu zientifiko bana eta Ingalaterran hiru astez ingeles ikastaroa egiteko beka jaso dute. Gainera, lehen hiru sailkatuek ekainaren 21etik 25era Valentzian egingo den Estatuko olinpiadan parte hartzeko eskubidea irabazi dute, Euskadiren ordezkari. Gainerako saridunek, diplomarekin batera Elkar liburu dendetan erabiltzeko 100 euroko txartel bana eta Casio kalkulagailu zientifiko bana jaso dituzte.

Eduardo Chillida Matematika Olinpiada EMIE 20+11 Euskadiko Matematika Irakasleen Elkarteak antolatzen du Hezkuntza Sailaren laguntzaz, eta hirugarren ediziotik darama eskulturagile handiaren izena.

Aurten 16. ediziora iritsi den ekimenak, honako helburu hauek ditu:

  • Matematiken arloa ezagutaraztea, ikasle nahiz irakasleentzat dibertigarri izango den jardueraren bidez.
  • Ikasleen artean Matematikarekiko zaletasuna bultzatzea, problemak ebatziz.
  • Sormena, erabaki gaitasuna, pentsamendu dibergentea eta egoera berriei aurre egiteko eta ez ohiko problemak askatzeko gaitasuna piztea.

Baina ikasleen matematikarako konpetentziaz gain, Olinpiada honek –arazoak konpontzeko lana sustatzen duenez- oinarrizko beste konpetentzia batzuk ere garatzen ditu: ikasten ikasteko konpetentzia, ekintzailetza eta ekimenerako konpetentzia eta hizkuntza-konpetentzia.

Sari banaketa ekitaldiaren ondoren, Hezkuntza Sailaren Berritzegune Nagusiko Matematika-aholkulari Santiago Fernandezek hitzaldia eman du “La belleza de los números” izenburupean (“Zenbakien edertasuna”), olinpiadako irabazleentzat, hauen senitartekoentzat nahiz irakasleentzat.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2018.eko ekainak 01

    Comentario de Twitter:
    🔵 @C_UriarteToledo'k XVI Eduardo Chillida Matematika Olinpiadako sariak banatu ditu ➡︎ https://t.co/4EKI6RkOOg https://t.co/3yz7Ylp3xh

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Luis Chillida