Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak Ilarduyaren ibilbidearen balioa nabarmendu du, “enpresa ekintzailea da eta egokitzeko duen gaitasuna erakutsi du”

2018.eko ekainak 01
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Hüttenes-Albertus Ilarduya enpresaren ehungarren urteurren-ekitaldian izan da, Zornotzan; ekitaldian, enpresaren ibilbide luzearen balioa nabarmendu du. Lehendakariak esan duenez, Ilarduya enpresa ekintzailea da, eta bere historian zehar egokitzeko duen gaitasuna erakutsi du. “Gorabehera ugari bizi izan dituzue eta, indarrak batuz, proiektu hau aurrera atera duzue, enpresa baterako proiektu gisa ulertu baituzue”, esan du.

Hori horrela, Lehendakariak esan du euskal ekosistema ekonomikoa guk eszenatoki global irekienera, lehiakorrera eta exijentera egokitzeko dugun gaitasunaren arabera hobetuko dela. "Hori da herrialde lehiakorra izaten jarraitzeko sendotu behar dugun enpresaren espiritua eta kultura”, esan du Urkullu Lehendakariak.

Lehendakariak azaldu du Ilarduya enpresa liderra dela, galdaketaren industriarako produktuen, teknologiaren eta soluzioen hornitzailea; izan ere, enpresa aurreratua, modernoa eta berritzailea da, nazioarteko merkatura zabalik dago eta bere ingurunearekin eta jasangarritasunarekin konprometituta dago. “Ezaugarri horiek guztiek Ilarduya enpresa definitzen dute eta, halaber, euskal enpresaren ereduaren adibide ere bada”, esan du Lehendakariak.

Era berean, Lehendakariak aipatu nahi izan du Estatu Batuetako Administrazioak altzairuari eta aluminiori ezarritako tasen onarpena. “Gure partetik Europak hartuko dituen erabakiak babestuko ditugu, sektore honek euskal industrian eta enpleguan duen garrantzia kontutan izanda”, esan du Lehendakariak.

Azkenik, Lehendakariak nabarmendu du eredua aldarrikatzeko eta egunero enpresa-proiektua ekin, kudeatu eta eguneratzen duten pertsonak aitortzeko esparru egokia dela. “Lehiakortasuna hobetzeko, hazkuntza-aukerak eta kalitateko enplegua sortzeko pertsona konprometituak dira”, esan du amaitzeko.

Gaurko ekitaldian Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua, eta Hüttenes-Albertus Ilarduya enpresako presidenteak, Christoph Koch eta Carsten Kuhlgatz izan dira. Gainera, Ilarduyako David Zorita gerentea, Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkatea eta Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia ere izan dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak