Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak bosgarren urtez jarraian parte hartu du Bartzelonako Security Forum azokan

2018.eko maiatzak 31

“Efizientzia hiritarren zerbitzura” lelopean

 

Ertzaintzak aurten ere parte hartu du Bartzelonan maiatzaren 30ean eta 31n egin den Security Forum segurtasunari buruzko azokan. Azoka horretan segurtasunaren arloko mundu osoko erakundeak, organismoak eta enpresak biltzen dira.  “Efizientzia hiritarren zerbitzura” lelopean, Ertzaintzak stand bat izan du azokan, eta, bertan, euskal poliziaren ordezkaritzako kideek bisitarien kontsultei erantzun diete eta segurtasun publikoaren eta pribatuaren zenbait alderdiri buruzko topaketetan parte hartu du.

Bartzelonako Nazioarteko Konbentzio Zentroan urtean behin egiten den azokaren seigarren edizioa izan da, eta Ertzaintzak bosgarren aldiz parte hartu du. Foru horretan 75 erakusle biltzen dira, eta, antolatzaileen arabera, aurreko urteko sei mila bost ehun bisitarien kopurua gaindituko da aurten. Segurtasunaren arloan prebentzioarekin eta aurrerapen teknologikoekin lotzen diren materialen erakusketa oso batez gain, azokak adituen panel-ziklo bat du eta zenbait espezialisten hitzaldiak. Era berean, segurtasun-industriaren ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeko eta indartzeko helburua duten sari batzuk ematen ditu.

Harreman Instituzionaletako eta Komunikazioko Zerbitzuaren esku dago Ertzaintzaren estandaren antolamendua eta bi egunetan eskainiko den arreta, guztiaren buru dela Lucio A. Cobos intendente burua. Ertzaintzaren Segurtasun Pribatuko Unitateko buru Franciso Llaneza komisarioak osatu zuen euskal poliziaren ordezkaritza —ordezkatzen duen arloko hitzaldi eta topaketa espezifikoetan parte hartu zuen komisarioak—.

Standaren edukien artean, “Efizientzia hiritarren zerbitzura” leloa nabarmentzen da. Jendeari helarazi nahi zaio Ertzaintzak etengabe lan egiten duela hiritarren eskakizunei efizientziaz arreta egiteko. Bestetik, etengabe proiektatzen dira Ertzaintzak, bere giza baliabideekin eta baliabide materialekin, egiten dituen zerbitzu guztiak erakusten dituzten bideoak, gure erakundearen irudia proiektatuz.

Irekiera-jardunaldian, Rodrigo Gartzia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Segurtasuna Koordinatzeko zuzendaria ere bertaratu zen.

Ekitaldiko bigarren egunean, Josu Alonso Brigada Mugikorreko komisarioak LETSCROWD proiektua aurkeztu zuen adituen panelean. Europar Batasunak finantzatzen duen ikerketa- eta garapen-proiektu horren helburua da Europako Segurtasun Sistemaren ezarpena erraztea, jende ugari metatzen den ekitaldi handietan jendea babestearen testuinguruan. Proiektua 16 bazkidek osatzen dute, horietako 7 Europako zenbait herrialdetako polizia eta larrialdietako agentziak dira (Madrilgo Udaltzaingoa, Portugalgo Polizia, Italiakoa, Errumaniakoa, Bavariakoa, Belgikakoa eta Ertzaintza), eta gehitzen zaizkie teknologia-enpresak (Espainiakoak, Italiakoak, Erresuma Batukoak, Belgikakoak eta Israelgoak) eta unibertsitateak (Cagliarikoa eta Kantabriakoa). Proiektu hori H2020 Europar Batasuneko proiektuen barruan sartzen da eta helburua da segurtasuneko arduradunei segurtasun-politikak formulatzeko tresnak eskaintzea, polizia eta larrialdietako agentziei plangintza- eta kudeaketa-tresnak zuzkitzea, pertsona kopuru handia biltzen den ekitaldi handietan herritarrak babesteko —izan daitezke softwareak zein metodologia eta prozesuak—, baita arriskuen analisi dinamikoa (DRA), masen plangintza eta modelatzea (CMP), ingeniaritza semantikoko motorrean oinarritutako sare sozialak analizatzeko tresna (SIE), giza faktoreetan oinarritutako ikuspegi konputerizatuko sistemak (HCV), komunikazio-sistema berritzaileak (ICS) eta horien hedapena, estandarizazioa eta ustiapena polizien eta larrialdi-agentzien artean. Hori guztia Europar Batasunaren legezko esparru politikoaren eta etikoaren barruan.

Bartzelonako Security Forum 2018 azoka baliatuta, proiektuaren entregagaien parte diren zenbait tresnen ezarpen esperimentalaren aurrerapena egin nahi izan da, batik bat ekitaldi jakin baten arrisku-mailaren aurretiazko ebaluazioari buruzkoa (PSE Tool) eta denbora errealean ebakuatzeko sistemei buruzkoa (RTE Tool) —UEFAren azken futbol-partidetan eta Bilboko errugbi finaletan erabilitakoak—.

Segurtasunaren sektoreko berritasun nagusiak aurkezten diren eta arloko espezialistetako asko biltzen diren espazioetan parte hartzea, hala nola Security Forum 2018 azokan parte hartzea, aukera paregabea da informazioa trukatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoaren segurtasun publikorako onuragarriak izango diren ezagutzak eta aurrerapenak eskuratzeko.

Security Forum da Estatuan egiten den segurtasunaren arloko topaketa nagusietako bat eta arloko profesionalen topaketa-gunea, polizia erakundeetakoak izan, segurtasun pribatuaren arlokoak izan edo babes, prebentzio eta segurtasun publikoarekin lotzen diren enpresetakoak izan. Ekitaldi honetan, hitzaldien eta eztabaida-mahaien programa osoa garatu da, eta aukera eman du lehen mailako espezialistek egunerokotasun handia duten gaiei buruzko esperientziak eta ikuspuntuak trukatzeko: egia-ostearen aroa, 2025eko segurtasun-kudeatzailea, Datuak Babesteko Araudi Orokorra, hackerraren lanbidea edo blockchaim komunikatzeko modu berria. Foro hori, beraz, aukera ona izan da segurtasun integralaren sektoreko berritasunak eta aurrerapen teknologikoak zuzen-zuzenean ezagutzeko.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2018.eko ekainak 01

    Comentario de Twitter:
    La Ertzaintza participa por quinto año consecutivo en la feria Security Forum de Barcelona https://t.co/PpUZ0cKy7B

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak