
Artolazabal: “Etxegabeentzako Euskal Estrategiak genero-ikuspegia du, etxegabeen emakumeen premia bereziak kontuan hartzeko”
- Kalean lo egitean, emakumeek arrisku-egoera gehiago jasaten dituzte; emakume horien % 20k dio sexu-erasoak jasan izan dituela
- Inkestatutakoen % 49k dio irainak edo mehatxuak jasan dituela; % 45i dirua edo ondasunak lapurtu dizkiote; eta % 30ek eraso fisikoak bizi izan ditu
- Deustu, “Gizarte-bazterketan dauden emakumeei laguntza emateko jardunbide egokiak”
Bilbo, 2018/06/01
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur nabarmendu du bizitegi-bazterketa larrian dauden emakumeek bizi duten ahultasun berezia, eta gogorarazi du “2018-2021erako Etxegabeentzako Euskal Estrategiak genero-ikuspegia duela, emakume etxegabeen premia bereziak kontuan hartzeko”. Sailburuak “Gizarte-bazterketan dauden emakumeei laguntza emateko jardunbide egokiak” jardunaldian parte hartu du; jardunaldia Bizitegik, Deustuko Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak antolatu dute.
Sailburuak gaueko azken kontaketaren emaitzak gogorarazi ditu; 2016ko urriaren 26tik 27rako gauean egin ziren. Datu horien arabera, guztira 2.009 pertsona etxegabe aurkitu ziren Euskadin: horietatik, 504 -% 25,1- emakumeak ziren. Emakume horietatik 21, egun horretan, kalean zeuden lo egiten. “Gutxiago dira, baina emakume etxegabeek, oro har, gizarte-bazterketa maila handiagoa izaten dute, bai eta suntsiketa-maila larriagoa ere, osasunaren eta harreman pertsonalen ikuspuntutik, gizonek baino”, esan du Artolazabalek.
Kontaketa horren datuen arabera, inoiz kalean lo egin duten emakumeen % 20k sexu-erasoak jasan dituela baieztatu du, eta gizonen % 2k. Gainera, emakumeen % 49k dio irainak edo mehatxuak jasan dituela; % 45i dirua edo ondasunak lapurtu dizkiote; eta % 30ek eraso fisikoak bizi izan ditu Sailburuaren iritziz, datu horiek “oso kezkagarriak dira”.
Errealitate horri aurre egiteko, Etxegabeentzako Euskal Estrategiak, “oraintsu Euskadiko erakundeok garapenerako erakunde-akordio baten bidez babestu dugunak”, ardatz bat bizitegi-bazterketa prebenitzeko eta hari heltzeko politiketan genero-ikuspegia sendotzeari eskaini dio, bost gidalerro berezirekin.
Gidalerroak
Artolazabalek zehaztu duenaren arabera, gidalerro horiek bost dira eta lehenengoak, “lurralde historiko bakoitzeko Gizarte Zerbitzuen Mapak egiteko, bizitegi-bazterketako egoeran dauden emakumeek esklusiboki erabiltzeko aurreikusitako ostatu hartzeko zentroen kopuru jakin bat gordetzea aurreikusten du”. Zentro horiei atxikitako langileek -segurtasuneko langileak barne- funtsean emakumeak izan beharko lukete, gainera”.
Bigarren gomendioak “gizarte- eta hezkuntza-arloetan esku hartzeko zerbitzuen profesionalen espezializazioa sustatzen du, bai eta oinarrizko gizarte-zerbitzuetan kasuak kudeatzeko eginkizunen arduradun diren profesionalena ere, bizitegi-bazterketako egoera larrian dauden emakumeei orientazioa eta laguntza emateko prozesuetan”.
“Genero-ikuspegia bizitegi-bazterketako egoera larrian dauden pertsonei bideratutako zentroen multzoak sartzeko jardunbide egokien eskuliburuak edo gidak prestatzea, zentro mistoak emakumeen premia bereziei erantzuna emateko gai izan daitezen” da aurreikusitako hirugarren alderdia.
Era berean, gomendatzen da “berdintasun-planak egitea bizitegi-bazterketako egoera larrian dauden pertsonei arreta emateko eremuan lan egiten duten erakundeetan, profesionalen arteko eta erabiltzaileen arteko berdintasuna bermatzera bideratuta”.
Azkenik, gidalerroek “bizitegi-bazterketako egoera larrian dauden edo egon diren emakumeek elkarri laguntzeko laguntza-taldeen garapena sustatzea” proposatzen dute.
Topaketan, Beatriz Artolazabalez gainera, Lide Amilibia sailburuordeak, Emilio Sola zuzendariak, Aitor Ipiña Bizitegiko gerenteak, Iñigo Pombok eta Teresa Laespadak parte hartu dute. Bizitegik eginiko “Emakumeak eta bizitegi-bazterketa” txostena Pablo Ruiz Bizitegiko zuzendari teknikoak, Itziar Gandarias eta Miguel Ángel Navarro Deustuko Unibertsitateko Psikologia eta Hezkuntza Fakultateko irakasleek aurkeztu dute.
Beste gai batzuk ere aztertu dira, besteak beste: Metzineres proiektua (Salud y Comunidad fundazioa, Bartzelona) edo Entornos de Cobijo para Mujeres que Usan Drogas Sobreviviendo a Violencias; bertan izan dira Aura Roig, Laura Carrasco, Sonia Panadero eta Sonia Carrasco.