Eu

Ermuko tren geltoki berria 2019ko urtarrilean hasiko da zerbitzua eskaintzen

2018.eko maiatzak 30
  • Martxan jartzen denetik, ibilbidea egiteko denbora bi minututan murriztuko da
  • 30 milioi euroko inbertsio kostua duten lanak azken fasean sartu dira
  • 1.500 metroko trenbide bikoizketari esker, trenbideko zirkulazioak fidagarritasun eta segurtasun gehiago izango du

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak iragarri duenez, Ermuko tren geltoki berria datorren urteko urtarrilean hasiko da zerbitzua ematen. Geltokiarekin batera, N-634 errepidearen gaineko bide-zubi berria eta ondoko tunela ere estreinatuko dira, Bilbo-Donostia trenbide linean 1.500 metro hartzen dituen trenbide jarduketaren barruan. Urbanizazio lanen azken ukituak geratu dira amaitu barik, eta horiek datorren udaberrian bukatuko dira.

Tapiak, gaur arratsaldean, herri horretako trenbide saihesbidearen lanen barruan dagoen Ermuko tunelaren bi aldeen kale edo bat egite ekitaldira etorri izana baliatuz iragarri du. Ekitaldi horretan Carlos Totorika alkateak, Antonio Aiz Azpiegitura Sailburuordeak eta Aitor Garitano eta Imanol Leza ETSko eta Euskotreneko zuzendari nagusiek hartu dute parte.

Kilometro bateko tunel berriaren kalea edo bat egitea

Lan horiei esker nabarmen hobetuko dira Ermurako trenbide sarrerak, egungo trazatua optimizatuko egingo duen kilometro bateko tunelaren eraikuntzari esker. Kalea edo bat egitea, Ermura ematen duen iparraldeko ahokaduratik ehun metrora eta Zaldibarko udalerrian dagoen hegoaldeko ahokaduratik 900 metrora egin da. Horrela, tunela osorik zulatuta dago, eta baita horren barruan, trenbideko operazioak errazteko, dagoen 120 metroko luzerako maniobren mahuka ere. Ermua aldeko azken ehun metroak, gainera, hormigoiztatuta daude jadanik (dagoeneko egina dute behin betiko estaldura).

Trenbide bikoitzeko trazatu berriak 1.500 metroko luzera du. Hasiera Eitzaga inguruan, Zaldibarko udalerrian, izango du, eta ia osorik joango da tunel barruko trazatua duen saihesbidetik (1.025 metroko luzerakoa), Ermuko sarreraraino. Bertan, N-634 errepidea gurutzatuko du 40 metroko luzerako bide-zubi baten bitartez, geltoki berrira iritsi aurretik. Ondoren, egungo trenbidearekin bat egingo du berriro, Izelaieta kaleko azpialdeko igarobidearen aurretik. Jarduketa horri esker, Oletxeko trenbide-pasagunea kendu ahal izango da.

Tunelaren ahotik, N-634 errepidea gainditzeaz gain, kristalezko estalkia duen nasaren parte bat jasoko duen bide-zubia ikusteko aukera izan zuten bertaratutakoek.  Zutabeak eta estribuak egikaritu ostean, une honetan Euskal Trenbide Sarea taulategiaren enkofratuaren muntaketa lanak egiten ari da.

Geltoki altxatua, 80 metro luze den erdialdeko nasarekin

Geltoki berriari dagokionez, oso fase aurreratuan dago. Barrualdeko horma egitura amaituta dago, eta hasi dira jadanik estaldura, zoladura, iturgintza eta barne arotzeria lanak. Bide-zubian hormigoia botatzeko eta tunela estaltzeko lanak amaitu ondoren, instalazio elektromekaniko, seinaleztapen, komunikazio… lanei ekingo zaie. 

Egiten ari diren lanekin, geltoki moderno eta iristerraza emango zaio Ermuari, 80 metro luze den erdialdeko nasarekin. Halaber, irisgarritasun eta segurtasun gehiago izango du, aurrekoa kurban zegoelako eta unitateetatik nasara zegoen tartea handiagoa zelako.

Horrez gain, geltoki berria eraikitzeko lanei esker, orain arte eskailera eta igogailu bitartez lotuta egon diren Valdespinako parkea eta N-634 errepidearen ondoko plaza bereizten dituen trenbideko ezponda kendu ahal izango da. Etorkizunean, aisiako bi leku horien lotura pertsona guztientzako irisgarria izango da, inolako mugarik gabe, azpialdeko igarobideari esker.

2 minutu gutxiago eta hobekuntzak herritarrentzat

Obraren parte handia egin eta kale edo bat egite ekitaldian egon ondoren, Arantxa Tapia pozik agertu da lanen aurrerapen maila ikusita. Lanek 30 milioi euroko kostua dute (obra zibila eta instalazioak barne), eta martxan jartzen denean azpiegitura berriak ekarriko dituen onurak azpimarratu ditu. “Gehien bat tunelean joango den trazatu berriari esker Ermuko biztanle askori eragindako eragozpenak desagerraraziko dira eta, horrez gain, ibilbidea egiteko denbora bi minututan murriztuko da”, adierazi du.

Halaber, sailburuak gehitu duenez, trenbidearen bikoizketak “zerbitzuaren segurtasuna eta fidagarritasuna hobetzen” lagunduko du. Azpimarratutako beste puntu bat, “geltoki berriaren ingurune osoak hirigintzaren eta irisgarritasunaren aldetik izango duen hobekuntza” izan da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Carlos Totorika Ermuako alkatea