Haurreskolak Partzuergoak Batzar Nagusia egin du Gasteizen
- Gehiengo sindikalarekin lorturiko akordioaren ondotik Haurreskolak Partzuergoak bultzatu dituen hobekuntzen garrantzia nabarmendu du Cristina Uriartek
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua buru zela, Haurreskolak Partzuergoak Batzar Nagusia burutu du gaur arratsaldez Gasteizko Mendizabala institutuan. Bertan izan dira parte-hartzaile Maite Alonso Hezkuntza sailburuordea eta Maite Larrañaga partzuergoko zuzendari kudeatzailea ere. Partzuergoa osatzen duten 178 udalerrietako ordezkariak ere deituak zeuden bileraren gai ordenan, besteak beste, honako gai hauek izan dira: 2017ko kontuen onarpena eta 2018rako Haurreskolak Partzuergoak dituen plan nagusiak aztertzea.
Bilerari ekin aurretik, ordea, 2017-2018 ikasturtea zein garrantzitsua izan den partzuergoarentzat azpimarratu nahi izan du Uriarte Hezkuntza sailburuak, partzuergoko presidente ere baden heinean, “akordioan aurrerapauso handiak eman ditugulako –azaldu du- Eta horrek, Haurreskolak Partzuergoari egiten dio on, bere osotasunean: on egiten dio gizarteari eskaintzen zaion zerbitzuari, eta baita langileen lan baldintzei ere” baieztatu du.
Martxoaren 6an gehiengo sindikalarekin sinatutako akordioaren aurretik, negoziazio mahaian hitz egiteko eta eztabaidarako egin den ahalegina nabarmendu du Uriartek. “Argi eta garbi diotsuet, ahalegin hori egin genezakeen inbertsiorik aberatsena izan dela. Betidanik argi izan dugu desadostasunak konpontzeko bide bakarra hitz egitea dela. Nahiz eta ikuspuntuak, batarena eta bestearena, urruti egon elkarrengandik, mahai batean eseri gabe, ezer gutxi konpondu daiteke. Zorionez, Hezkuntza Sailak ez ezik, sindikatuek ere antzera ikusi dute egoera, eta beraz, negoziazio mahaian egin dugu topo”, azaldu du.
Negoziazio mahai horretan adostutako puntu guztien artean, bat nabarmendu nahi izan du Hezkuntza sailburuak Haurreskolak Partzuergoaren zerbitzuari dakarkion onuragatik, eta zerbitzua bera ere indartuta atera delako. “Hiriburuetan eta herri handietan ez ezik, herri txikietan ere haur-eskolen zerbitzua 8 ordura luzatzea. Gero eta familia gehiagotara iristea da gure nahia, baina horrekin batera, bizi diren tokian bizi direla ere, garrantzitsua da toki guztietan eskaintza berdina izatea. Uste dut puntu honek garrantzi handia duela familia askorentzat, eta horregatik horren aldeko apustua egin dugu”, ziurtatu du Uriartek.
Langileen lan-egonkortasuna hobetzeko neurriak eta Enplegu Publikorako Deialdiak egitea ere adostutako puntuen artean zeudela gogorarazi ostean, aurrerago ere izango dela neurri berririk argitu du Cristina Uriartek. “Hartutako erabakiak garrantzitsuak diren arren, ez gara hor geratuko. Eusko Jaurlaritzako sail ezberdinen elkarlanarekin landutako Familia Planak jasotzen duenez, eta beranduago Legebiltzarrak berretsi bezala, diru sarrera ekonomiko gutxien duten familiei Haurreskolak Partzuergoaren zerbitzua doan eskaintzeko prozesuan gaude murgilduta. Hau martxan jartzeko aurretiazko lanak burutzen ari gara momentu honetan. Beraz, gure asmoa, hartu beharreko erabakiak ondo aztertu eta martxan jartzea da”, aurreratu du.
Amaitzeko, Haurreskolak Partzuergoak etengabeko hobekuntza bultzatzen jarraitzeko duen nahia adierazi du sailburuak, “helburu nagusi batekin: familiei, eta haien haurrei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko. Ziur naiz denok egiten dugula bat helburu horretan”.