Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak "Etorkizunari aurrea hartzen", Lanbide Heziketaren Nazioarteko Kongresua inauguratu du

2018.eko maiatzak 30
  • 47 herrialdetako ordezkaritzak parte hartuko du Lanbide Heziketako kongresuan; 4. Industria-iraultzaren garapenarekin gertatuko diren aldaketak aztertuko dira
  • Gaur hasi eta ostiralera bitarte, 1.100 aditu baino gehiagok 4.0 Industriarako egokitzapenaren inguruan jardungo dute, bai eta honek eskatzen dituen lanbide berriez, zein prestakuntza-metodologia berritzaileez ere

Iñigo Urkullu Lehendakariak inauguratu du gaur goizean Donostiako Kursaal Jauregian, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eta Aratxa Tapia Garapen Ekonomiko eta Azpiegituretakoa lagun zituela, Lanbide Heziketako Nazioarteko Kongresua. Gaur hasi eta datorren ostiralera arte, Lanbide Heziketako 1.100 arduradun inguruk, -ikastetxeetako zuzendari eta irakasle, nahiz beste erakunde batzuetako ordezkariak tartek- Lanbide Heziketaren inguruan gertatzen ari diren aldaketa sakonak aztertuko dituzte.

Lanbide Heziketarentzat funtsezkoa den une honetan eztabaidatuko diren gaien garrantziak eraginda, aurrekaririk gabeko erantzuna izan du Kongresuak Europako zein munduko gainerako kontinenteetako arduradunengandik, eta horrela, 47 herrialdetako ordezkaritza batuko da Donostian egun hauetan.

Kongresuaren helburu nagusia da –Kursaalen elkartuko diren errealitate eta ikuspuntu aniztasuna oinarrian duela- 4. Industria-iraultzaren garapenaz debatea nahiz hausnarketa egitea. Iraultza hau errealitate bihurtzen hasita dago, eta lanbide berriei loturiko enplegu berriak sortu ditu. Beharrezkoa da beraz, enplegu horiek beteko dituzten pertsonen gaitasunen inguruan lanean jarraitzea. Lanbide Heziketak aldaketa horiei erantzun emango dien eraldaketa sakona bultzatu behar du.

Hezkuntza Saila denbora luzez ari da, Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren bidez, errealitate berri horretara albait azkarren egokitzeko zereginean. Une honetan, aurreko legealdian onarturiko Lanbide Heziketako IV. Euskal Planak jasoriko hobekuntzak aplikatzen jarraitzen du, baina uneoroko eraldaketak aztertu eta jasotzeari utzi gabe. Hain da hori horrela, ezen Eusko Jaurlaritzak 2018ko azken hiruhilekoan onartuko baitu Lanbide Heziketako V. Euskal Plana. Plan berri honek, aurki onartzea aurreikusita dagoen Lanbide Heziketako Euskal Legearekin batera –Legebiltzarrean tramitazioan da egun- etorkizuneko profesionalentzako prestakuntzarik onena lortzeko egin beharreko aldaketak bideratuko ditu, eta euskal enpresa-ehunari erantzunik onena eskaini horrela. Horregatik, Garapen Ekonomiko eta Azpiegituren Saila eta Hezkuntza Sailaren arteko lankidetza nahitaezko bihurtu da. Sail biek koordinaturik dihardute euskal enpresei eta gizarteari oro har ahalik eta baldintzarik onenak eskaintzeko, herritar guztien mesederako eragina izango baitu lankidetza honek.

Hitzaldiak

Aurten Lanbide Heziketako Nazioarteko Kongresurako atondu den egitarauak orotara 10 hitzaldi jasotzen ditu, Europa, Amerikako Estatu Batuak, Asia nahiz Latinoamerikako adituek  emango dituztenak.

Lehen hitzaldia Jorge Arevalo, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuordeak eskaini du, “Gertagaitza gertatzen denean” izenburupean. Hitzaldian, dagoeneko Euskadiko Lanbide Heziketaren egunerokoan gertatzen ari diren aldaketak nabarmendu ditu Arevalok, bai eta etorkizunerako egin behar diren derrigorrezko eraldaketak ere, Lanbide Heziketako ikastetxeetako irakasle nahiz zuzendaritza taldeak egiten ari diren lan eskerga azpimarratu du sailburuordeak, hauek euskal ekoizpen-ehunarekiko duten hurbiltasuna –Enpresa Txiki eta Ertainekikoa bereziki- ahantzi gabe.

Ostegunean, hilak 31, goizeko 10:15etatik aurrera, Europako Batzordeko Lanbide Heziketa arduradun Dana-Carmen Bachmann-ek hartuko du hitza, “Lanbide Heziketako etorkizuna. Europan ikuspegi komuna eraikitzen” izenburuko hitzaldiarekin. Ikuspuntu bereziki garrantzitsua ekarriko du Bachmann-ek, Europako Batzordeak datozen urteetarako aurreikusten dituen lan-ildo nagusiak jasoko baititu bere agerraldian.

Ostiralean, ekainaren 1ean, nabarmentzekoa da aurten berriro ere Annette Parker estatubatuarraren presentzia. Barack Obama presidentearen aholkulari izan zen Parker, Estatu Batuetako fabrikazio aurreraturako trebakuntzarekin zerikusia duten gaietan, eta harreman estua du harekin Hezkuntza Sailak, Minnesotako Gobernuarekin sinaturiko hitzarmenei esker batez ere. Parkerren parte hartzeak gai hau izango du ardatz: “USA colleges-en estrategia 4. Industria-iraultzarako”.

Ostiraleko azken hitzaldia. UNESCO-UNEVOCeko zuzendari nagusiak, Shymal Majumdar-ek eskainiko du. “4.0 industria eta garapen jasangarria” hitzaldiarekin amaiera emango dio Lanbide Heziketako Nazioarteko Kongresuari.

Tknikara bisita

Euskadiko Lanbide Heziketan berrikuntza aplikatuaren alorrean gertatzen ari diren zenbait aurrerapen eta eraldaketak ezagutarazteko asmoz, Kongresuak ostegun arratsalderako Tkanikara bisita antolatu du, Errenterian egoitza duen Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzarako EAEko zentrora. Era berean, osteguneko (maiatzak 31) hitzaldietako batean ere eraldaketa hauek azalduko dituzte Tknikako ordezkariek.  

Tknikara egingo duten bisitan, honako arlo hauetan egiten ari den lana ezagutu ahal izango dute: sistema adimentsuak, robotika eta ikusmen artifiziala, errealitate handitua eta errealitate birtuala, ibilgailu autonomoak edo Euskal Lanbide Heziketan dagoeneko errealitate diren etorkizuneko ikasgelak.

Lanbide Heziketako Nazioarteko Kongresu honen egitaraua hemen daukazue eskura

 

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @JulianForli67
    2018.eko maiatzak 30

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Lehendakariak "Etorkizunari aurrea hartzen", Lanbide Heziketaren Nazioarteko Kongresua inauguratu du ➡ https://t.co/SWqFnrNzzV

  • @BeaBalcarce_JG
    2018.eko maiatzak 30

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Lehendakariak "Etorkizunari aurrea hartzen", Lanbide Heziketaren Nazioarteko Kongresua inauguratu du ➡ https://t.co/SWqFnrNzzV

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak