Eu

Arantza Sanabria, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko datuak babesteko ordezkari berria (Gobernu Bilera 2018-05-29)

2018.eko maiatzak 29

Arantza Sanabriak ezagutza ugari ditu Zuzenbide Publikoan eta ezagutza espezializatuak datuak babesteko arloan; arlo horretan azken 15 urteotan egon da lanean, Segurtasun Sailerako

Izendapen horren bidez, Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du euskal herritarren datu pertsonalen babesarekin eta konfidentzialtsunarekin duen konpromisoa, bereziki, euskal administrazio publiko elektronikoaren eta globalizatuaren erronkaren aurrean

Ordezkari berriak aholkularitza juridiko baten eta aditu informatiko baten laguntzaz lan egingo du

Postuaren independentzia babesteko, Eusko Jaurlaritzak erabaki du estatus berezia izatea, 6 urteko agintaldiarekin, urte-kopuru berean luzatzeko aukerarekin, eta bere eginkizunetan ordezkatzeko berak postuari uko egin edo postuan arduragabekeria larria egin behar izatea 

Gobernu Kontseiluak, gaur, Arantza Sanabria “Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoko datuak babesteko ordezkari berri” izendatu du. Eusko Jaurlaritzak irudi berri hau sortu du, oraintsu indarrean sartu den eta Europako administrazio publiko guztietako datu pertsonalak tratatzeko eragiketen baldintzak ezartzen dituen araudi orokor berriaren eskakizunak betetzeko (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Araudia, Datu pertsonalei eta datu horiek aske zirkulatzeari dagokionez pertsona fisikoak babestekoa; horren bidez indargabetzen da 95/46/EE Zuzentaraua). 

Ordezkari berria, organikoki, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Araubide Juridikoaren Sailburuordetzari atxikita dago, baina bere lana independentzia osoz eta Gobernuaren barruan hierarkia-harremanik gabe egingo du. Funtzionamendurako estatus berezia izango du, eta bere agintaldiaren iraupena legegintzaldiena baino luzeagoa izango da. 6 urteko iraupena izango du, eta urte-kopuru bera luzatu daiteke, eta, bere eginkizunetan ordezkatzeko, berak postuari uko egin edo postuan arduragabekeria larria egin behar izango du. 

Arantza Sanabriak beste hiru pertsonak eratuko duten giza taldea izango du: aholkularitza juridikoa, informatikako aditua eta administrazio-langileen zuzkidura. 

EGINKIZUNAK 

Arantza Sanabria “Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoko datuak babesteko ordezkari berri”ak honako eginkizun hauek izango ditu: 

  • Sailek, erakunde autonomoek eta Euskadiko zuzenbide pribatuko erakunde publikoek esleitutako informazio-sistema publikoaren organo arduradunak koordinatzea eta horiei laguntzea, sistema hura garatzeko eta beharreko segurtasun-araudia prestatzeko
  • Jarduerak egiteko lan-taldeak antolatzea, besteak beste, datu pertsonalak babesteko azterlan edo txostenak prestatzeko
  • Tratamendurako organo arduradunen eta datuak babesteko gainerako agintarien arteko solaskide izatea.
  • Administrazio- eta zuzendaritza-organoei tratamendurako pertsona arduradunaren berri ematea, datuak babesteko arloan arau-hauste esanguratsuak egiten direnean. 

DATU PERTSONALEN BABESA 

Izendapen horren bidez, Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du datuak babesteko araudi berriarekin duen konpromisoa eta, bereziki, teknologia berriekin eta herritarren eta euskal administrazio publikoaren arteko harreman elektroniko berriarekin isilpeko datu pertsonalak tratatzeak dakartzan erronka berriekin duen konpromisoa. 

Aurrerantzean, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko du, uste osoz, araudi berrian adierazten den “erantzukidetasun proaktiboaren printzipioa”, eta isilpeko datuen segurtasun-neurri guztiak sendotuko ditu, euskal herritarrekin duen ohiko harremanean dituen datu pertsonalen arriskuen ebaluazio xehatuaren arabera. 

ARANTZA SANABRIA 

Eusko Jaurlaritzak Arantza Sanabria izendatu du postu horretarako, Zuzenbide Publikoan ezagutza espezializatuak dituelako eta, bereziki, datuak babesteko arloan duen 15 urteko praktikagatik. 

Zuzenbideko lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta bere lanbide-karrera ia hasieratik egon da Eusko Jaurlaritzari lotuta. 1989an hasi zen bertan parte hartzen, lankidetza-beka baten bitartez, Garapen eta Zabalkunde Zuzendaritzan eta, harrezkero, Gobernuaren aholkulari juridikoa izan da (1991ren eta 1997aren artean), dokumentazioko eta erakundeko letradun arduraduna (1997aren eta 2007aren artean) eta, gaur egun, Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzako aholkulari juridikoa da.

Eusko Jaurlaritzatik kanpo stagiaire izan zen Europako Kontseiluko Tokiko Botereen Zuzendaritzan, Estrasburgon, 1987aren eta 1988aren artean. 

Gaur egun, Arantza Sanabria Bideozaintza eta Askatasun Batzordeko eta Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroaren  (EPDPZ) Kontseilu Aholku-emaileko idazkaria da.   

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko