Berriak Segurtasuna
qrcode

Igandean, ekainaren 3an, Oiartzunen egingo da jardunean hildako ertzainak gogorarazteko eta dominak emateko urteko ekitaldia

2018-05-29

Ekitaldira bertaratzeko gonbidapena Ertzaintzaren kolektibo osoari zabaldu zaio

Datorren igandean, ekainaren 3an, Ertzaintzaren Oiartzungo egoitzan egingo da meritu bereziko jardunak egin dituzten agenteei kondekorazioak emateko eta jardunean hil diren ertzainak gogorarazteko eta omentzeko Segurtasun Sailak urtero antolatzen duen ekitaldia. Ekitaldiaren buru Iñigo Urkullu lehendakaria izango da, eta harekin batera izango dira Saileko arduradunak eta Ertzaintzako aginteak, Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburua barne.

Oiartzungo Ertzaintzaren egoitzan egingo da jardunean hildako ertzainak omentzeko, merituko jardunak egin dituzten ertzainei kondekorazioak emateko eta azken urtean zerbitzuan garrantzi handiko ekintzak egin dituzten ertzainak aipatzeko ekitaldia. Era berean, Ertzaintzarekin elkarlanean jardun duten pertsonei edo erakundeei ezaugarriak emango zaizkie.

Oraingoan, hamalau pertsonek jasoko dituzte kondekorazioak, aitorpen motaren arabera (gorria, berdea, zuria eta urdina). Hamaika ertzainek, Donostiako udaltzaingoko komisario batek, Nafarroako foruzaingoko batek eta Auzitegi Goreneko Aretoko fiskal batek jasoko dituzte ezaugarriak.

Aipamen berezia merezi du aurten Inocencio Alonso ertzainari hil ostean emango zaion ezaugarri gorriko domina. Athletic eta Moskuko Spartak taldeen arteko futbol-partidaren inguruko polizia-dispositiboaren parte zela hildako ertzainaren polizia-lana aitortu nahi da.

Aurreko ekitaldietan bezalaxe, ekitaldi berean merituko zerbitzuak egiteagatik haien espediente pertsonalean oharrak merezi izan dituzten hamaika ertzain ere aipatuko dira.

Kondekorazioak eman ondoren, eta aintzatetsitako pertsonen irakurketaren ostean, Ertzaintzaren historian jardunean hildako ertzainen omenezko eskaintza egingo da eta aurreskua dantzatuko da, ertzain horien omenezko monolitoaren aurrean.

Ekitaldira bertaratuko dira omenduko diren pertsonen familiakoak, hurbilekoak eta lankideak, eta Ertzaintzaren kolektibo osoari ere luzatu nahi zaio bertaratzeko gonbidapena, baita Ertzain eta Terrorismo Biktimen Senideen Elkarteko kideei, Ertzain Pentsiodun eta Erretiratuen Elkarteko kideei eta Ertzaintzaren sindikatuetako kideei ere.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)